Asteon zientzia begi-bistan #196

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Biologia

Itsaspeko eremu berri bat aurkitu dute: arrarofotikoa eta bertan arrain asko daudela ohartu dira ikertzaileak. Murgilaldiak Curaçao uhartearen hegoaldean dagoen uharri eremu batean egin dituzte, Venezuelako ipar-mendebaldean. 80 murgilaldi inguru izan dira. Ontzi horrekin 309 metroko sakonera heltzeko aukera izan dute. Horiei esker, itsas eremu berria aurkitu dute: arrarofotikoa, 130 eta 300 metro arteko sakoneran kokatu dutena. Aztertutako 71 espezietatik, 31 bertan bizi dira batez ere.Ikertzaileek uste dute uharrietako eremurik sakonenek babesleku gisa funtzionatzen dutela.

Malgutasun izugarria du narra-txakurren bihotzak. Artikuluak ematen dizkigun datuen arabera, lo daudenean txakurren bihotz-taupadaren maiztasuna 40-60 min-1-koa da, 80-100 min-1-ko baliora igotzen da ibilian doazen txakurretan. Lasterketa aurreko urduritasunagatik 100-150 min-1-ra igotzen da eta 300 min-1-raino lasterka egiten dutenean. Narra-txakurrek ahalmen metaboliko ikaragarria dute. Lasterka ari diren artean indar handia garatzen dute eta, hala ere, urrun daude garatu dezaketen indar handienetik.

Beatriz Fernandez (Bilbo, 1984) Antartikatik itzuli da. Bertan, EHUko ikertzaile talde batek hilabetez ikertu du nola irauten duten bizirik likenek eta goroldioek euren ehunetan urik gabe. Topstep proiektuaren baitan, helburua ekoizpen masiboaren eta landareek sufritzen duten estresaren arteko erlazioa topatzea da, Fernandezek dioenez. “Antartikan, zera jakin nahi genuen: nola eusten dieten landareek tenperatura hotzei eta ur likidorik gabeko garai luzeei”, gehitzen du ikertzaileak. Antartikan topatutako landareei dagokienez, bi hodidun landare espezie besterik ez daude eta horietako bat ere ikertu dute. Biomasari dagokionez, ikertzaileak dio Antartikako kosta eremua aberatsa dela: “Esaterako, 400 liken espezie baino gehiago topa ditzakegu bertan”.

Neurozientziak

Ugaztunen helduaroan zehar, neuronak sortzen dira garunaren hipokanpoan memoriarekin lotutako funtzioentzat lagungarri delarik. Gizakietan ere hori gertatzen zela uste zen, baina orain argitaratu den ikerketa batek zalantzan jarri du hori. Asiako, Europako eta AEBko hainbat unibertsitatetako zientzialariek elkarlanean egindako ikerketa zabal baten arabera, hipokanpoan gertatzen den neuronen sorkuntza gelditu egiten da heldu egiten garenean. Hipokanpoko neurona berrien kopurua murrizten da jaio ostean eta helduaroan ez dago sorkuntzarik.

Ingeniaritza eta teknologia

2018. urtea mugarritzat edukiko duten hamar teknologien zerrenda argitaratu du Massachusetts Institute of Technologyk eta Berriak jaso ditu artikulu interesgarri honetan. Adibidez, hiru dimentsioko inpresioak ez du ekarri benetako iraultza oraindik plastikoarekin egin delako. MITen arabera, metalezko piezak merke eta azkar inprimatu ahal izateak aldatuko du hori. Horren harira, azpimarratu dute 90.000 euro baino merkeagoa den lehen Metal 3D inprimagailua merkaturatu dutela azken hilabeteotan. Halaber, ugaztunak artifizialki ugaltzeko bidea zabalik dagoela ohartarazi dute. AEBko Michigango Unibertsitatean eta Rockefeller Unibertsitatean dagoeneko ari dira giza enbrioi artifizialak sortzen zelula amekin. Argitaratutako zerrenda horretan bada lekua aurikular itzultzaileentzat. Hizkuntza batetik bestera hitz egin ahala itzultzen duten gailuen urtea izango da aurten, MITen arabera. Badaude beste teknologia adibide batzuk artikuluan. Ez galdu!

5G sistemen ezaugarri berritzaile bat, aurreko arkitekturekin konparatuta, datu eta kontrol mailen bereizketa da. Lan honek ziklo kognitibo zentralizatu eta banatuen erabilera konbinatua aztertzen du 5G sareen maila ezberdinetan parte hartuz. Bereziki, cloudean oinarritutako maila anitzeko ziklo kognitiboa aurkezten du, 5G arkitekturaren kontrol- eta kudeaketa-atazak bermatzeko. Ondorioz, maila baxuko ziklo kognitibo banatuak erabaki logika erabiltzailearen aldirian mantentzen du. Baina, era berean, operazio informazio baliagarria cloud zerbitzarietara igotzen da.

