Gabrielle Charlotte Lévy, “estatua bizidunen” neurologoa
Gaur egun oraindik aztertzen ari diren sindrome edo nahasmendu neurologiko batzuen deskubrimenduaren atzean Frantziako zientzialari baten izena dago, XX. mendearen hasieran neurologiaren zientzian mugarri izan zena. Gabrielle Charlotte Lévy da zientzialari hori; Europan Santiago Ramón y Cajal espainiarrak bultzada handia eman zion diziplinan lan egin zuen lehen emakumeetako bat izan zen, baina ez zuten elkar ezagutu. Gazte hil zen, 48 urterekin, eta, hain zuzen ere, garuneko gaitz baten ondorioz. Hortaz, ezin izan zuen legatu handiagoa utzi, baina utzitakoa ezinbestekoa izan da zientziarako.
Lévy Parisen jaio zen 1886ko urtarrilaren 11n, klase ertaineko familia batean. Bere aitak, Emile Gustave Lévyk, ehungintzan egiten zuen lan, eta Gabrielle izan zen familiako alaba bakarra. Gizonez inguratuta zegoen. Gogo argiko emakumea zen eta berehala nabarmendu zen bere jakinguragatik. Seguruenik bere ingurukoek sorpresaz hartuko zuten medikuntza ikasteko hartu zuen erabakia, orduan emakumeek ez baitzuten halakorik ikasten. Horiek horrela, 1911n, 25 urterekin, kanpoko ikasle gisa matrikulatu zen Pitié-Salpêtrière ospitalean; gero, haur gaixoen ospitalera joan zen; eta, ondoren, Beaujon ospitalera. Hil zenean Journal of Nervous and Mental Diseas aldizkarian argitaratu zuten hileta oharrean, “dedikazio eta adimen handiko kualitateak” zituen gazte gisa deskribatu zuten.

Lehen Mundu Gerran, Gabriellek soldaduek frontetik ekartzen zituzten lesioak ikasten hasi zen. Eta, gatazka amaitu ondoren, Salpêtrièrera itzuli zen. Garai hartan sinatu zuen Pierre Marie mentore eta lankidearekin batera bere lehen artikulu zientifikoa, entzefalitis letargikoarekin lotutako mugimenduaren nahasmenduen hamar kasuri buruzkoa; epidemia hori duela urte batzuk hedatzen ari zen Europan, eta oso informazio gutxi zegoen horri buruz.
Salpêtrièren, Lévyren gaitasunaz jakitun, laster eman zizkioten Marieren laborategiko buruaren lanak, eta kargu horretan aritu zen 1920tik 1922ra arte. Ondoren, Patologia saileko laguntzaile izendatu zuten, eta lan hori egin zuen 1926ra arte. Mediku elkartu gisa ere hasi zen lanean Paul-Brousse ospitalean, non hil baino pixka bat lehenago fakultatibo buru izendatu zuten.
«Estatua bizidunen» misterioa
Gerra arteko aldi horretan, bere ikerketak neurologiaren esparrura lotuta egon ziren. Zientzia hori hamarkada horretan finkatu zen psikiatriaz bestelako diziplina gisa, teknologia diagnostiko berriei esker. Entzefalitis letargikoari, edo epidemikoari, buruzko lan horrek markatu zion bidea, eta zenbait urtez ikertu zituen hamarkada horretan milioika pertsonari eragin zien gaixotasuna gainditu ostean geratzen ziren ondorioak. Biktimei garunaren zati bat inflamatzen zitzaien, eta paralizatuta edo zurruntasun muskularrak eraginda geratzen ziren; horregatik esaten zieten “estatua bizidunak”. Gaur egun oraindik ez dakigu zergatik hedatu zen hainbeste. Hipotesi onartuena da sistema immunologikoa nahastea lortu zuen agente infekzioso baten ondorioz gertatu zela.
