Ia oharkabean pasa dira zenbait bero bolada

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ikertzaile talde batek azken hamarkadetan izandako muturreko beroaldiak identifikatu ditu. Goreneko tenperaturetara jo beharrean, batez besteko tenperaturekiko dagoen desbideraketa aintzat hartu dute. Datozen urteetan horiek handituko direla ohartarazi dute.

2021eko ekainaren 29an, Kanadako Columbia Britainiarrean dagoen Lytton herrian 49,6 °C-ko tenperaturara heldu ziren: herrialdean inoiz neurtu izan den tenperatura gorena izan zen. Tamalez, kontua ez zen soilik datu anekdotiko batean geratu: jasandako bero boladaren ondorioz, baso sute batek herriko etxebizitza gehienak suntsitu zituen. Oro har, Kanadako historian heriotza gehien eragin duen fenomeno meteorologikoa izan zen iazko bero bolada hori: ehunka heriotza izan ziren horren ondorioz.

Gertakaria Kanada bezalako herrialde batean sortua izanda, eta aintzat hartuta zorigaiztoko errekor batera iritsi zela, albistea luze eta zabal jorratu zen mundu osoko hedabideetan. Albisteak aukera asko zituen horretarako: giza alderdia jorratzen zuen —zorigaiztoek interesa pizten dute— eta, gainera, datu zehatz eta esanguratsu bat hartzen zuen: 49,6 gradu.

bero bolada
1. irudia: Bero boladek gero eta arazo gehiago sortzen dituzte, eta adituek uste dute egoera okertuko dela, klima-aldaketak eragindako beroketa globalaren ondorioz. (Argazkia: Juanma Gallego)

Alabaina, lehen itxura batean, bederen, hain esanguratsuak ez diren errekorrak Kanadan gertatutakoa bezain kezkagarriak izan daitezke, zientzialari talde batek ohartarazi duenez. Adibidez, 1998ko apirilean Asiako Hegoaldean 32,8 °C-tara iritsi ziren. Lehen begi kolpean, ez dirudi asko, are gutxiago duela gutxi 49,6 gradu aipatu ditugunean. Arazoa da Asiako Hegoaldean ere tenperatura hori oso arraroa dela bertako estandarretarako; altuegia, inguru horretan bertan izan ohi diren tenperaturekiko.

Hain justu, alderdi honetan jarri dute arreta ikertzaileek: 1950eko hamarkadatik munduan izan diren bero olatu latzenak aztertu dituzte Science Advances aldizkarian. Baina, beste hainbat lanetan ez bezala, oraingoan ez diete erreparatu tenperatura absolutu handienei. Hori beharrean, batez besteko tenperaturekiko desbiderapena aintzat hartu dute. Horri esker, are larriagoak izan ziren olatuak identifikatu dituzte, orain arte horien berri zabala eman ez bada ere.

Bero bolada handiak identifikatzeko metodologia berri batez baliatu dira zientzialariak. Hala, erregioen araberako banaketa bat egin dute, tenperaturek ez dutelako eragin berdina planeta osoan. Egunaren tenperatura aintzat hartu dute, eta ikusi dute horiek zenbatetan desbideratu diren erregio horretan izan ziren batez besteko tenperaturekiko. Zehazki, Europako ERA5 eta Japoniako JRA55 datu-baseak erabili dituzte, eta horiekin kalkulatu dute zein izan den beroaldi bakoitzaren desbideratze tipikoa tokian tokiko ohiko tenperaturen aldean.

Emaitzek nahiko ezagunak izan diren bero olatu batzuk erakutsi dituzte —bereziki, Ipar Amerikan gertatutakoak—, baina azaleratu dira orain arte ia-ia oharkabean pasatu diren beste zenbait muturreko beroaldi. Horien artean, handiena Asiako Hegoaldean 1998ko apirilean aipatutako hori izan zen. Baina azaleratu dira ere ospea hartu ez duten beste hainbat. Kasurako, Brasilen 1985eko azaroan, 36,5 °C-tara iritsi ziren, eta, datu berri haien arabera, hori izan da, hain justu, bigarren olatu altuena, Asia Hegoaldekoaren atzetik. Ondoren etorri dira AEBtako hegoaldean 1980ko uztailean gertatutako bat —38,4 °C—, Alaska hegoaldean 2019ko uztaileko bat —23,8 °C— edota Perun 2016ko urtarrilean izandakoa —23 °C—.

