Asteon zientzia begi-bistan #191

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Astronomia

Aurora taupakarien sorreraren mekanismoa argitzea lortu dute zientzialariek. Nola sortzen dira argi ikusgarriak? Testuan azaltzen zaigu: Eguzki haizeak bidalitako partikulak Lurraren eremu magnetikoaren poderioz planetara inguratzen dira, eta “autobide” magnetiko horren bitartez atmosferara heltzen dira. Bertan dauden molekulen aurka jotzen dutenean sortzen dira. Aurora horiek, baina, ez dira mota bakarrekoak. Taupakariak, esaterako, poloen inguruan izan ohi den fenomeno ezagunaren aldaera bereziak dira. Ohiko aurorekin alderatuta, taupakariek aldizkako taupadak marrazten dituzte zeruan. Japoniako, Taiwango eta Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaileek lehenengo aldiz aurora horiek nola sortzen diren deskribatu ahal izan dute: eremu magnetikoan dauden elektroien eta eguzkitik datorren plasma uhinen arteko elkarrekintzaz abiatzen da fenomenoa, magnetosferan.

Eguzki ekaitzen sorreraren atzean dauden mekanismoak argitu dituzte heliofisikariek. Funtsean, eguzkiaren eremu magnetikoaren bat-bateko berrantolaketa bat izaten denean sortzen dira eguzki ekaitzak. Artikuluaren egileek azaldu dutenez, garatu duten ereduari esker, hemendik aurrera aukera egongo da eguzkiaren eremu jakin batean askatu ahal izango den gehienezko energia potentziala kalkulatzeko. Espazioan diren behatokiei esker, uhin luzera guztietan eguzkia aztertzeko aukera dago.

Biologia

Eskonbridoen artean tunidoak dira fisikoki ahaltsuenak. Gainerakoekin konparatuz gero, atunen giharreria eta gainerako eskonbridoena ez da oso desberdina. Dena dela, muskuluen metabolismoari buruz ariko bagina, tunidoek erakusten duten ezaugarri bat oso berezia da gainerakoekin konparatuz gero. Testuan azaltzen digute ezaugarri bereizgarri hori ez dela metabolikoa, fisiologikoa baizik; “hau da, ez dagokio zelulen organuluen funtzionamenduari, sistemaren funtzionamenduari baino”. Zein da giltzarria orduan? Gihar gorrien tenperatura inguruko itsas urarena baino 10 °C altuago mantentzen dutela tunidoek. Horren kariaz, beste eskonbrido guztiek baino jarduera-maila altuagoa garatu dezakete. Gihar-jarduerak sortzen duen beroa gordetzeko edo ez galtzeko ahalmena dute.

Sustatuk Current Biology aldizkarian argitaratuko ikerketa bat dakargu. Azaldu dutenez, 1999-2015 bitartean munduko orangutanen erdia desagertu da. Guztira 100.000 orangutan gutxiago daude munduan XXI. mendea hasi denetik. Datozen 20 urteotan egoerak ez du hobera egingo: oraingoen erdia desagertuko da. Desagertu diren gehienak gizakiak hil ditu. Halere, palma-olio landaketak ere arazo dira. Azken bi hamarkadetan Indonesiako basoen zati handia desagertu da palma-olio landaketak ezartzeko.

Emakumeak zientzian, klima-aldaketa

Uxua Lopez telekomunikaziotako ingeniaria da eta espedizio batean dabil orain Antartikan, 80 emakume zientzialarirekin batera. Emakumeen lanari ikusgarritasuna ematea da lehen urratsa. Bigarrena, klima-aldaketaren inguruan erabakiak hartzen diren guneetarako bidea irekitzea. Uxuak duela bi urte ziber-segurtasun graduondoa egin zuen eta industriarako kontrol sistemak kudeatzea da bere espezialitatea. Antartikako espedizioari dagokionez, azaltzen du urtero 80 emakume aukeratzen dituztela STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) alorrekoak. Klima-aldaketari buruz, tartean, honakoa dio: “Izotza desagertuz gero munduaren topografia alda liteke, izan ere lur zati batzuk ur azpian geratuko lirateke eta beste batzuk oso bero bilakatuko lirateke. Itsas mailaren igoera kezkagarria gertatzen ari da, itsas eta haize korronteak desberdinak dira, itsas ekosistemak aldatzen dira eta denok pairatzen ditugu ondorioak”.

Informatika, matematika

Wikipediako artikuluak idazten irakatsi nahi diote robot bati. Algoritmo bat garatzen ari dira Google Brain egitasmoaren barruan. Wikipediako hainbat artikulu aztertu, eta behin eta berriz errepikatzen diren egiturak berridazteko gaitasuna garatu nahi dute. Hau da, robot horri erreferentziakoak diren testuak ematea eta hura gai izatea eduki hori laburbiltzeko. Lortu diren emaitzak ez dira txarrak. Jakin nahi duzu nola “ikasten” duen robotak? Jo ezazue Adimen Artifiziala erabiliz Wikipediako artikuluak idazten irakatsi nahi diote robot bati artikulura!

