Itsaspeko eremu berria aurkeztu dute: arrarofotikoa

Juanma Gallego

Uharrizko itsasoetan, 130 eta 300 metroko sakoneran, orain arte gutxi ikertu den eremu biologiko bat aldarrikatu du ikertzaile talde batek. Arrarofotiko izendatu dute, eta arrain askoren aterpea dela erakutsi dute.

2010eko maiatzean, Mexikoko Golkoan Deepwater Horizon petrolio plataforma hondoratu eta hilabete eskasera, Sylvia A. Earle ozeanografoak itsasoaren ikerketaren aldeko aldarria egin zuen AEBetako Kongresuaren aurrean. 1960an Marianetako itsas hobira egindako esplorazio historikoa gogora ekarri zuen. “Ordudanik, inoiz ez da bertara bueltatu”, kexu mintzo zen ozeanografoa. “Inor ez da joan ere Mexikoko Golkoko punturik sakonera, Sigsbee hobira. Yucatanetik gertu dago, itsas azaletik bost kilometrora. Izatez, inork ez daki zehazki non dagoen Golkoko punturik sakonena”. Egun horretan, zientzialariak hondamendi ekologikoak eragindako egoeraren larritasuna baliatu zuen itsas ikerketaren beharra azpimarratzeko. Ezagutza hori eskuratzeko baliabideei zegokienean, argi hitz egin zien Kongresuko kideei: “AEBek zientzia ikerketarako eta itsasoaren zaintzarako duten itsaspeko eta urruneko kontroleko ibilgailu zein autonomoen flota patetikoa da. Eskandalagarria”.

1. irudia: Haptoclinus dropi espezie berriko arraina. Espeziea izendatzeko ‘Deep Reef Observation Project’ egitasmoaren akronimoa baliatu dute. (Argazkia: Carole Baldwin / Smithsonian)

Itsasoaren ikerketari buruz hitz egiten denean, sarritan errepikatutako topikoa da. Agian, topikoen artean zabalduena: gizakiok gehiago dakigu kanpo espazioaz itsasoaz baino. Baina topiko izateak ez du esan nahi, noski, egia ez denik. Sylvia A. Earlek berak The World is Blue liburuan behin eta berriz gogoratzen du ezagutza falta hori; baina, batez ere, ezagutza falta horrek logikarik ez duela dio. “Estralurtarrak Lurreko bizitzaren funtsaren bila abiatuko balira, haiek seguruenera planetako ezaugarririk agerikoenean jarriko lukete arreta: itsasoan. ‘Jarraiozue urari’- esango lukete- . ‘Bizi forma guztiek ura behar dute eta… begira! urdina da planeta!’. Bertan murgiltzean konturatzen hasiko lirateke azkenean gizakiok konturatzen hasten ari garen ideia berdinaz: mundu osoan –eta, dakigunagatik, unibertso osoan- bizi kopururik handiena eta anitzena hor azpian dagoela, itsasoaren azalean hasita, eta tokirik sakonetaraino”.

Earlek egindako nabardura hori bereziki garrantzitsua da: “Itsasoaren azalean hasita”. Normalean uste baita egiteko dauden aurkikuntzak itsas hondoetan baino ez direla izango. Beste aditu batek ideia hori berretsi du orain. “Ozeanoaren zati bat baino ez da esploratu. Kostaldetik milaka miliatara, eta miliatako sakoneran dauden eremuen kasuan, hau ulergarria izan daiteke. Baina tropikoetako uharri sakonak justu sakonera gutxiko uharrien azpian daude, eta azken hauek oso ondo ikertuta daude. Funtsean, hauek geure atzeko patioak lirateke”. Carole Baldwin-en hitzak dira.

Umeek lehengo aldiz atzeko patioetara hurbiltzean mundu berri bat aurkitzen duten modu berean, Carole Baldwin itsas biologoak ere ezusteko galanta hartu du itsasoko atzeko patiora jaitsi denean. Esperokoa baino gauza gehiago aurkitu ditu bertan. Gainera, 300 metro inguru baino ez ditu egin behar izan orain arte zientziarentzat ezezagunak ziren espezie berri batzuk aurkitzeko.

Smithsonian Institutuak gidatzen duen Uharri Sakona Behatzeko Proiektuko zuzendaria da Baldwin, eta, beste zenbait kiderekin batera, ikusitakoa Scientific Reports aldizkarian jarri du zientzia komunitatearen eskura.