Leeuwenhoeken mikroskopio iraultzaileen sekretua argitu dute. XVII. mendean, Anton van Leeuwenhoek, berak egindako mikroskopioei esker, inork ikusten ez zituen gauzak ikusten hasi zen. Lenteetan zegoen gakoa. Guztira, bostehun bat mikroskopio egin zituen. Orain, Delfteko ikertzaileek aztertu dute hark erabilitako bat eta ikusi dute haren lentea nola egina dagoen. Orain jakin nahi dute beira-mota bereziren bat erabiltzen ote zuen.

Paleontologia

Duela 90.000 urte neandertalek landutako zurezko tresnak aurkitu dituzte Aranbaltzan. 2013an hasi ziren aztertzen Barrikan dagoen aztarnategia. Orain arteko informazioari esker, jakin badakigu neandertal-taldeen bizileku izan zela duela 100.000 eta 44.000 urteen artean eta orain jakin da duela 90.000 urte landutako zurezko tresnak zuedela. Joseba Rios Garaizarrek (CENIEH) zuzendu du ikerketa eta harentzat “izugarrizko aurkikuntza da”. Tresnen artean, 15 cm-ko objektu zorrotz bat nabarmentzen da. Analisiak egin ondoren, zehaztu dute haginezko adar bat landuta eta sutan gogortuta egin zutela, eta lurrean zuloak egiteko erabili zutela.

Emakumeak zientzian

Ada Yonathek Kimikako Nobel Saria jaso zuen 2009.urtean. Haren aurkikuntza ezagutu nahi duzu? Bada, 80ko hamarkadan, israeldarrak argitu zituen erribosomaren egitura eta bere izaeran parte hartzen duten mekanismoak; hala nola, proteinen biosintesia. Ildo horri jarraiki, antibiotikoak aukeratzeko oinarri estrukturala argitu zuen. Horrela, bide berri bat ireki zuen antibiotikoak patogenoen erribosomari zuzenean eragiteko, antibiotikoen erresistentziari kontra eginez. Halaber, egitura biologikoetan kristalografia aztertzeko teknika berri bat sortu zuen: krio bio-kristalografia. Horrekin erribosoma bat nolakoa zen ezagutu zuen, hiru dimentsiotan irudikatu baitzuen.

Gailu informatikoen barruan gertatzen dena azaltzen digu Code.org-k. Horretarako bideo sorta bat aurkeztu digute. “Howcomputerswork” deitu diote bideo serie horri. Bertan, teknologia digitalaren munduan dabiltzan emakume batzuk aurkezten dizkigute.

Medikuntza

Kimika, fisika, biologia, ingeniaritza eta medikuntzaren alorrean aritzen diren zientzialariak bildu dira Donostian, ESMI Europako Irudi Molekularreko Elkarteak antolatutako kongresuan aste honetan. Irudi molekularreko teknikak izan dira mintzagai eta hauek nola erabilgarriak diren gaixotasunak garapenaren lehen faseetatik antzemateko eta tratamenduen aurrean organismoak ematen duen erantzuna ebaluatzeko.“Tresna horiei esker, aukera dugu bizidunetan gertatzen diren prozesu biologikoak aztertzeko, betiere modu ez-inbaditzaile batean, hau da, kalterik sortu gabe”, azaldu du CIC Biomaguneko ikertzaile Jordi Llop-ek.

Gizonentzako pilula antisorgailu bat segurua dela frogatu dute. Albo-ondorio nagusienak hauexek ziren: aknea, aldarte-aldaketak, depresioa eta gizentzea. Orain, ondorio txarri ez duen pilula bat aurkeztu du Washingtongo Unibertsitateak. Halere, hau saio klinikoen hasiera besterik ez da izan. Oraindik eraginkorra dela frogatu behar dute eta ondoren, dosiak zeintzuk izango diren zehazteko probak egin.

Osteoporosia gaztarotik prebeni daiteke, jarduera fisiko moderatu-biziarekin eta bai kaltzioan bai D bitaminan aberatsa den dietarekin, UPV/EHUko ikerketa baten arabera. Egoera fisikoarekin eta dietarekin lotu da gaixotasuna; hau da, jarduera moderatu-bizia eta inpaktuzko kirolak gomendagarriak dira, dieta egokiarekin lagunduta, betiere gehiegikerietan erortzen ez bagara.

Genetika

Generik ikertuen artean, beste adibide bat aurkeztu digute: APOE. Gene hau kolesterola eta antzeko molekulen prozesamendurako oso garrantzitsua da. Bereziki gibelean eta giltzurrunetan aktiboa da. Beste prozesu batzuekin ere lotura dauka: Alzheimer gaixotasunean, sistema immunologikoan eta kognizioan.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.