Aniztasun genetikoa ez da arrakasta ebolutiboaren sinonimoa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Aniztasun genetikoa ez da arrakasta ebolutiboaren sinonimoa

Mendel-en, Darwin-en eta Wallac-en teoremetan oinarrituta, espezieen arrakasta ebolutiboa aniztasun genetikoaren neurketa estatikoekin ebaluatu da historian zehar. Orain, Science aldizkarian argitaratutako artikulu berri batek kolokan jarri du XIX. mendetik zientzia komunitatean guztiz onarturik zegoen teorema. Izan ere, Australiako koalen kasua adibide gisa hartuta, ikerketak erakusten du botila-lepo bortitzagoa jasan duten populazioek arrakasta ebolutiboa handitzen duten mutazio genetikoak garatu dituztela.

XIX. mendean garatutako genetikaren eta eboluzioaren arteko elkarreragina azaltzen duten teoremek indarrean diraute egun. Horien arabera, botila-lepo luzeak jasaten dituzten populazioek zorizko jito genetikoa areagotu dezakete, eta horrek ondorio drastikoa izan dezake espezie horren biziraupenean. Azken finean, bereziki populazio txikiak dituzten eta suntsipen-arriskuan dauden espezieetan, endogamia suertatzeko probabilitatea handiagoa da, eta horren herentzia genetikoak ugalkortasuna eta gaixotasunekiko erresistentzia murriztu ditzake. Dibertsitate genetikoa galtzeak ere mugatu egiten du ingurumen-aldaketarekiko egokitze-ahalmena. Elkarrekin, prozesu horiek suntsipen-zurrunbiloa bultza dezakete, non aniztasunaren murrizketak eta populazioen gutxitzeak elkar indartzen baitute.

Aniztasun
Irudia: koalak botila-lepo bortitza eta hedapen geografikoa jasan duten ikerketa-kasu benetan interesgarria bihurtu ziren ikertzaileentzat. (Argazkia: Cesar Australia)

Betidanik pentsatu da suntsipen-dinamika hori mozteko ezinbestekoa dela populazioen hedapen geografikoa gertatzea. Hedapenak suntsipen-zurrunbiloaren ondorioak murriztu ditzake, aniztasun genetikoa eta populazioaren tamaina eraginkorra handituz, eta dibertsitatearen galera eta depresio endogamikoa gutxituz. Hala ere, orain, ikerketa berri bat argitaratu dute Science aldizkarian, mendeetan zehar argi egon den ideia hori kolokan jartzen duena.

Genetikaren eta eboluzioaren arteko elkarrekintza aztertzeko, ikertzaileek munduko martsupial famatuenetariko baten kasua erabili dute: koalak. Habitataren galera, gaixotasunak eta iraganeko ehiza dela eta suertatutako botila-lepo baten ondorioz, Australiako eskualde batzuetan koalak galzorian dauden espezieen listan sartu ziren XX. mendearen amaieran. Ordutik, koalen populazioa esponentzialki hazi egin da, eta horrek aukera paregabea eskaini die zientzialariei hazkunde demografikoak emaitza genetikoetan eta ebolutiboetan duen eragina ikertzeko.

Botila-lepoaren teorema zalantzan jartzen duen kasua

2019 eta 2020 urteetako udak bereziki gogorrak izan ziren Australian. Urte horietan, Black summer izenez ezagutzen diren sute-boladek 10 milioi baso-hektarea baino gehiago erre zituzten. Egoera horren aurrean, suntsipen-arriskuan zeuden espezieen biziraupenaren inguruko kezka handitu egin zen ikertzaileen artean, eta hainbat erreminta garatu zituzten haiek babesteko. Horietako bat izan zen epe luzerako baliabide genomikoak sortzeko premia; «2019-2020ko dimentsio handiko suteen ostean, koalentzako epe luzerako baliabide genomiko bat ezartzeko premia larria ikusi genuen», dio Luke Silver-ek, Sidneyko Unibertsitateko artikuluaren autoreak.

Koalak ikerketa-kasu benetan interesgarria bihurtu ziren ikertzaileentzat. Izan ere, Australiako eskualde desberdinetako populazioak oso desberdin kudeatu dira historian zehar, eta horrek esan nahi du haien ezaugarri genetikoak ere nabarmen aldatu direla. «Ikerketa honek ezberdintasun horiek erabiltzen ditu kontserbazio genomikoari buruzko ikasgai zabalago bat nabarmentzeko», adierazi du Collin Ahrens-ek, artikuluaren lehen egileak. Guztira 418 genoma oso aztertu zituzten ikertzaileek; horrela, «koalen populazioek denboran zehar nola eboluzionatzen duten ulertzeko funtsezko oinarri bat sortu genuen», dio ikertzaileak. Analisia aztertzerakoan, ondorio harrigarriak aurkitu zituzten ikertzaileek. Izan ere, zientziak tradizionalki esan duenaren kontra, dibertsitate genetiko handiena zuten populazioek mutazio genetiko kaltegarriagoak eta populazio-murrizketa bortitzagoak jasaten zituzten.

Genetika eta eboluzio dinamikoak

Azken hamarkadetan botila-lepo larria jasan duen koala populazioa dago Victoria eskualdean. Bertako koalek gertaera horren aztarna genetikoa gordetzen badute ere, ikerketa berriak erakusten du hedapen geografikorik gabe asko berreskuratzen ari direla. Birkonbinazioaren, bariazio genetikoaren berrantolaketa naturalaren eta aldaera berrien metaketaren bidez, mutazio kaltegarriak gutxitzen eta egokitzeko potentziala handitzen ari dira. «Gure aurkikuntzek adierazten dute populazio horietan berreskuratze genetiko bat dagoela, ez kolapso bat», dio Ahrensek. Beraz, ikerketak argitzen du, harrigarria bada ere, historian zehar botila-lepo larriak gainditu dituzten populazioek mutazio eta konbinazio genetiko hobeak pilatzen dituztela eta, ondorioz, egokitzeko gaitasun handiagoa garatu dutela.

Lortutako emaitzek erakusten dute kontserbazio-erabakiak ezin direla oinarritu aniztasun genetikoaren neurri estatikoetan. Hamarkadetan zehar, aniztasun genetikoa desagertzeko arriskuaren adierazle soil gisa tratatu dira horiek, «baina eboluzioa dinamikoa da», dio autorearen lehen egileak. Horregatik, populazio bat denboran zehar hedatzen, egonkortzen edo txikitzen ari den ulertzea izan daiteke gaur egun zenbat aniztasun duen neurtzea bezain garrantzitsua. «Ulertu behar dugu zer norabidetan eboluzionatzen duten populazioek», amaitu du Ahrensek.

Koaletatik harago, gaur egun arriskuan dauden espezie askok botila-lepoak, habitat-galera eta ingurumen-aldaketa azkarrak jasaten dituzte. Ikerketa honek erakusten duen bezala, suntsipen-arriskua neurketa genetiko estatikoetan soilik oinarrituta epaitzeak handitu egiten dezake arriskua eta errekuperazioa oker sailkatzeko probabilitatea.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ahrens, Collin W.; Miller, Adam D.; Silver, Luke W.; McLennan, Elspeth A.; Hogg, Carolyn J.; Weeks, Andrew R. (2026). Escaping bottlenecks: The demographic path to genetic recovery in koalas (Phascolarctos cinereus). Science, 391, 6789, 1010–1014. DOI: 10.1126/science.adz1430


Egileaz:

Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.