Sailkapen berri bat

Murgilaldiak Curaçao uhartearen hegoaldean dagoen uharri eremu batean egin dituzte, Venezuelako ipar-mendebaldean. 80 murgilaldi inguru izan dira, Curasub izeneko ikerketa itsaspeko bat baliatuta. Ontzi horrekin 309 metroko sakonera heltzeko aukera izan dute.

2. irudia: Carole Baldwin itsas biologoa eta Adriaan ‘Dutch’ Schrier, Curasub itsaspekoan (Argazkia: Barry Baldwin)

Horri esker, 4.436 behaketa egin dituzte, eta 71 arrain espezie identifikatu dituzte. Horietatik, batzuk orain arte espezie ezezagunak ziren zientziarentzat. Sakoneraren eta tenperaturaren arabera, espezieen banaketa zehaztasun handiarekin deskribatu dute. Eskuratutako datuen arabera, uharriei lotutako itsas eremu berria proposatu dute: arrarofotikoa. Berez, 130 eta 300 metro arteko sakoneran kokatu dute eremu hori, baina ikerketa artikuluan azaldu dutenez, beheko muga arbitrarioa da, erabilitako itsaspekoaren irismenaren araberakoa baita: beherago ezin izan dute iritsi.

Ozeanoetako eremuak zehazteko erabiltzen diren ohiko sailkapenak uharrietan baliagarri ez direla azaldu dute ikertzaileek; ondorioz, sailkapen berria proposatu dute ikerketa artikuluan. Eremuen arteko mugak, noski, gutxi gorabeherakoak dira, eta itsasoaren edo urtaroaren arabera alda litezke.

  • Altufotikoa: 0-40 metro. Ondo argiztatutako eremua da. Koralezko uharri asko daude bertan. Urpekariek normalean eremu hau dute eskura, sakonera gehiagora sartzeak arazoak ekar ditzakeelako.
  • Mesofotikoa: 40-150 metro. Bertan bizi dira argiaren dependentzia duten koralak. Eremu honetako mugarik sakonena definitzeko irizpidea, hain zuzen, argiaren irismena izan da: fotosintesia ahalbidetzeko nahikoa argi ez dagoenean bukatzen da eremua.
  • Arrarofotikoa: 130-300 metro. Beheko muga 300 metrotan ezarri dute, itsaspekoaren irismenaren arabera (309 metro). Aztertutako 71 espezietatik, 31 bertan bizi dira batez ere. Bertako koralek ez dute mantentzen gainerako koralek zooxantela motako algekin izan ohi duten harreman sinbiotikoa, eta ez dute uharririk sortzen.
  • Afotiko sakona: 300 metrotik behera. Batere argirik gabeko eremua. Bertan, fauna abisala baino ezin da garatu.

Oraindik argitzeko dago eremu arrarofotikoak betetzen duen funtzio ekologikoa, baina funtzio hori gorago dauden arazoei loturik dagoen susmoa dute. Bertan dauden arrainek lotura gehiago dute gorago dauden eremuekin, itsas hondokoekin baino.

Sakonera txikira dauden uharrien kaltetzearen arrazoiak argitzea izan da, hain zuzen, eremu hau aztertzeko arrazoietako bat. Izan ere, ikertzaileek hipotesi bat dute esku artean: uharrietako eremurik sakonenek babesleku gisa funtzionatzen dute. Agian beroagoak diren goiko uretatik aldentzen diren animaliek bertan aterpe bilatzen dutela proposatu dute, edo koral uharrien kalteetatik babesteko. Diotenez, zioak ez daude argi oraindik.

Erreferentzia bibliografikoa:

Baldwin, C.C., Tornabene, L. and Robertson, D.R. 2018. Below the Mesophotic. Scientific Reports (2018) 8:4920 DOI: 10.1038/s41598-018-23067-1

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #196 - Zientzia Kaiera

[…] Itsaspeko eremu berri bat aurkitu dute: arrarofotikoa eta bertan arrain asko daudela ohartu dira ikertzaileak. Murgilaldiak Curaçao uhartearen hegoaldean dagoen uharri eremu batean egin dituzte, Venezuelako ipar-mendebaldean. 80 murgilaldi inguru izan dira. Ontzi horrekin 309 metroko sakonera heltzeko aukera izan dute. Horiei esker, itsas eremu berria aurkitu dute: arrarofotikoa, 130 eta 300 metro arteko sakoneran kokatu dutena. Aztertutako 71 espezietatik, 31 bertan bizi dira batez ere.Ikertzaileek uste dute uharrietako eremurik sakonenek babesleku gisa funtzionatzen dutela. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>