Gabrielle horretan zentratu zen, eta beste hamahiru artikulu argitaratu zituen sindrome postentzefalitikoei buruz. Jakin nahi zuen ea sendatu eta urteak igarota, pertsona horiek inpakturik bazuten. Lan horiekin 314 orrialdeko tesi bat osatu zuen. 1922an argitaratu zen, Contributions à l’étude des manifestations tardives de l’encéphalite épidémique (Ekarpenak entzefalitis epidemikoaren seinale berantiarren ikerketari) izenburuarekin. Lan horrek mundu mailako erreferente bihurtu zuen neurologiaren esparruan. Ikerketarako, Salpêtrièren jasotako 129 kasu aztertu zituen, eta 700 erreferentziatik gora bildu zituen. Eduard Feindel izan zen tesia berrikusteko aditu arduraduna, eta adierazi zuen “egitate eta ideia originalez beteta” zegoela. Are gehiago, 1925ean beste lankide batzuei sarbidea errazteko liburu gisa argitaratu zen.
Aurrerago, 1926an, Gustav Roussy bere lankidearekin estuago kolaboratzen hasi zen. Urte horretan bertan, lan bat argitaratu zuten distasia arreflexibo hereditarioa zuten zazpi paziente deskribatuta, gerora Roussy-Lévy-ren sindrome gisa ezaguna izango zena, haien omenez. Nahasmendu arraroa da; masa muskularraren galera progresiboa eragiten du geneen mutazio baten ondorioz. Gene horiek garunetik muskuluetara nerbio seinaleak bidaltzeko beharrezkoak diren proteina batzuk kodifikatzen dituzte. Horren guztiaren ondorioz, mugikortasuna galtzen da.
Gainera, Roussy nagusiki onkologoa zenez, bere zuzendaritzapean, Gabriellek neuroonkologiari buruzko zenbait berrikuspen idatzi zituen, eta garuneko tumoreetarako erradioterapiaren erabileran ere kolaboratu zuen, garai hartan aitzindaria zena erabat.
Bizitza zientifikoari eman zion lehentasuna, eta bizitza pertsonala bigarren planoan utzi zuen. Ezkontzearen edo bere karrerarekin aurrera jarraitzearen artean erabaki behar izan zuenean —beste garai bat baitzen—, bigarrenaren alde egin zuen. Hori dela eta, ukatu egin zuen estimatzen zuen oftalmologo baten ezkontza proposamena. Roussyk hau esan zuen Lévyri buruz: “inguruabarren eraginez, bere lana, bere ikerketa eta bere lanbidea ziren bere izateko arrazoia”. Lankidearen arabera, zientzialariaren izaerak markatzen du bere obra osoa: behaketa zorrotza, analisiarekin jarraitzeko erabakitasuna, eta berritzat edo arrarotzat jotzen zuen lesio edo sintoma bakoitza behin eta berriro egiaztatzeko nahia. Jakingura infinituak guztiaren jatorria bilatzera bultzatzen zuen, arrazoizko azalpena aurkitzen zuen arte. “Ikusten zuena lehenago beste batzuek behatutakoarekin alderatzeko pazientzia zuen, bai eta bere aurkariekin bere baieztapenen baliozkotasunari buruz eztabaidatzeko gustua ere. Dialektikan nabarmentzen zen, memoria handia eta atzerriko hizkuntzen ezagutza bikaina zituelako”, adierazi zuen bere lankideak.
Izan ere, Roussy bere kolaboratzaile baliotsua galdu zuen espero zuena baino askoz ere lehenago. Izan ere, 1934ko urriaren 6an, deskubritu zuen sindromeari buruzko artikulu berri bat berrikusten ari zela, soilik 48 urterekin, zientzialaria hil egin zen, bere buruari diagnostikatu zion nerbio-sistemaren gaixotasun baten ondorioz. Hala ere, horrek ez zion eragotzi bere azken egunetara arte oso lan txukuna egin ahal izatea. Bere familiak esango zuen bere bizitza labur ia osoa dedikatu zuela bizitza bera kendu zion gaitza ikertzera, baina ez dakigu benetan hala izan zenik.
Iturriak:
- Koehler, Peter J. (2018). Gabrielle Lévy and the Roussy-Lévy syndrome. Journal of the History of the Neurosciences 27(2), 117-144. DOI: 10.1080/0964704X.2018.1423848
- Gabrielle Charlotte Lévy, Wikipedia
- Síndrome Rossy-Lévy. Wikipedia
Egileaz:
Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko otsailaren 3an: Gabrielle Charlotte Lévy, la neuróloga de las “estatuas vivientes”.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.