Vikki Thompson Bristolgo Unibertsitateko klimatologoak garrantzitsutzat jo du bero bolada baten larritasuna ebaluatzea tokian tokiko tenperaturaren aldakortasunarekiko. “Bai gizakiak zein ekosistema naturala faktore honetara egokituko dira, baina aldakortasun gutxien dagoen eskualdeetan muturreko tenperatura absolutu txikiago batek eragin kaltegarriagoak izan ditzake”, adierazi du egileak prentsa ohar batean.

bero bolada
2. irudia: Ohiko tenperaturekin alderatuta munduan izan diren muturreko beroaldirik handienak 1950. urtetik, “klima-aldaketarako joera aintzat hartu gabe”. Magnitudeak batez besteko tenperaturekiko desbideratze gisa adierazita daude, eta kolore ilunagoek mutur handiagoak adierazten dituzte. (Irudia: Bristolgo Unibertsitatea)

Zientzialari hauen ustez, bolada hauetako batzuk ia oharkabean pasa dira herrialde txiroetan gertatu direlako. “Gaur egun klima-aldaketa mundu mailako osasun arazo handienetakoa da, eta erakutsi dugu garatutako mundutik kanpoko beroaldi hauek neurri handi batean oharkabean pasatu direla”, azaldu du Dann Mitchell ikertzaileak. Egileek erantsi dute beroaren eragina herrialde baten heriotza-tasan “milaka heriotzena” izan daitekeela. Zentzu honetan, nabarmendu du ohiz kanpoko tenperaturak jasaten dituzten herrialdeak zaurgarrienak direla egoera honen aurrean. “Kasualitatez duela gutxi muturreko bero bolada bat izan ez duten eskualdeak agian ez daude horren prestatuta iristear egon daitezkeen gertakizunetarako”, ohartarazi dute ikerketa artikuluan.

Azken urteotan ikerketa gehienek aurreikusten dutena ere berretsi dute azterlan berri honetan. Etorkizunean egon daitezkeen antzeko bero boladak ikertzeko proiekzio klimatikoetara jo dute ikertzaileek. Espero zitekeen moduan, ikusi dute olatu hauek handiagoak izango direla planetako tenperatuek gorago jo ahala.

Iaz Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek antzeko ohartarazpena egin zuen. 732 hiritako datuak aztertu zituzten, beroaldiek eragindako heriotzak kuantifikatu nahian. Egiaztatu zuten biktimen kopurua handitzen ari dela. BERRIAk jaso zuenez, ikerketan kalkulatu zuten Hego Euskal Herrian urte bakoitzeko 33 lagun hiltzen direla klima-aldaketaren ondorioz gertatutako muturreko beroaldien ondorioz. Hiriburuz hiriburu, hauek lirateke egindako balioespenak: hamahiru heriotza Bilbon, zazpi Iruñean, zazpi Donostian, eta sei Gasteizen.

Beroaldi hauek noraino diren klima-aldaketaren emaitza ondorioztatzeko, oraingo beroaldiek eta iraganekoek eragindako osasun kalteak alderatu zituzten ikerketa horretan, besteak beste, parametro meteorologikoak aintzat hartuta. Horri esker, adituek giza jarduerekin lotutako beroketa eta inpaktu sanitarioa joera naturaletatik bereizi ahal izan zituzten.

Orduan ere berretsi zuten beste hainbatetan agerian utzitakoa: klima-aldaketari lotutako heriotza gehienak herrialde txiroetan gertatzen direla, hots, berotegi efektuko gas gutxien isurtzen dituzten herrialdeetan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Thompson, Vikki et al. (2022). The 2021 western North America heat wave among the most extreme events ever recorded globally. Science Advances, 8 (18). DOI: https://doi.org/10.1126/sciadv.abm6860

Vicedo-Cabrera, A.M., Scovronick, N., Sera, F. et al. (2021). The burden of heat-related mortality attributable to recent human-induced climate change. Nature Climate Change, 11, 492–500. DOI: https://doi.org/10.1038/s41558-021-01058-x


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.