Isabel Morgan (1911-1996) polioaren txertoaren bidean, lehen urratsak eman zituen birologoa

Emakumeak zientzian

Zaila da norberak ezagutzen ez duenaren kontra egitea. Gatazka hori are neketsuagoa da gizateriaren osasuna modu larrian kaltetzen ari den epidemiari buru egin behar bazaio. XX. mendean, birus batek hondamendia eragin zuen, eta ez zegoen ia informaziorik haren inguruan. Gaixotasuna etxe guztietan sartu zen, familiek ez zuten besterik buruan; beldurrak eraginda, zurrumurrua ahopeka transmititzen hasia zen. Jakina zen poliomielitisak (polio ere deitua), aldi baterako paralisia edo paralisi iraunkorra eragiten zuela haurrengan, eta, batzuetan, baita heriotza ere. Birusa gorputzean sartu eta odol-fluxuaren bidez, nerbio-sisteman sartzen zen. Bada, zer zen hura? Eta nork geldiarazi zezakeen?

1. irudia: Isabel Morgan birologoa. (Argazkia: Wikipedia)

Guztiok gai gara imajinatzeko egoera hori Daniel Defoeren Diario del año de la peste eleberriari esker. Bertan, zurrumurruak eta ezjakintasuna nagusi dira, eta horiek nahasmena eta izua sortu ohi dute. Esaterako, narratzaileak kontatzen du behin emakume batek, elizan, jendez betetako banku batean eserita zegoela, usain txarra nabaritu zuela. Izurria banku jakin hartan zegoela ondorioztatu zuen, eta ondoan zegoenari bere teoria azaldu zion. Ondoren, zutitu eta alde egin zuen emakumeak. Jakina, zurrumurruak aise bete zituen elizako zoko-moko guztiak. Denak irten ziren elizatik jakin gabe zer demontre zen eliza horretan zegoen gauza kaltegarria.

Poliomielitisaren kasuan, zurrumurru horiek isilarazteko, birusaren jatorria eta garapena ezagutzeko, eta, modu berean, epidemia hori desagerrarazteko, ikertzaile talde askok oso gogor lan egin zuten txerto antipoliomielitikoa aurkitzeko. Besteak beste, Johns Hopkins Unibertsitateak egindako lana da azpimarratzekoa. Bertan, Isabel Morgan birologoak jardun zuen, David Bodian eta Howard Howe zientzialariekin batera. Hark sortu zuen poliomielitisaren aurkako txerto esperimentala, tximinoetan probatu zutena. Lana funtsezkoa izan zen, 1955ean Jonas Salkek erabilera orokorreko txertoa aurki zezan (Espainian ez zen 1964ra arte merkaturatu).

XX. mendean izurik handiena eragin zuen gaixotasunetako bat izan zen poliomielitisa. Espainian, 1956 eta 1963 artean haurrak izan ziren kaltetuenak; 12.000 ezintasun fisiko larri eta 2.000 hildako inguru eragin zituen. Hala ere, epidemiaren punturik gorenena Estatu Batuetan jazo zen, 1952an, non 60.000 kasu atzeman eta 3.000 heriotza baino gehiago izan ziren. Munduko gainerako herrialdeen egoera ez zen hobea; besteak beste, iparraldeko herrialdeetan, Erdialdeko Europan eta Britainia Handian ere kasuak izan ziren.

Lehenengo ikerketak

Isabel Morgan, 1933an Fisiologia eta Medikuntzako Nobel Saria irabazi zuen Thomas Hunt Morgan genetistaren alaba, Stanfordeko Unibertsitatean graduatu zen. Bakteriologiako doktoregoa Pennsylvaniako Unibertsitatean egin zuen eta ondoren Rockefeller Institutuan ikertzaile gisa lan egin zuen. Bere lankideek baino gutxiago kobratzen zuen, batik bat, emakumea zelako. Desagerrarazi nahi zuen epidemia bezain iraunkorra zen diskriminazioa.

Isabel Morgan
2. irudia: Polioaren aurkako txertoaren aurkikuntzari buruzko berriak (Argazkia: March of Dimes – erabilera publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Bere maisuetako batzuek zioten Morganek ikertzen zuenean beti bide berriak bilatzen zituela. Zientziarako zuen talentua aski ezaguna zen. Johns Hopkinsen lanean hasi zenean, 1944an, esperimentuak egin zituen birusari buruz gehiago jakiteko asmoz. Bere taldea gai izan zen poliobirusaren sarrera digestio-aparatua zela zehazteko, nahiz eta momentu hartan uste zuten gakoa arnasbidea zela. Era berean, hiru birus mota zeudela ohartarazi zuen, eta gaixotasunaren garapenean fase “biremiko” bat zegoela frogatu. Birusa odoletik nerbio-sistema zentralera hedatzen denean gertatzen da hori, hain zuzen. Dorothy Horstmannekin egindako elkarlanari esker lortu zuten informazio hau guztia.

Ikerketan garatutako txerto esperimentalaren emaitzak itxaropentsuak izan ziren: tximinoek eutsi egin zieten poliobirus biziaren kontzentrazio handiko injekzioei. Gerora, Jonas Salkek poliomielitisaren aurkako lehen txertoa garatu zuen, eta hala, ospetsu egin zen. Alabaina, jendeak ahaztu zuen lehen entseguak Isabel Morganek egin zituela. Hasieran ematen diren urrats txikiak azken jauzia bezain garrantzitsuak dira, ezbairik gabe.

Eten egin zen karrera zientifikoa

Gogorra da erretiroa hartzea nolabaiteko ospea lortzen duzunean, eta Isabelek ikerketa bertan behera utzi zuen arrakastarik handiena lortu zuenean. 1949an Joseph Mountainekin ezkondu zen, New Yorken lan egiten zuen Air Forceko koronel batekin. Bikotea Westchesterrera joan zen bizitzera, eta bertan haren familia zaintzea erabaki zuen. Lana utzi zuenean, beste inork ez zuen bere ikerketekin jarraitu.

Isabel Morgan
3. irudia: Polio Hall of Fame. Ezkerretik eskuinera: Jakob Heine, Karl Oskar Medin, Ivar Wickman, Karl Landsteiner,
Thomas Milton Rivers, Charles Armstrong, John R. Paul, Albert Sabin, Thomas Francis Jr., Joseph L. Melnick,
Isabel Morgan, Howard A. Howe, David Bodian, John F. Enders, Jonas E. Salk, Franklin D. Roosevelt eta Basil O’Connor. (Argazkia: March of Dimes – erabilera publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Handik aurrera, ez dago Morganen informazio askorik: Columbiako Unibertsitatean bioestatistikako masterra egin zuen eta Manhattaneko Memorial Sloan-Kettering cancer Centerren (MSK) aholkulari zientifiko gisa aritu zen. Utzitako ondareari dagokionez, Georgiako Roosevelt Warm Spring Institute for Rehabilitation delakoan irudikatuta dago Morgan; poliomielitisa ikertu zuten bere kideekin batera agertzen da busto batean, The Polio Hall of Famen.

Iturriak:


Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude