Arizonako erbia

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Beroa

———————————————————————————————————–

Harrigarria bada ere, elefanteak ez dira beroa barreiatzeko belarriak erabiltzen dituzten animalia bakarrak. Arizonako basamortuan bizi den Lepus generoko erbiak, beste erbiek bezala, belarri luzeak ditu, oso luzeak. Eta elefanteak egiten duen legez, beroa galtzeko erabiltzen ditu. Izan ere, odol-hodien dentsitatea oso handia da Lepus horren belarrietan: arrosa kolorekoak dirudite odolaren eraginagatik.

arizonako erbia

Irudia: Bizi-baldintza gogorretan bizi dira Arizonako basamortuan animaliak. Erbiak, esaterako, beroa altua dela eta, hau barreiatzeko behar handiak ditu.

Harrigarria dela esan dugu erbia -bistan da hori- elefantea baino askoz ere txikiagoa delako; beraz, elefanteen belarrien tamaina azaltzeko erabili dugun arrazoiak ez du balio erbiaren kasuan. Arizonako basamortuko baldintzak, seguru asko, oso gogorrak dira ­udan batez ere­ eta erbiaren bizimodu aktiboa dela-eta, beroa barreiatzeko behar handiak dituela pentsatu behar da. Gainera, ez dute jotzen beste ugaztun batzuek berorik ez irabazteko erabiltzen dituzten portaeretara.

Untxiak, esaterako, zuloetan sartzen dira bero handia egiten duenean eta berdin egiten dute kanguru-arratoiek, baina erbiek ez dute horrela jokatzen. Hori bai, oso trebeak dira gerizpeak bilatzen eta horietaz baliatzen.

Tenperatura altuegia denean (40 °C baino goragokoa), belarriek ez diote batere laguntzarik ematen. Aitzitik, beroa galdu beharrean, irabazi egiten dute. Orduan odol-zirkulazioa minimo batera murrizten du eta, horrela behintzat, ahalik eta gutxiena da irabazten duen beroa.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>