Neurogenesia zalantzan jartzeko unea

Josu Lopez-Gazpio
Ugaztunen helduaroan zehar, neuronak sortzen dira garunaren hipokanpoan memoriarekin lotutako funtzioentzat lagungarri delarik. Gizakietan ere hori gertatzen zela uste zen, baina, argitaratu berri den ikerketa baten ondorioak zalantzan jarri du fenomeno hori gizakietan ere gertatzen ote den.
Orain arte uste zenez, egunero gizakion hipokanpoan -memoriaz eta ikaskuntzaz arduratzen den garunaren atalean- ehunaka neurona sortzen ziren. Alabaina, ikerketa berri baten arabera aspalditik errotutako ideia hori irauli egin daiteke, azken 20 urtetan uste zenaren aurka. Oraindik asko dago ikasteko eta ikertzeko garunaren funtzionamenduari buruz eta Sorrells ikertzaileak eta bere lankideek plazaratu dituzten ondorioen arabera, ideia hori berretsi egin behar da. Helduaroko neurogenesia zalantzan dago berriro ere.

1. irudia: Garunaren funtzionamenduari buruz oraindik asko dago ikertzeko, eta ikerketa berrien emaitzek aurrez uste zena kolokan jar dezakete. (Argazkia: geralt- domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Asiako, Europako eta AEBko hainbat unibertsitatetako zientzialariek elkarlanean egindako ikerketa zabal baten arabera, hipokanpoan gertatzen den neuronen sorkuntza gelditu egiten da heldu egiten garenean. Neurogenesi prozesua, hortaz, ez litzateke gertatuko bizitza guztian zehar eta, antza, helduaroan hipokanpoko neurogenesia eten egingo litzateke. Duela urte batzuk, Nature aldizkarian argitaratu den ikerketan parte hartu duten zientzialariek baldintza onetan mantendutako helduen garunak aztertu zituzten. Garunaren atalak aztertzen zihoazen neurrian, neurona gazteak aurkitu zituzten, baina, hipokanpoan bat bera ere ez.

Ikusitakoak harrituta, hipokanpoko laginak aztertzea erabaki zuten. Hainbat garun aztertu zituzten, adin desberdinetakoak -fetuetatik hasi eta 70 urteko garunetaraino-. Ondorioa argia izan zen: hipokanpoko neurona berrien kopurua jaio ostean murrizten hasten da eta helduaroan ez dago sorkuntzarik. Ikerketaren ondorioa martxoaren 7an argitaratu zen eta eztabaida handia eragiten ari da zientzia-komunitatean, orain arte neurogenesiaz uste zena zalantzan jartzen duelako. Ikerketaren emaitzak berresten badira, gainera, garunarekin lotutako zenbait gaixotasunei sendabidea aurkitzea urrundu egin daiteke; izan ere, kasu askotan garunak duen neuronak sortzeko gaitasunean oinarritzen dira Alzheimerra edo Parkinsona sendatu ahal izateko itxaropenak.

Zalantzak eta eztabaida

Zenbait neurozientzialarik eta adituk zalantzak dituzte argitaratu berri den ikerketaren emaitzekin; izan ere, aurrez argitaratutako ebidentzia askoren aurka doa, zeinetan frogatu ahal izan den helduaroan hipokanpoan neurogenesia gertatzen dela. Orain arteko ezagutzaren arabera, jakina da neurogenesia moteldu egiten dela gizakiaren adinak aurrera egin ahala, baina, hipokanpoko neurona berrien sorkuntza ez da inoiz gelditzen eta bizitza osoan zehar jarraitzen dugu neurona berriak sortzen. Zentzu horretan, eztabaida handia piztu du Arturo Alvarez-Buylla neurozientzialariak zuzendutako taldeak plazaratu dituen ondorioak. Haien ikerketen emaitzen arabera, hipokanpoko neurogenesia ikusi duten garunik zaharrena 13 urteko gazte batena zen.

2. irudia: Garunean 85.000-100.000 milioi neurona daudela jotzen da, nerbio-sistemaren zelula nagusienak dira. Haien funtzio nagusia sinapsia egitea da, neuronen arteko elkarrekintzari esker garunak bere funtzioak bete ahal izan ditzan. (Argazkia: geralt – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Ikerketa hau, gainera, zientziaren déjà vu modukoa dela esan daiteke. Hain zuzen ere, 90eko hamarkada arte pentsatu zen helduaroan ez zela neurona berririk sortzen eta froga asko aurkeztu ziren hipokanpoko neurogenesiaren alde. Beti egon da eztabaida neurogenesiaren funtzioari eta garrantziari buruz, baina, oro har, zientzia-komunitatean adostasun nabaria zegoen helduen hipokanpoan neuronak sortzen direla pentsatzeko. Horren aldeko ikerketak argitaratu dira, baina, metodologiak konplexuak dira eta emaitzak interpretatzea ez da erraza izan. Gakoa neurona gazteak ikusteko erabiltzen diren markatzaileetan dago; izan ere, teknika immunohistokimiko klasikoen bidez aztertzen dira neuronak eta, baliteke, neuronak gazteak egonda horiek ez detektatzea -azken ikerketari egindako kritika horixe da-, baina baliteke neurona gazteak egon gabe markatzaileak positibo faltsuak ematea -ikerketaren egileek hori diote, eta ohiko markatzaileen positibo faltsuen mekanismoa azaldu dute-.

Zalantza eta galdera horiek baieztatzen edo ezeztatzen diren bitartean -zientzian egin ohi den moduan-, argitaratu berri den ikerketa garrantzitsua da arlo horretan ikertzen jarraitzea hauspotuko duelako. Horrekin batera, hipokanpoko neurogenesia ikertzeko teknika eta markatzaile hobeak garatzea eramango du eta, ziur asko, animalion garuna hobeto ulertu eta ezagutu ahal izango da.

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

Iruzkin 1

Eman iritzia

Sentitzen dut - Zientzia Kaiera

[…] azken batean, elkarren artean konektatuta dauden neurona multzo izugarria da. Neuronak hizpide izan dira Zientzia Kaieran, geure inguruan dagoen guztia hautemateko, ulertzeko eta ezagutzeko oinarrizko eta funtsezko […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>