Itsasoetako bero-boladak gidatzen dituzten ibai atmosferikoak
Urtez urte, gero eta altuagoa da ozeanoen gainazaleko tenperatura. Fenomeno horren atzean eragile atmosferikoak daudela jakina bazen ere, airearen eta itsas gainazalaren arteko interakzio fisikoa ez zen oraindik erabat ulertzen. Orain, ikertzaile talde batek zenbait astez milaka kilometroko tartean airearen tenperatura nabarmen igotzen duten ibai atmosferikoak identifikatu ditu. Bero-bolada horiek itsasoaren tenperatura handitzen dute, bertako ekosistemetan kalteak eraginez eta ozeanoek klimaren erregulazioan betetzen duten funtsezko zeregina kolokan jarriz.
Ozeanoak dira gure planetako klima-erregulatzaile nagusiak. Izan ere, itsasoko urak klima-aldaketa eragiten duten berotegi-efektuko gasen ondorioz metatutako gehiegizko energiaren % 90 baino gehiago xurgatzen du. Egun bizi dugun berotze globalaren testuinguruan, ozeanoetako bero-boladak (MHW, ingelesezko sigletan) gero eta ohikoagoak, luzeagoak eta biziagoak bihurtu dira, eta ondorio larriak eragiten dituzte itsasoko eta kostaldeko ekosistemetan. Fenomeno horiek dira asteetan edo hilabeteetan irauten duten ezohiko tenperatura altuko boladak, eta askotan milaka kilometrotan zehar hedatzen dira. Orain arte, bero-bolada horien jatorria eta bilakaera arautzen duten prozesu fisikoak ez dira guztiz ezagunak izan, baina Duke Unibertsitateko ikertalde batek faktore erabakigarri bat identifikatu du: atmosferako ibaiak.

Nature Communications aldizkarian argitaratutako ikerketa berriak agerian utzi duenez, atmosferan zeregin garrantzitsua dute distantzia luzeko hezetasun-korridore estu horiek itsasoko bero-boladen garapenean.
Atmosferako ibaien eragina
Atmosferako ibaiek (AR, ingelesezko sigletan) eragin desberdinak dituzte itsasoan eta lurrean. Izan ere, beren bizi-zikloaren zatirik handiena ozeanoen gainean igarotzen dutenez, itsas azaleko uraren tenperaturan aldaketa nabarmenak eragin ditzakete. Tenperaturaren gorabehera horiek ondorio ekologiko larriak dituzte; hain zuzen ere, itsas organismo asko uraren urtaroko tenperatura-baldintzetara egokituta daude, eta bat-bateko aldaketek ekosistemetan nahiz kostaldeko komunitate eta ekonomietan eragin handia izan dezakete. Bestalde, lehorrera iristean, atmosferako ibaiek muturreko prezipitazioak eragin ohi dituzte, eta bereziki ezagunak dira uholdeak sortzeko duten gaitasunagatik.
Ibai horiek eragindako bero-boladen jatorria ikertzeko, Duke Unibertsitateko ikertaldeak itsasoaren eta atmosferaren arteko erlazio fisiko-kimikoa aztertu zuen: «Ikusi nahi genuen atmosferaren eta itsas azaleraren arteko interakzio horiek zeregina izan zezaketela itsasoko bero-boladetan», azaldu du Shineng Hu-k, artikuluaren autore nagusiak. Galdera horri erantzuteko, ikertaldeak 1982tik 2023ra bitarteko satelite, ontzi eta bestelako tresnen datuak aztertu zituen Ipar Pazifikoko eta Ipar Atlantikoko ozeanoetan.
Urtaroen eta kokapen geografikoaren araberako eragina
Ikerketaren emaitzen arabera, atmosferako ibaien eta itsasoko bero-boladen arteko harremana ez da beti berdina; urtaroaren eta eskualdearen arabera aldatu egiten da. «Atmosferako ibaiek itsasoko bero-boladak bultzatzen dituzten ala ez, beroa atmosferaren eta ozeanoaren artean trukatzen den moduaren araberakoa da», dio ikertzaileak. Zehazki, bi mekanismo nagusiren arteko oreka dago jokoan. Alde batetik, atmosferako ibaiek hodei-estaldura handitzen dute, eta horrek eguzki-erradiazioa itsas azalera iristea mugatzen du; ondorioz, ozeanoa hoztu egiten da. Bestetik, atmosferako ibaiei lotutako aire-masa bero eta hezeek itsasoa berotzen dute, itsasotik atmosferara gertatzen den bero-galera murriztuz.
Bi mekanismo horien arteko oreka urtaroen eta kokapen geografikoaren arabera aldatzen da. Orokorrean, neguan, itsasoko bero-boladak gailurrera heldu baino egun batzuk lehenago, ibai atmosferikoen aktibitate handiagoa antzeman zuten ikertzaileek. Udan, ordea, egoera konplexuagoa da. Eguzki-erradiazio handiagoaren ondorioz, hodeiek eragindako hozte-efektua nabarmen indartzen da, eta ibai atmosferiko gutxiago daude itsasoko bero-boladen aurretik. Fenomeno horren efektua ere aldatu egiten da kokapen geografikoaren arabera: ibai atmosferikoek erdialdeko latitudeetan itsasoa berotzeko joera dute; eremu subtropikal eta subpolarretan, berriz, kontrako efektua eragiten dute, itsas azalera hoztu.
Klima-aldaketaren itzala eta etorkizuneko erronkak
Ikerketak ikuspegi berria eskaintzen du itsasoaren eta atmosferaren arteko muturreko fenomenoen arteko lotura ulertzeko. Izan ere, klima-aldaketak bi prozesuak indartzen ditu. «Itsasoko bero-boladak gero eta biziagoak eta ohikoagoak dira, ozeanoek berotegi-efektuko gasek metatutako gehiegizko beroaren zatirik handiena xurgatzen dutelako. Era berean, atmosferako ibaiek ere intentsitate handiagoa hartzeko joera dute, atmosfera beroagoa eta hezeagoa bihurtzen den heinean», azpimarratzen du Huk.
Orain, ikertzaileen hurrengo erronka izango da bi fenomeno horien arteko elkarrekintza klima-aldaketaren testuinguruan nola aldatuko den argitzea. Izan ere, harremanak ez dirudi noranzko bakarrekoa denik: ebidentziek iradokitzen dute itsasoko bero-boladek ere atmosferako ibaien portaeran eragina izan dezaketela. Hala, ikerketa batzuek erakutsi dute Ipar-ekialdeko Pazifikoko itsasoko bero-boladen ondoren atmosferako ibai biziagoak garatzeko joera dagoela.
Atmosferako ibaiak itsasoko bero-boladen eragile direla jakiteak horien iragarpena hobetzeko bidea ireki dezake. Ezagutza hori funtsezkoa izango da itsas ekosistemak hobeto babesteko eta kostaldeko komunitateek muturreko gertakarien aurrean duten zaurgarritasuna murrizteko; izan ere, itsas espezie askok tolerantzia oso mugatua dute tenperatura-aldaketen aurrean.
Erreferentzia bibliografikoak:
Hu, Suqiong; Hu, Shineng (2026). Detected impacts of atmospheric rivers on marine heatwaves. Nat Commun, 17, 7450. DOI: 10.1038/s41467-026-74249-9
Egileaz:
Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.