Ingeniaritza, energia berriztagarriak

Egunaren eta gauaren arteko tenperatura-aldea baliatuta elektrizitatea sortzen duen sistema berritzaile bat aurkeztu dute Massachusetts Teknologia Institutuko ikertzaileek (MIT). Nahikoa da 10 ºC-ko aldea eta ez du zertan aldi berean izan, ez du bateriarik behar ezta eguzkia ere. Horrelako sistema bat egiteko, beroa ondo garraiatu eta ondo metatzen duen material bat behar zuten. Arazoa da garraiatzaile onak ez dutela ondo metatzen, eta alderantziz. Azkenean, hiru material elkartu dituzte: kobrezko edo zinkezko metal-apar bat, grafeno-geruza batean bilduta, eta oktadekano izeneko argizari batean sartuta.

Kimika

MOF polimero metal-organikoak porotsuak dira eta ezaugarri hori da iraultza sorrarazi duena material porotsuen munduan. Porositate itzelak (bolumen hutsak: % 90 arte) eta ikaragarrizko barne-azalerak (gaur egungo marka 7000 m2/g-tan kokatzen da) dauzkaten konposatu kristalinoak dira. Hain zuzen ere, MOF-ak estekatzaileen eta nodoen arteko loturen (koordinazio-loturen) ondorioz eratzen diren egitura molekularrak dira. Bere natura hibridoak propietate anitzak jorratzeko aukera ematen die; hidrogeno eta metano gasen biltegi molekular gisa erabil daitezke, hala nola gas kutsatzaileen adsorbatzaile selektibo gisa, esaterako. MOF konposatuek dituzten propietate anitzak direla eta, haien gaineko ikerkuntzak etorkizuneko material adimendunekiko begirada islatzen du.

Medikuntza

Zer dakigu minbiziaz? Minbiziaren markak artikuluan minbiziaren ezaugarri orokorrak deskribatu dituzte. Minbizi-zelulek mugarik gabe erreplikatzeko gaitasuna eskuratzen dute eta hilezinak bilakatzen dira. Horrez gain ehunak inbaditu eta metastasia aktibatzeko gaitasuna dute. Horrek guztiak energia eskatzen du, jakina. Horrela, beharrizan horiek asetzeko, angiogenesia sustatzeaz gain, metabolismo energetikoa birprogramatzen dute tumore-zelulek. Bada, tumore batean bakarrik dira protagonistak minbizi-zelulak? Tumorearen mikroinguruan hainbat zelula ezberdin daude eta tumore-zelulekin izandako elkarrekintzak nabarmen baldintzatzen du minbiziaren bilakaera. Horregatik abiatu dira azken urteotan tumorearen mikroinguruaren ikerketa andana bat.

Paleontologia, paleoantropologia, eboluzioa

Penintsulako hiru kobazulotan –La Pasiega (Kantabria), Matravieso (Cáceres) eta Ardales (Málaga) – dauden horma-irudiak Neandertalek egindakoak direla frogatu dute. Hain zuzen ere, Europan ezagutzen diren horma-irudi zaharrenak gizaki modernoa Afrikatik Europara iritsi baino 20.000 urte lehenagokoak edo are zaharragoak direla frogatu dute nazioarteko ikertzaileek. Gorriz eta beltzez margotutako animaliak, zeinu klabiformeak, puntuak, eskuen negatiboak… Irudi horien gaineko karbonato-geruza datatuta jakin dute gutxienez 64.800 urte dituztela. Horretaz gain, beste ikerketa batean, Cueva de los Aviones eta Cueva Antón (Murcia) haitzuloetako maskorrak ere aztertu dituzte. Ikerketak erakutsi du zaharrenek 115.000 urte dituztela. Hauek ere neandertalek egin zituzten. Azkenik, La Ferrasie-1 (Dordoina) kobazuloan, neandertal hezurduratik informazio berria jaso du nazioarteko talde batek, UPV/EHUko Asier Gomez-Olivenciak gidatzen duena. 1901ean aurkitu zuten hezurdura eta 40.000-54.000 urte inguru ditu. Ia osorik dagoenez, oso baliagarria izan da neandertalak ezagutzeko.

Aurkitutako munduko artelanik zaharrenei buruz aritu dira Sustatu agerkari digitalean. Aurkikuntzaren ondorioak oso sakonak dira. Ikertzaileek uste dute duela 80.000 urte lurrean zeuden 5 espezieak (Homo sapiens, Homo neanderthalensis, Homo floresiensis, Homo erectus eta denisovako gizakia) espezie berbera zirela.

Psikologia

Familiako giro emozionala kalitatekoa izatea beharrezkoa da lehen haurtzaroko garapen kognitiboan eragina duelako. Hori ondorioztatu du ikerketa batek. Bi urteko haurren familia ingurunearen kalitatea eta faktore soziodemografikoak ebaluatu ditu ikerketa honek eta aztertu du nola eragiten duten garapen kognitiboan lau urte dituztenean.Lortutako emaitzek agerian utzi dute gurasoen eta seme-alaben artean kalitate handiko elkarrekintza sozioemozionala duten familiak direla aldi berean garapen kognitibo eta linguistikoa estimulatzeko gaitasun handiena dutenak. Lortutako emaitzak gidari izan daitezke haurren garapen kognitiboaren sustapena sendotzen duten hazkuntza-programak sortzeko.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.