Salernoko Trotula (1110-1160): Europako obskurantismoa abolitu zuen lehen medikua

Uxue Razkin

Deus lo vult! (Jainkoak nahi du!) oihuarekin deitu zuen Lehenengo Gurutzadara Urbano II.a aita santuak Lurralde Santuan kristauen kontrola berrezartzeko asmotan. Gerra egiteko deia berehala zabaldu zen, gaixotasun epidemiko bat bailitzan. Gurutzadak gorenean zeudenean –guztira zortzi izan ziren, 1095etik 1270era bitartean banatuta– Italiako hegoaldeko kostaldeko hiri batean, argia ikusi zuten, eta irtenbidea, modu berean: Scuola Medica Salernitana sortu zuten, Europako lehenengo medikuntza-eskola laikoa izan zena.

Une hartan, obskurantismoa Europa estaltzen zuen burusia zen, baina jendartean ezjakintasuna zabaltzeko aitzakia zuen ideologia deuseztatzea lortu zuten. Kondairak dio lau fundatzailek eraiki zutela eskola, nagusi ziren kultura desberdinak batzen zituen ezagutza-iturri handienetakoa sortuz. Ez zen bazterketarik egin, tokia zegoen guztiontzat. Lau horma horien barruan kultura judutarra, grekoa, arabiarra eta latindarra zeuden, bizikidetza posible zela erakutsiz.

Irudia: Salernoko Trotula (John William Waterhouse margolariaren lana).

Jakina da Erdi Aroan emakumeak ezin zirela medikuntza arloan aritu –umeen zaintza eta obstetrizia salbu– ezta ikasle izan. Salernoko Eskolak, bada, aukera ematen zien emakumeei, gizonekin batera, bertan edozein irakasgai ikasteko (eta ondoren irakasteko). Bost emakume gailendu ziren ikasgeletan: Trotula, Salernitana, Constanza Calenda, Rebeca eta Abella. Horiek izan ziren Salernoko Emakumeak (Mulieres Salernitanae).

Trotula Ruggiero, gaurko protagonista, Salernoko Medikuntza Eskolan ikasi eta ondoren irakasle aritu zen lehen medikua izan zen. 1110. urtean jaio zela pentsatzen da. Obstetrizian, ginekologian eta emakumeen gaixotasunetan espezializatu egin zen. Informazio gutxi dago emakume honen inguruan; bere existentziaz duda egin dute, fikziozko pertsonaia zela pentsatu dute batzuek eta berak idatzitako obran ez da bere sinadurarik inoiz agertu. Salernoko Eskola fundatu zuen gizonezko baten emakumea zela diote adituek, Johannes Platearius, hain zuzen, gerora Trotularen obra sinatuko zuena.

Bere obra nagusiak

Aurretik aipatu moduan, lehen Medikuntza Eskola laikoan ikasi zuen eta ondoren, irakasle izan zen bertan. Liburu anitz idatzi zituen, ginekologia eta obstetrizia jorratuz horietan. De passionabus mulierum curandurum (emakumeen gaixotasunak), Trótula maior izenaz ezagututa, De curis mulierum (emakumeen sendabidea) eta De ornatu mulierum (emakumeen kosmetika) dira idatzi zituen obra nagusien izenak. Medikuntzarako testu bezala erabili ziren XVI. mendera arte. Bere libururik ezagunena Trotulae curandurum aegritúdinem mulierorium ante et post partum da, 60 kapituluz osatuta. Bertan, hilekoaz, kontzepzioaz, haurdunaldiaz, emakumeen gaixotasunez eta erditzeaz mintzo zen.

Bere pentsamoldea aitzindaria izan zen Erdi Aroan. Antzutasun tratamenduez, esaterako, behin baino gehiagotan azaltzen zuen sortze-modua emakume zein gizon baten akatsa izan zitekeela. Horretaz gain, erditzeak zekarren mina jatorrizko bekatuan Evak izan zuen jokabideagatik zela zioen pentsamendu erlijiosoak eta Trotulak horren kontra egiten zuen beti. Ideia horri jarraiki, emakumeei opiazeoak ematen zizkien erditzean mina arintzeko asmotan, praktika hau legez kanpokoa bazen ere.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>