Atunen berogailua

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten

———————————————————————————————————–

Eskonbridoak etengabe igeri egiteko ahalmen handiena duten arrain teleosteoak dira. Beste zenbaiten artean, atunak eta berdelak dira talde horretako kideak. Iraupen laburreko ahalegin handiak egiteko gai dira, giharreria zuri[1] indartsuari esker. Baina beste teleosteoekin erkatzen baditugu, haien gihar gorriak[2] ere oso ahaltsuak dira. Gihar gorriei esker egin dezakete igeri horren distantzia luzeetan.

Eskonbridoen artean tunidoak dira, alde handiarekin gainera, fisikoki ahaltsuenak. Igerilari apartak, oso distantzia luzeak egiten dituzte lastertasun handiz. Harrigarria bada ere, atunen giharreria eta gainerako eskonbridoena ez da oso desberdina. Izan ere, ezin liteke alde handiegirik izan eskonbrido desberdinen gihar-ahalmenen artean. Adituen iritziz arrain multzo horren giharren ezaugarri metabolikoak nekez hobetu litezke, oso egokiak baitira lan handia eta eraginkorra garatzeko. Kasik ez dago, beraz, hobetzeko tarterik. Baina muskuluen metabolismoari dagokionez batzuk eta besteak antzeko samar badira ere, oso berezia da tunidoek erakusten duten ezaugarri bat, eskonbridoek eta gainerako arrainek erakusten ez dutena. Ezaugarri bereizgarri hori ez da metabolikoa, fisiologikoa baino; hau da, ez dagokio zelulen organuluen funtzionamenduari, sistemaren funtzionamenduari baino.

Gihar gorrien tenperatura inguruko itsas urarena baino 10 °C altuago mantentzen dute tunidoek. Horixe da ezaugarri gakoa. Beste eskonbrido guztiek baino jarduera-maila altuagoa garatu dezakete giharraren tenperatura horri esker. Esan bezala, gihar gorriak dira beroago daudenak, ez beste gihar- edo gorputz-atalak. Azken batean, tunidoek egiten dutena eta animalia homeotermoek egiten duguna, nonbait, ez da oso desberdina, baina tunidoak noski, ez dira homeotermoak.

Gihar-jarduerak sortzen duen beroa gordetzeko edo ez galtzeko ahalmena dute, eta horri zor zaio, hain zuzen ere, tenperatura altuagoa mantendu ahal izatea. Rete mirabile (sare miragarria) latinezko izena duen zirkulazio-sistemaren gailu berezi bati dagokio atunen ahalmen hori. Gailu horri esker, brankietatik datorren odol hotza berotu egiten da giharretara heldu baino lehen. Ibilbide horretan arteria-odolak irabazten duen beroa kontrako noranzkoan doan beste odol batek galtzen du. Giharretatik igaro berria den zain-odola da beste odol hori; zain-odola bero dago, muskuluaren metabolismo-jarduerak sortu duen beroaren eraginez, eta gihar gorrietatik irteten denean arteria txikietatik datorren odolari ematen dio berotasuna. Odol-hodiak, zainak eta arteriak, elkarren ondoan daude, eta kontrako noranzkoan mugitzen dira barruan daramaten zain- eta arteria-odolak. Odolak (edo beste edozein fluidok) zirkulatzeko era horri “korrontearen kontra” deitzen zaio, eta horri esker lortzen da bi azpisistemen arteko bero-transferentzia ahalik eta handiena izatea.

Korrontearen kontrako trukatzailea dugu rete mirabile. Bera bezalako zenbait trukatzaile fisiologiko daude animalietan, eta beroa, ioiak edo arnas gasak eta abar trukatzeko erabiltzen dira. Korrontearen kontrako trukatzaileak oso erabiliak dira instalazioetan eta lokaletan tenperatura konstante mantendu ahal izateko, eta ingeniariek giza adimenak sortuak direla uste duten arren, naturak sortu zituen duela milioika urte.

Orain arte emandako azalpenetatik ondoriozta daiteke tunidoek badutela endotermiarako ahalmena; hau da, barne-jatorria duen beroa gordetzeko gai dira eta bero horri esker igo dezakete gorputz-atal baten tenperatura. Oso antzekoa da animalia endotermook egiten duguna, geure metabolismoaren emaitza den beroari esker egon baikaitezke bero. Antzekoa da, bai, homeotermook egiten duguna eta atunek egiten dutena, baina ez berdina: homeotermook konstante[3] mantentzen dugu barne-tenperatura eta atunek euren gihar gorriak kanpo-medioa baino apur bat beroago mantentzea lortzen dute. Lorpen txikia dirudi, baina lorpen horri esker dira igeri egiteko makina ahaltsuak atunak. Eta lorpen hori bi ezaugarriri esker da posible: gihar-metabolismoaren berogailua bata, eta berogailu horrek sortzen duen beroa ez galtzeko sare miragarria bestea.

[1] Gihar zurien ezaugarriak: uzkurtze azkarrekoak, anaerobikoak, berehala nekatzen dira.

[2] Gihar gorrien ezaugarriak: astiro uzkurtzen dira, aerobikoak, mitokondrio askokoak, ondo odololeztatuak, ez dira erraz nekatzen.

[3] Ez beti eta ez guztiz konstante, eskualde-heterotermia deritzon gertaera oso arrunta baita animalia homeotermoetan.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #191 - Zientzia Kaiera

[…] ariko bagina, tunidoek erakusten duten ezaugarri bat oso berezia da gainerakoekin konparatuz gero. Testuan azaltzen digute ezaugarri bereizgarri hori ez dela metabolikoa, fisiologikoa baizik; “hau da, ez dagokio zelulen […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>