Konfinamenduak txorien kantuak aldarazi zituen

Dibulgazioa · Kolaborazioak

San Frantziskon egindako grabazioek 2020ko udaberriko berrogeialdian zehar kurloiek haien kantua aldatu zutelako hipotesia berretsi dute. Inguruan zarata gutxiago izanda, txoriek frekuentzia eta bolumen txikiagoan txiokatu zuten.

COVID-19aren izurritearen ondorioz 2020ko udaberrian herrialde askotan izandako konfinamenduak zeresan ugari eman zituen herritarren artean: bat-batean, bazirudien basapiztiak hirietara hurbiltzen ari zirela, eta baziren ere esaten zutenak txorien kantua hobeto entzuten zela. Une horretan ez zegoen batere garbi hori errealitate baten isla ote zen ala gizakiaren pertzepzioa besterik ez zen.

Dena dela, adituei galdetzen zitzaienean, gehienek antzeko erantzuna ematen zuten: “Pena bat da, bai, konfinamenduak esperimentu asko egiteko abagunea ematen duelako. Baina, tamalez, ezustean harrapatu gaitu”.

Zorionez, zabala da mundua, eta konfinamenduan zehar zientzialari batzuek bai izan dute tenorea esperimentuak edota datu bilketak egiteko, aurretik jasotako datuekin alderatzeko bidea irekiz. Lehen emaitzak argitaratzen hasiak dira. Science aldizkarian argitaratutako artikulu honetan San Frantziskoko badiako (Kalifornia, AEB) kurloiei erreparatu diete. Zehazki, bertan koroa zuriko kurloi gisa ezagutzen dutenari; Zonotrichia leucophrys espezieari, alegia.

kantuak
1. irudia: Koroa zuriko kurloia (Zonotrichia leucophrys) espezian oinarritu dute ikerketa, beste urte batzuetan txori honen kantuen grabazioak zituztelako. (Argazkia: Wikimedia CommonsCC BY-SA 4.0 lizentziapean)

Elizabeth Derryberry ekologoak gidatzen duen ikerketa taldeak urteak daramatza eskualde horretan kurloien kantuak grabatzen eta haien portaera aztertzen. Zorionez, txorien kantua ez ezik, horien habitatetan sortzen diren zaratak ere jaso dituzte urte horietan. Horregatik, konfinamendua ezarri bezain laster, munduan zehar zientzialari askok zeukaten desio horri erantzun bat emateko moduan egon dira. Konfinamenduan zehar Derryberry Tennesseen (AEB) zegoen, eta ez zuen modurik ohiko landa laneko eremuetan soinu berriak jasotzeko. Baina, Jennifer Phillips ikaslea gertu zegoen, eta hari aitortu behar zaio pandemia baten erdian grabagailua eta mikrofono parabolikoa gora eta behera ibili izanaren meritua. Horrela, 2015eko eta 2016ko apirila eta ekaina bitartean grabatutako soinuak 2020ko hilabete berdinetan eta toki berdinetan grabatutakoekin alderatzeko aukera izan dute.

Lehenik eta behin, bertako zaratan izandako beherakada nabarmena berretsi dute. Munduko hiri eremu ia gehienetan bezala, azken hamarkadetan San Frantziskon zarata mailek gora egin dute, batez ere trafikoaren erruz. Bada, 2020ko udaberrian jasotako datu berriek zarata horren beherakada nabarmena erakutsi dute. Egileen arabera, pandemian zehar neurtutako zarata mailak 1950eko hamarkadan zeudenen parekoak izan dira.

Aurretik ikusia zuten denboraren poderioz txoriek ozenkiago txiokatzen zutela, eta haien kantuaren kalitatea txarrera zihoala. Konfinamenduak aukera eman die ikusteko ea benetan aldaketa horren atzean zarata antropogenikoa ote zegoen. Eta, datuen argitara, badirudi hala izan zela. Gainera, txioen aldaketa hau bereziki nabarmena izan zen hiri eremuetan. Zarataren gainenetik haien kantua bereizi ahal izateko, txoriek txio indartsuagoak egin behar dituzte, frekuentzia eta bolumen altuagoak erabiliz, eta horrek txoriek komunikatzeko duten gaitasunean eragina du. Nolabait esateko, soinuaren kalitatea alde batera utzi dute, ozenkiago txiokatzeko.

Berrogeialdia izan zen bitartean, berriz, joera honi buelta eman zitzaion: frekuentzia eta bolumen baxuagoetan txiokatu zuten, eta hori kalitatearen mesederako izan da. Egileen ustez, horrek txoriei ahalbidetu zien hobeto komunikatzea, txioek distantzia handiagoetara iristen zirelako, eta horrek ere energetikoki etekin bat suposatu zien.

Abestiak duen anplitudearen arabera ebazten dute adituek kantuaren kalitatea zein den. Eta ez pentsa ez melomanoen kontua denik. Ikertzaileen esanetan, txioen kalitatea funtsezkoa izan daiteke animalia horien biziraupenerako. Batetik, arrek emeak erakartzeko gaitasuna hobetzen dute, eta, hori, jakina, ugalketaren mesederako da. Bestetik, euren lurraldea babesteko aukera hobeagoa dute, gainerako arrak uxatzen dituelako. Funtsean, zientzialariek uste dute kantuan ahalegin gutxiago jarri behar izanagatik txoriak gehiago ahaleginduko direla lurraldea babesten eta ugaltzen.

kantuak
2. irudia: Konfinamenduari esker, San Frantziskoko trafikoa dezente moteldu zen, eta zarata mailak 1950eko hamarkadaren parekora jaitsi ziren. (Argazkia: Juanma Gallego)

Txioak baxuagoak ziren arren, bi aldiz urrunago iristen ziren. Arlo praktikoari begira, horrek lagun dezake azaltzen konfinamenduan zehar egon zen pertzepzioa: txorien txioak altuago entzuten ziren. Datuak eskura orain egiaztatu ahal izan denez, errealitatean txoriek baxuago txiokatzen zuten, baina modu txukunagoan egiten zuten, eta urrunagotik entzuten ziren, txorien kantu gehiago zaudelako ilusioa eraginez.

Ikerketaren berri ematerakoan, zientzia artikuluan jartzeko modukoa ez den baina hedabideetan kontua azaltzeko oso erabilgarria den terminoa erabili dute zientzialariek: kantu horiek sexyagoak dira.

Azkenik, harritzekoa izan da zer denbora gutxian nagusitu den txiokatzeko modu berria. Egileen ustez, emaitzek erakusten dute txoriek aldaketei egokitzeko gaitasun handia dutela. Horrek hausnarketa bat egiteko abagunea eman die. Haien esanetan, badira ingurumenaren alorrean zailagoak diren neurriak, horren ondorio azkarrak ez dituztenak. Baina, orain ikusi denez, hirietako zarata jaisteak berehalako emaitzak dakartza, eta hori biodibertsitatearen mesedean lagungarri izan daitekeelakoan daude.

Erreferentzia bibliografikoa:

Derryberry E., et al. (2020). Singing in a silent spring: Birds respond to a half-century soundscape reversion during the COVID-19 shutdown. Science, eabd5777. DOI: 10.1126/science.abd5777


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude