Ada Lovelace: dena kalkulatua zuen matematikaria

Argitalpenak

“Zenbakien liluratzaile honek haren aztikeria bota du zientziaren artean abstraktuena denaren gain, eta gizon adimentsu gutxik (gure herrialdean behintzat) haren gainean eragin zezaketen indarrarekin baino gogorrago heldu dio.”

1843-IX-9: Charles Babbagek Michael Faradayri idatzitako gutuneko esaldi bat.

1. irudia: “Ada Lovelace, zenbakien liluratzailea” komikiaren hasierako irudia. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

Ada jakin-minez betetako neskatoa izan zen beti. Txikitan hegan egiteko makinak asmatzen zituen eta matematikan zuen interesa hazi egin zen bera ere hazten zihoala. Charles Babbage matematikari eta ingeniariak makina analitiko bat diseinatu zuen tabulazio- edo konputazio-programak egiteko eta horrek Adaren interesa piztu zuen. Tramankulu haren askotariko aukerak antzeman zituen Adak, sortzaileak berak imajinatzen zituen gauzetatik harago jo eta askoz gehiago ikusten zuelarik. Bere matematika ezagutzekin eta bere sorkuntzarako zuen gogo eta senarekin, Adak algoritmo bat idatzi zuen, Babbagen makina analitikoak kalkuluak giza esku-hartzerik gabe egitea lortuko lukeena. Hau izan zen, askok historiako lehen programa informatikotzat hartzen duten formula matematikoa.

Augusta Ada King matematikaria, Lovelaceko kondesa (1815-1852), abenduaren 10ean jaio zen. Batez ere, Charles Babbageren makina analitikoari buruzko lanagatik da ezaguna baina horrez gain, ordenagailuek zenbakizko kalkulu sinpleak gainditzeko duten ahalmena iragarri zuen.

2. irudia: “Ada Lovelace, zenbakien liluratzailea” komikiaren amaiera. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

“Ada Lovelace, zenbakien liluratzailea” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren azken alea da. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira. Orain arte, Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, Aristoteles edota Hipatiaren istorioak argitaratu dituzte.

Irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, besteak beste, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu egitasmoak. Horrez gain, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi da, eta erakustea zientzia ez dutela jenio handiek egiten, zientzialari guztiek elkarrekin pentsatuz baizik.

Argitalpenaren fitxa:

  • Izenburua: Ada Lovelace, zenbakien liluratzailea
  • Egilea: Jordi Bayarri
  • Itzultzailea: Maialen Berasategi
  • Argitaletxea: Ikaselkar, 2020
  • Orrialdeak: 47 orrialde
  • ISBNa: 978-84-17538-99-6

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.