Mikrobiota orekan: hobeto elikatzeko zientzia

Ekitaldiak

Gure heesteetan bilioika mikroorganismo bizi dira, pertsona bakoitzaren ekosistema berezi bat osatuz: mikrobiota. Mikroorganismo horiek gure gorputzak digeritu ezin duen zuntza deskonposatzen laguntzen dute, immunitate-sistema entrenatzen dute eta garunarekin komunikatzen dira. Ariketa fisikoa egiteak eta elikadura askotarikoa eta osasungarria izateak ekosistema hori zaintzen laguntzen dute. Hala ere, zenbait faktorek, hala nola zuntz gutxiko elikadurak, beharrik ez dagoenean antibiotikoak hartzeak, estresak edo lo faltak, mikrobiotaren osaera eta funtzionamendua alda ditzakete.

Hesteetako mikrobiota zaintzeko gako batzuk ezagutarazteko, Laura Arellano, EHUko Farmazia Fakultateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko ikertzaileak, “Microbiota en equilibrio: ciencia para alimentarse mejor” (Mikrobiota orekan: hobeto elikatzeko zientzia) hitzaldi-solasaldia emango du. Saioa abenduaren 1ean, asteartean, 18:30ean, egingo da Iurretako Herri Liburutegian.

Hitzaldian, mikrobiotari buruzko hainbat galderari erantzungo die Arellanok: zer den eta nola sortzen den, zein den bere eginkizuna gure osasunean, zer faktorek desoreka dezaketen eta zer jan beharko genukeen hura zaintzeko. Horrez gain, ebidentzia zientifikoan oinarritutako elikadura-gomendioak emango ditu: besteak beste, mota ezberdinetako zuntzak kontsumitzea, barazkiak sartzea dietan, baita elikagai hartzituak zein prolifenolak ere. Azken hauek landare-jatorriko konposatu kimikoak dira, eta propietate antioxidatzaileak eta antiinflamatorioak dituzte.

Era berean, prebiotikoen, probiotikoen eta postbiotikoen arteko desberdintasunak azalduko ditu, eta hesteetako mikrobiotaren inguruan zabalduta dauden mito batzuk argituko ditu. Horretarako, frogatutako emaitzak eta ikertzeke dagoena bereiziko ditu.

Jarduera EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Iurretako Udal Liburutegiak elkarlanean antolatzen duten Agora, ezagutzaren plaza hitzaldi-zikloaren barruan dago. Saioa gaztelaniaz izango da, eta sarrera librea eta doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman behar da biblioteka@iurreta.eus helbidera e-mail bat bidaliz edo 946 812 726 telefonora deituz.

Hizlaria

Laura Arellano García Nutrigenomikan eta Nutrizio Pertsonalizatuan doktorea da EHUn. Gaur egun, EHUko Farmazia Fakultateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak sailean eta Biosistemak Osasun Sistemen Ikerketa Institutuan ikertzailea da. Bere ikerketaren helburua da elikadurak eta hesteetako mikrobiotak osasunean zer eragin duten ulertzea, eta ezagutza hori ohitura osasungarriagoak sustatzeko nola erabil daitekeen aztertzea.

Mikrobiota orekan: hobeto elikatzeko zientzia

Hasiera data
Amaiera data
Ordutegia
18:30etatik 19:30etara
Tokia
Iurretako Herri Liburutegia
Helbidea
Bidebarrieta kalea, 4., Iurreta

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.