Kantauriko kostaldeko makroalgak Mediterraneokoen gero eta antzekoagoak

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Itsas algen banaketa eraldatzen ari da. Itsasoaren tenperatura igotzeak, besteak beste, eragina izan du organismo horien hazkundean, eta desorekak eragin ditu azken hamarkadetan itsas ekosistemetan, makroalgak barne.

Klima-aldaketak espezieen banaketan izan duen eragina sarri ikertu da, baina komunitate-ikuspegia gutxi aztertu da oraindik. UPV/EHUko Itsas Bentos ikerketa-taldeak lehendabizikoz iragarri du klima-aldaketaren ondorioz zer aldaketa gertatuko diren Iberiar penintsularen iparraldeko —Galiziatik Euskal Herrira— makroalgen komunitateetan.

makroalgak
Irudia: Algak klima-aldaketaren eta horrek gainerako itsas ekosistemetan dituen ondorioen adierazle onak izan litezke. (Argazkia: TheOtherBen – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Uraren tenperatura da azterketa-eremuan makroalga-multzoak banatzeko faktore nagusia. Uraren tenperaturak eragin handia du makroalgen biziraupenean, hazkundean, ugalketan eta erreklutamenduan. Mantenugaien eskuragarritasuna, berriz, bigarren mailako faktorea dela ikusi da.

Lan honen emaitzak ikusita, berrogeita hamar edo ehun urte barru klima-egoera jakin batzuetan aztertu delarik, etorkizunean Iberiar Penintsulako iparraldeko populazioak hegoaldeko populazioaren antz handiagoa izan dezaketela uste dute ikerlariek. Nahiara Muguerza UPV/EHUko Itsas Bentos ikerketa-taldeko ikertzaileak dioenez: “Eszenatoki ezkorrenean, ipar-mendebaldeko komunitateak (Galizia) gainerakoetatik desberdinak izaten jarraituko dute, eta ur hotzenetako espezieak babestuko dituzte; Iberiar Penintsulako iparraldeko kostaldeko erdiguneko eta ekialdeko multzoak, berriz, Mediterraneoko eskualdeen antz handiagoa izango dute ipar-mendebaldeko kostaldekoena baino. Ur epeletako espezieak gailenduko dira bertan”.

Algak oso sentikorrak dira klima-aldaketaren ondorioek ingurumenean eragiten duten edozein aldaketaren aurrean. Beraz, klima-aldaketaren eta horrek gainerako itsas ekosistemetan dituen ondorioen adierazle onak izan litezke. “Kostako ekosistemaren biodibertsitatea ingurumen-baldintza berriei nola erantzungo dien aurresaten lagun dezake ikerketa honek. Ezinbesteko informazioa da kudeaketa eta kontserbazio politika egokiak garatzeko”, adierazi du Muguerzak. “Beste azterketa batzuetarako interesgarria izango litzateke azterketa-eremua Iberiar penintsulako mendebaldeko kostaldera zabaltzea eta Mediterraneoko laginketa-lekuak handitzea”, erantsi du.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Kantauriko kostaldeko makroalgak Mediterraneokoen gero eta antzekoagoak

Erreferentzia bibliografikoa:

Muguerza, M.; Arriaga, O.; Díez, I.; Becerro, M.A.; Quintano, E.; Gorostiaga, J.M. (2022). A spatially-modelled snapshot of future marine macroalgal assemblages in southern Europe: Towards a broader Mediterranean region? Marine Environmental Research volume 176. DOI: https://doi.org/10.1016/j.marenvres.2022.105592

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.