María González Alriols: “Gustatuko litzaidake gaur egun hondakintzat hartzen duguna laster baliabidetzat hartzea”

Ikertzen dut

3 min

María González Alriols: “Gustatuko litzaidake gaur egun hondakintzat hartzen duguna laster baliabidetzat hartzea”

María González Alriols ingurumen ingeniaritzan doktorea da, irakaslea Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumena sailean, eta “BioRP, Biofindegi Prozesuak” ikerketa taldeko ikertzailea. Bere ikerketak ardatz dauka lignozelulosazko biomasa bereizteko, zatitzeko eta eraldatzeko prozesuen azterketa, eta horren bidez material eta energia berriztagarriak lortzea, baliabide fosilen alternatiba izan daitezen. Horrez gain, bere ikerketak ingurugiro, ekonomia eta gizarte jasangarritasuna ere hartzen ditu kontuan, bai eta energia eraginkortasuna ere.

50etik gora dira bere ibilbidean dituen ikerketa proiektu lehiakorrak. Bere ikerketa lanak 50 artikulu baino gehiagotan argitaratu dira bere jakintza arloan eragin handia duten aldizkari indexatuetan. Diziplina anitzeko giroetan lan egitea gustatzen zaio, eta, beraz, lankidetza lan handia egiten du nazioko eta nazioarteko beste ikerketa talde batzuetan. Dibulgazio lanaren arloan, sarritan parte hartzen du hitzaldi eta biltzar zientifikoetan (60 lan baino gehiago aurkeztu ditu) eta publiko orokorrari zuzendutako beste ekintza batzuetan, hala nola “Ikertzaileen gaua”, “Zientzia Astea”, edo Inspirira STEAM proiektuan, proiektu horren helburua izanik gazteen artean, bereziki nesken artean, zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzea.

Irudia: María González Alriols ikertzailea. (Argazkia: María González Alriolsek emana).

Zein da zure ikerketa arloa?

Ingeniaritza kimikoa ikasi nuen eta gero, ingurumen ingeniaritzan egin nuen doktoregoa, eta Biofindegien ezagutza arloan egiten dut lan; energia, erregaiak, materialak eta kontsumorako ondasunak ekoiztea du helburu, abiapuntutzat hartuta iturri berriztagarriak, hala nola lignozelulosazko biomasa.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Uste dut garapen handia lortu dugula bai ongizatean, bai gizartean eta industrian baliabide fosilen ustiapenari eta petrokimikaren garapenari esker, baina orain iritsi da garaia ezagutza hori guztia baliabide berriztagarrien eta mundu osoan eskuragarri eta ugari dauden beste baliabide batzuen prozesamenduan erabiltzeko, eta lignozelulosazko biomasa da horietako bat. Bere osaera kimikoa petrolioaren antzekoa da, eta biomasa horren frakzionamenduaren bidez erregaiak, materialak eta kontsumorako ondasunak lor ditzakegu, findegi batean petrolio gordinetik lortzen direnen antzekoak.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Emakume zientzialari handiak izan ditugu historian nabarmendu direnak, batzuk aurrerapen esanguratsuak lortu dituztelako teknologiaren, karakterizazio tekniken, sintesiaren eta abarren arloan, eta, beste batzuk, baldintza benetan gogorretan lortu dutelako zientzia egitea. Espainiako ikertzaile handien artean, Rosa Menéndez ezagutzeko zortea izan dut. Rosa Menéndez Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilua (CSIC) zuzendu zuen lehenengo emakumea izan zen, eta funtsezko figura da karbono materialen eta horien aplikazio ugarien ikerketan. Bere ikerketak zubi bat eraikitzen du ikatzaren, petrolioaren eta horien deribatuen eraldaketarako teknologia klasikoetatik gaur egungo bio-ikatzetan, ligninan eta beste substratu berriztagarri batzuetan oinarritutakoetara igarotzeko. Eta une honetan, hunkitu egiten nau Afganistango emakumeen kemenak: neskek eta emakumeek ikasten jarrai dezaten eskola klandestinoetan egiten dute lan talibanen erregimenak ezarritako debekua saihestu nahian, herrialde askok, gureak barne, ezikusia egiten duten arren.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Gustatuko litzaidake gaur egun hondakintzat hartzen duguna laster baliabidetzat hartzea, eta jendea konbentzitzea beti dela egokia bertako gauzetan inbertitzea. Euskal Herrian basoak ditugu, berdez inguratuta gaude: ez dago toki hoberik biofindegi bat jartzeko. Ditugun lehengaientzako teknologiak optimizatzen baditugu, ez gara urrunegi hartutako erabakien hain menpe egongo.

Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Esango nioke ez erortzeko etsipenean emaitzak espero direnak ez direnean —hori oso sarri gertatzen da— eta aurrera egin dezala, akatsetatik arrakastatik bezainbeste ikasten da eta. Batzuetan badirudi dena geldirik dagoela, ezerk ez duela zentzurik, eta zaila izaten da patxada mantentzea eta lasaitasunez begiratzea gertatu dena ulertzeko, batez ere ikerketa proiektuetan ezarritako epeen ondorioz presioa daukazunean emaitzak lortzeko. Pazientzia handia izatea da ibilbide zientifikorako lagunik onena.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko apirilaren 11an: María González Alriols: «Me gustaría conseguir que lo que ahora es residuo pronto se vea como recurso».

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.