Elefantearen belarriak

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Beroa

———————————————————————————————————–

Ezaguna da belarriek oso zeregin garrantzitsua betetzen dutela elefanteen gorputz-tenperaturaren erregulazioan. Bero asko barreiatzen dute elefanteek belarrietatik; izan ere, odol-hodiez josita dituzte belarriak, odolaren bitartez ateratzen baita barruko beroa azalera, kasu honetan belarrietaraino.

elefantearen belarriak

1. irudia: Zer dela eta ditu elefanteak hain belarri handiak? Gorputzeko tenperatura hozteko. Odola belarrietatik pasaraziz freskatzen dira.

Egia esan, elefante guztiak ez dira berdinak belarrien handitasunari dagokionez. Loxodonta africana-k bai, oso handiak ditu belarriak, 183 cm eta 114 cm baitira, hurrenez hurren, haien luzera eta zabalera. Datu zehatzik eskain ezin dezakegun arren, jakina da Loxodonta cyclotis-ek belarri txikiagoak dituela. Lehena sabanako elefantea da, Afrikako ekialdekoa, eta bigarrena mendebaldean bizi da, oihanean. Egia da oihanekoa txikiagoa dela baina edozelan ere, proportzioan, txikiagoak dira oihaneko elefantearen belarriak. Sabanako elefantea bizi den tokietako ingurumen-tenperaturak altuagoak dira oihaneko elefantea bizi den aldeko tenperaturak baino.

Logika berari jarraituz erraz uler daiteke zergatik diren txikiagoak Elephas maximus Asiako elefantearen belarriak: 60 cm eta 30 cm dira, hurrenez hurren, elefante horren belarrien luzera eta zabalera. Elefanteen bizi-tokiak, Asian, freskoagoak dira nonbait, Afrikakoak baino. Eta argudioa muturrera eramaten badugu, erraz ulertuko dugu mamuten belarriak zergatik ziren horren txikiak. Ezagutzen den Mammuthus primigenius mamut bilotsuaren belarri handienaren luzera 30 cm-koa da.

Ondorio argia ateratzen da behaketa horietatik: elefante eta antzekoen belarrien tamaina handiagoa da ingurune-tenperatura altuagoa denean. Gorputz-tenperaturaren erregulazioaren zerbitzuan dago, beraz, belarrien tamainaren aldagarritasuna ugaztun talde honetan.

Bada hor, hala ere, erraz ulertzen ez den zerbait. Zergatik elefanteak? Zergatik ez Afrikako toki beroenetan bizi diren beste ugaztunak? Lurraren gainean bizi diren animalia handienak izanik, ez dago elefanteak bezalako animaliarik eta beraz, erkaketa hertsirik ezin egin. Jo dezagun dena den erkaketaren bidetik, argia egiteko laguntza emango baitigu, eta har dezagun errinozero zuria erkaketarako.

errinozero zuria

2. irudia: Elefantea kenduta, errinozero zuria bera da lehorreko ugaztunik handiena baina lehenaz alderatuta oso belarri txikiak ditu. Zer dela eta?

Errinozero zuria (Ceratotherium simum) ez da ugaztun txikia; izan ere, Afrikako (sabanako) elefantearen masaren erdira hel daiteke. Biak dira biluziak, ilajerik gabeak, eta hori ez da batere ohikoa ugaztunetan. Baina gorputz-formaren aldetik ez dute horren itxura desberdinik. Jakina, errinozeroek ez dute tronparik; ez dute behar, burua lurrera eramateko ez baitute arazorik, baina tronparena alde batera utzita, belarriak dira bi animalien arteko ezaugarririk bereizgarriena, errinozero zuriek belarri guztiz txikiak baitituzte. Errinozero zurien ingurune-tenperatura eta sabanako elefantearena antzekoak dira. Beraz, antzekoak izanik eta antzeko inguruetan bizirik, zergatik da batentzat zerbait beharrezkoa eta ez bestearentzat? Zergatik ez dira handiak errinozero zuriaren belarriak?

Erantzunak zerikusi handia du tamainarekin: bien artean dagoen aldea nahikoa da batak beroa barreiatzeko mekanismo berezia behar izateko eta besteak ez. Azter dezagun hori.

Elefanteen tasa metabolikoa1 oso apala da, animalia handiek txikiek baino tasa metaboliko baxuagoa baitute. Metabolismoaren ondorioz beroa sortzen denez, masa unitateko bero gutxiago sortzen dute animalia handiek txikiek baino. Gutxiago sortu bai, baina hala eta guzti ere bero gehiegi sortzen dute animalia handiek. Horren arrazoiak ez daude argi eta ez ditugu hemen orain aztertuko, baina dakarren ondorioa argia da: animalia handiek zailtasunak izan ditzakete xahutu behar duten bero guztia barreiatzeko, eta horixe da sabanako elefanteei bai baina errinozero zuriei gertatzen ez zaiena. Horretxegatik behar du elefanteak tresna berezi bat beroa barreiatzeko; belarriak dira tresna hori.

Oharra:

[1] Kontuan hartu behar da tasa metabolikoa esaten dugunean, masa-unitateko metabolismoaz ari garela.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>