María Teresa Dova, “Jainkoaren makina” sortzen lagundu zuen fisikari argentinarra

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

5 min

María Teresa Dova, “Jainkoaren makina” sortzen lagundu zuen fisikari argentinarra

Energia altuen fisikari egindako ekarpenei esker, Higgsen bosoia deskubritzeko eta karakterizatzeko balio izan zuen “Jainkoaren makina” sortzen eman zuen laguntzaren bidez, eta izpi kosmikoak aztertzen egindako lanarekin batera, pasaden urtean UNESCOren L ‘Oréal Nazioarteko Saria Latinoamerikako eta Karibeko Zientzietako Emakumeei 2025 irabazi zuen. María Teresa Dova (1959) argentinarra espezialista da partikulen fisikan, belaunaldi berriak inspiratzen ditu, eta berari esker bere herrialdeak munduko fisika esperimentalean toki nabarmena lortu du.

Duela gutxi irabazi duen saria 1998an sortu zen; planetako bost eskualdetako emakumezko zientzialari nabarmenak aitortzen ditu urtero, eta pasa den urteko ekainaren 12an banatu zen UNESCOren Parisko egoitzan.

Dova
1. irudia: María Teresa Dova ikertzailea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Fisika eta musika, bere bi pasio handiak

Teresa 1959ko irailaren 21ean jaio zen Albertin, Buenos Airesko probintzia argentinarrean. La Plata Unibertsitate Nazionaleko Zientzia Zehatzen Fakultatean Fisikako Lizentziatura ikasi zuen, eta bertan doktoratu zen 1988an.

Hurrengo urtean, doktorego osteko beka bat lortu zuen, eta Europara bidaiatu zuen L3 esperimentuaren hasieran ikasketak egitera. L3 eredu estandarreko fisika aztertzeko diseinatutako detektagailua da, eta Samuel Chao Chung Tingek (1976ko Fisikako Nobel Saria) zuzendu zuen, Ikerketa Nuklearrerako Europako Erakundean (CERN, ingelesezko sigletan). Bertan hasi zen bere karrera energia handiko fisika esperimentalean.

Bere herrialdera itzuli zen 1992an, eta ikasi zuen unibertsitatean, La Platako Unibertsitate Nazionalean, irakasle eta ikertzaile gisa sartu zen. Horrez gain, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoen Kontseilu Nazionaleko ikertzaile nagusi (CONICET) izan zen, eta ordutik zuzentzen duen energia altuen fisika esperimentaleko fisika taldea sortu zuen. Bere espezialitateak fisika, oinarrizko partikulak, energia handiak eta erradiazio kosmikoa dira.

Musika ikasi zuen, eta, instrumentua hautatzea egokitu zitzaionean, pianoaren alde egin zuen. Bere hitzetan, musikaren eta fisikaren artean (bere bi pasioak) puntu erkide asko aurkitu zituen:

Biak dira sormenaren ondorio, ez soilik pertseberantziarenak. Adibidez, Bachen fugetan, errepikatu eta korapilatzen den zerbait dago, eta, horren ostean, aparteko obra hori sortu egiten da. Eta, azken finean, hori da egiten dudana (gaur egun): funtsezko osagaiak aztertzea, gure unibertso primitiboko hamabi partikula horiek, gaur egungo unibertso konplexua sortzen joan zirenak.

“Jainkoaren makina”

Dova 2005etik da Argentinako ikerketa taldearen liderra CERNek sortutako ATLAS proiektuan. Hadroien Talkagailu Handiaren (LHC, ingelesezko sigletan) helburu anitzeko detektagailuetako bat garatzen lan egin zuen, eta hori fisikaren historiako esperimentu erabakigarria izan zen. LHC munduko partikula azeleratzaile indartsuenetako bat eta gizakiak eraikitako makinarik handiena da.

Besteak beste, Higgs bosoia bilatzeko diseinatu zen, 2012an aurkitutako funtsezko partikula. Partikula horrek partikula azpiatomikoek masa nola lortzen duten azaltzeko balio du, eta ezinbestekoa da materia forma desberdinak daudela ulertzeko. Horrela deitu zuten Peter Higgsen omenez, 1964an hura deskribatu zuen lehen zientzialaria.

