Hondakinak bioolioa edo ikatz beltza bihurtzen dituen findegia

Martin Olazar ingeniari kimikoa UPV/EHUko Prozesu Katalitikoak eta Hondakinen Balioztatzea ikerketa-taldeko kidea da. Azkenaldian petrolioaren ordezko erregaiak eta lehengaiak egiteko findegi jasangarriak nola garatu ari da ikertzen bere taldearekin. Findegi hauek biomasa eta plastikoak edo pneumatikoak bezalako hondakinak erabiliko lituzkete.

Hondakinak petrolioaren ordezkoen iturri bihurtzeko, biomasarekin edo pneumatikoekin lehengaiak eta erregaiak egiteko funtsezko prozesuak garatzen ari dira UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa Sailean. Besteak beste, Martin Olazar ingeniariak findegi jasangarrietarako funtsezko prozesu bat diseinatu du, hondakinekin petrolioa ordezkatzeko.

Horretarako, ezinbesteko baldintza bat izan duela nabarmendu du Olazarrek: ingurumenari kalterik ez egitea. Iturri-ohantze konikoan oinarritutako erreaktore bat garatu du, flash pirolisiaren edo pirolisi azkarraren bidez, hondakinekin lehengaiak eta erregaiak egiteko. Erreaktorea patentatua dute eta IK4-Ikerlan ikerketa-zentroan instalazio pilotua jarri dute.

Bi lerro garatu ditu, hondakin-motaren araberakoak biak: batetik, biomasa erabiltzen duena, eta, bestetik, plastikoak, pneumatikoak eta antzekoak tratatzen dituena. Lehenbizikoan, nekazaritzako hondakinak edo basoetako biomasa erabiltzen dira. Olazarren esanean, tratatzen den masaren % 70 bioolio bihur daiteke. “Horrek esan nahi du tona bat biomasa tratatzen badugu, 700 litro inguru bioolio egiten direla”, dio.

Bioolioa

Biodiesela

Bioolioa egiteko prozesua flash pirolisian (pirolisi azkarra) oinarritzen da. “Oso pirolisi azkarra da. Guk 20 milisegundoan egiten dugu, tenperatura baxuan (500 graduan)”, zehaztu du. Tenperatura baxu horri esker, ez du energia-kontsumo handirik behar.

Pirolisiaren bidez, biomasa degradatu egiten da. Sortzen diren konposatuak berehala atera behar direla ohartarazi du Olazarrek, “bestela, haien artean erreakzionatzen hasten dira, eta interesatzen ez zaizkigun osagaiak sortzen. Horregatik da hain azkarra pirolisia”. Biomasa degradatzean sortzen diren konposatuak atera, kondentsatu, eta bioolioa egiten da.

Bioolio hori petrolioaren ordezko gisa erabil daiteke: “petrolio biologikoa da, nolabait esateko”. Olazarrek aitortu duenez, ez da petrolioa bezain ona, petrolioak ez baitu oxigenorik, bioolioak ez bezala; hori dela eta, tratatu egin behar da. Petroliotik ateratzen den edozein produktu ekoizteko erabil daitekeela azaldu du Olazarrek: hidrogenoa, olefinak eta aromatikoak, etab.

Olazarrek garbi utzi du biodieselarekin alderatuta bioolioaren prozesua askoz ere eraginkorragoa dela: “Biodiesela egiteko, berariaz aldatu behar da landarea, eta haren zati oso txiki bat baino ez da aprobetxatzen. Erabiltzen den masatik, berriz, % 10 baino ez da biodiesel bihurtzen. Aldiz, guk landare-hondakinak erabiltzen ditugu, osorik, eta % 70 lortzen dugu”.

Ikatz beltza, pneumatikoekin

ikatz beltza

Biomasa alde batera utzita, beste hondakin batzuk erabilita (plastikoak, pneumatikoak…) jatorrizko produktuak edo antzekoak egiteko diseinua ere landu du Olazarrek. Bereziki eraginkorra da pneumatikoak tratatzeko: “Kondizio jakin batzuetan egindako flash pirolisiaren bitartez, oso lehengai interesgarriak eta ikatz beltza egiten ditugu”.

Ikatz beltza da pneumatikoak egiteko lehengai nagusia. Pneumatiko zaharrak tratatuta, hondakinen % 30 ikatz beltz bilakatzen du findegi jasangarriak. “Aski du portzentaje hori errentagarri izateko”, dio. Ikatz beltz moduan ez ezik adsorbatzaile gisara ere aplikazio ugari ditu solido horrek. Gainerakoa likidoa da, eta erabilera asko izan ditzake. Sistema horren abantailen artean, era jarraituan funtzionatzen duela nabarmendu du Olazarrek. “Era horretako erreaktore bakarra da. Patentatua dugu, eta unitate ertain bat egiteko asmoa dugu”, gehitu du.

Iturria:
EHUko komunikazio bulegoa: Hondakinak, petrolioaren ordezkoen iturri.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>