Duela 40.000 urteko “idazketaren aurrekariak” aurkeztu dituzte

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Duela 40.000 urteko “idazketaren aurrekariak” aurkeztu dituzte

Paleolito Aroko objektu askotan agertzen diren markak “idazketaren aurrekari goiztiartzat” jo ditu ikertzaile talde batek. Zeinuen analisi estatistikoetan oinarritu dira ondorio honetara iristeko.

Milaka eta milaka urtez, faktore garrantzitsu batek mugatu du gizakion bilakaera historikoa: informazioa eta ezagutza belaunaldi batetik bestera pasatu dira, baina, ahozko transmisioak bere mugak ditu. Besteak beste, informazio garrantzitsua geratu daiteke bidean, bai eta aise distortsionatu ere. Horren aurrean, idazketa asmatzeak agertokia errotik eraldatu zuen: denboran bidaiatzea ahalbidetu zuen, eta, horrekin batera, informazioa pilatzea ere.

Oro har, Neolitoarekin batera sortu ziren lehen idazketa sistemak, eta, normalean, Mesopotamian sortutako idazketa kuneiformea hartzen da lehen idazketa moduan. Baina, logikoa denez, ezin daiteke ezarri mugarri bat non, bat-batean, dena hasten den.

Zeinuen
1. irudia: Vogelherd haitzuloan aurkitutako mamut baten irudia, duela 40.000 urtekoa. Bertan gurutze eta puntu sekuentziak daude. (Argazkia: Tübingengo Unibertsitatea / Hildegard Jensen, CC-BY-SA 4.0)

Adituen arteko adostasun hori apurtu dezake bi zientzialarik mahai gainean jarri duten proposamen batek. PNAS Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu baten bidez egin dute. Bertan, lehen idazketa saiakerak denboran asko atzeratu behar direla babestu dute. Eta, asko diogunean, asko diogu. Izan ere, Paleolito Aroan, duela 34.000 eta 45.000 urte artean datatutako objektuak dira ikerketaren abiapuntua; hots, Homo sapiens espeziea Europara zabaldu eta neandertalekin topo egin zuenekoa.

Garai horretako artelan eta objektuetan egindako 3.000 sinbolo aztertu dituzte ikertzaileek; ondorioztatu dute horiek ez zirela ausaz egindako dekorazioa; kontrara, sinbolo horien atzean “informazio egituratu” bat dagoela sinetsita daude; are, uste dute parekatu daitekeela lehen idazketa sistemekin. Saarlandeko Unibertsitateko (Alemania) hizkuntzalari Christian Bentz eta Berlingo (Alemania) Historiaurreko eta Protohistoriako museoko arkeologo Ewa Dutkiewicz dira proposamen honen egileak.

Objektuen datu base digital bat sortu dute, Europa osoko museoetan gordetzen diren bildumetan arakatuz. Bentzek prentsa ohar batean azaldutakoaren arabera, “zeinu sistema” hauek “idazketaren aurrekari goiztiar bat” dira.

Orotara 260 objektutan jarritako markak aztertu dituzte. Marfilezko figurak, tresnak eta tailatutako objektuak dira. Horietan, askotan agertzen dira zeinuen errepikapenak, tarte erregularretan. Puntu, linea eta koskak agertzen dira horietan, eta, esan bezala, ikertzaile hauek sinetsita daude ez zirela ausaz txertatu objektuetan. Zeinuetako asko Suabiako Jura (Alemania) eskualdeko haitzuloetan aurkitutakoak dira, baina Europa osoko objektuetan antzeko zeinuak agertu dira.

Ikerketaren arabera, apaintze soilerako ez baizik eta nahita eta modu sistematikoan egindako zeinuak izan ziren, komunitate barruan horiek erreproduzitu, igarri eta, seguru aski, ulertuak izateko. Euskarrien arabera ere aldeak aurkitu dituzte: oro har, figuretan tresnetan baino informazio dentsitate handiagoa dago. Ikusi dute errepikapen motak ez direla gaur egungo idazketa sistemetan izaten direnen parekoak. Horiek idatzizko mintzairaren adierazpen direlako, eta, horregatik, sinboloen arteko bariazio handiagoa erakutsi ohi dutelako.

Zeinuen
2. irudia: Geissenklösterle haitzuloko figura bat, duela 38.000 urte ingurukoa. Marfilezko xafla bat da, koxka eta puntu sekuentzia andana dituena. Lehoi baten eta gizaki baten arteko izaki hibridoa da. (Argazkia: Landesmuseum Württemberg / Hendrik Zwietasch, CC BY 4.0)

Ondorio horretara iristeko, ordenagailu bidez zeinuen analisia egin dute, eta ikusi dute marraztutako sekuentziek patroi estatistiko sendoak jarraitzen dituztela. Hortaz, errepikapen horiek informazioa gordetzeko erabili zutela ondorioztatu dute. Zientzialariek ez dute indarra bideratu zeinuek izan dezaketen esanahia interpretatzera —zaila dirudi hori lortzeak—. Hori beharrean, ahalegindu dira ulertzen nola dauden antolatuta.

Aztertu dute zeinuak zer maiztasunarekin agertzen diren bakarrik edo antolatuta, eta nola antolatzen diren. Horren bidez, ulertu nahi izan dute zein den atzean dagoen egitura estatistikoa. Horretarako, entropia aztertu dute; hots, sekuentzia bakoitzak zenbat informazio eraman dezakeen kalkulatu dute. Azaldu dutenez, aurreikusteko zailak diren sistemek entropia maila altua dute. Kontrara, errepikapen asko dituzten sistemek entropia baxuagoa daukate. Ondorioztatu dute zeinu hauek erdibideko egoera batean daudela. Izan ere, sarri errepikatzen dira, baina errepikapenak ez dira, antza, ausazkoak izaten.

Marka horien egitura informatiboa hasierako tableta proto-kuneiformeekin alderatu dute. Horiek dira, hain zuzen, antzinako Mesopotamian ezagutzen diren lehen idazkunetako batzuk. Diotenez, horiekin errepikapen eta aurreikusgarritasun antzeko mailak dituzte historiaurreko idazkunek. Duela 5.000 urte inguru agertu zen, proto-kuneiformearen agerpenarekin idazketa ahozko hizkera adierazten hasi zen, baina hori ez zuen egiten modu zuzenean, eta askotan errepikatutako sinboloetan oinarritzen zen. Handik aurrerako idazketa gehienek, ordea, errepikapen gutxiago eta informazio dentsitate gehiago sartu zuten idazketan.

Prentsa oharrean, Dutkiewiczek nabarmendu du objektu horietako askok eskuan eramateko moduko tamaina zutela, eta, horretan ere “tableta proto-kuneiformeen antzekoak” direla. Modu berean, iragarri du halako sinboloen sekuentzia asko daudela museo eta bildumetan, eta, horregatik, aurreratu du oraindik “azalera urratu besterik ez” dutela ikerketa lerro honetan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Bentz, Christian; Dutkiewicz, Ewa (2026). Humans 40,000 y ago developed a system of conventional signs. PNAS, 123 (9). DOI: 10.1073/pnas.2520385123


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.