Dovaren lana ezinbestekoa izan zen talka egin aurretik energia handiko partikulak argiaren abiaduratik hurbil mugiarazten dituen esperimentu horretan. “Jainkoaren makina” gisa ezaguna da, aukera ematen duelako talka osteko esku hartzea nolakoa den aztertzeko, unibertsoaren jatorriari eta egiturari buruzko erantzunak bilatzeko.

Dova
2. irudia: María Teresa Dova ikertzailea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Hala ere, Dovak zalantzan jartzen du horrek unibertsoaren jatorria zehatz-mehatz azaltzen duenik. “Guk ikertzen dugunak Big Bangaren osteko segundo frakzioetan zeuden baldintzak emulatzen ditu. Aurkikuntza horrek ezagutzaren arloan duen eragina ikaragarria da; izan ere, partikulek masa lortzeko erabili zuten mekanismoa da, atomoak eta molekulak sor zitezen ahalbidetuz, eta, horren ostean, planetak eta galaxiak”, argudiatu du.

Munduaren amaieraren izpi kosmikoen behatoki bakarraren beharrezko partaidea

Dovak mundu mailako fisikari egindako funtsezko beste ekarpen bat 1990eko erdialdean eratzen hasi zen. Zientzialariak James W. Cronin fisikari estatubatuarrak (1980ko Fisikako Nobel Saria) deitu zuen, Pierre Auger behatokia sortzen parte har zezan, energia handiko izpi kosmikoak aztertzeko diseinatutakoa. Hamazazpi herrialdek batera egindako ekimena da, eta gaur egun laurogeita hamar erakundetako laurehun zientzialari inguruk parte hartzen dute ekimen horretan. Pampa Amarilla izeneko leku batean kokatuta dago, Mendoza probintziaren hegoaldean, Argentinako mendebaldean. Azkenik, 1999an eraikitzen hasi zen, eta ofizialki 2008ko azaroaren 14an inauguratu zuten.

Horrelako ikerketetarako sortutako lehen esperimentua da munduan, eta haren helburua da energia handiko izpi kosmikoen euriteak behatzea, zenbait galdera erantzuten saiatzeko, hala nola: nondik datoz?, zer nolako partikulak dira?, nola heltzen dira lurrera horrenbesteko energia dutela?

Zientzialari argentinarrak ikerketa garrantzitsuak egin zituen energia ultrahandiko izpi kosmikoak (UHECR) galaxiarteko ingurunean hedatzeari eta izpi kosmikoen konposizioari buruz. Gainera, proiektuan izan zuen partaidetzak La Platako Unibertsitate Nazionala nazioarteko esperimentura sartzea eragin zuen.

2001ean, Auger Proiektuaren Zuzendaritza Kontseiluko presidente aukeratu zuten. Batzorde hori hamazazpi herrialde partaideetako 49 ordezkarik osatzen dute. 2006ra arte berraukeratu zuten.

Mundu mailako fisika esperimentalari eta emakume zientzialarien ikusgarritasunari egindako ekarpenak

Zientziaren historian nabarmenak eta bakarrak izan diren nazioarteko proiektuetan lagundu duten ikerketak egin ditu, hala nola Pierre Auger Behatokia sortzea eta Higgs bosoiaren bilaketa eta karakterizazioa, dagoeneko aipatu bezala. Gainera, “fisika berriaren” bilaketan lan egiten du (hala nola materia iluna eta supersimetria), eta erakutsi du posiblea dela kalitatezko zientzia egitea, bere herrialdeko krisi ekonomikoak gehien eragin duen arloetako bat bada ere.

Emakumeek fisikan eta beste ikerketa jarduera batzuetan duten rolari dagokionez, hauek egiten dutena erakusteko ideia defendatzen du Dovak. “Ikusarazi behar da, zientzian eta teknologian norbaitek lidergo posizio bat erabaki behar duenean, emakume zientzialarien lorpenei eta ekarpenei buruzko ebidentzia izugarria izan dadin”, azaldu du.

Iturriak:


Egileaz:

Analía Boggia Komunikazio Sozialean lizentziaduna, kazetaria, irakaslea eta dibulgatzailea da. Egun, Ikerketa Zientifikoko Komunikazio Sozialari buruzko Master ofiziala egiten ari da Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025ko uztailaren 18an: “María Teresa Dova, la física argentina que colaboró en la creación de “la máquina de Dios”“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.