Infografiak, zientziaren hedabide

Dibulgazioa · Mugaldea

XVIII. mendearen bukaera aldean eta XIX. mendearen hasieran, zientzia iristen hasi zen herri xehera, zientzialari, aditu, filosofo, noble eta erregeengandik harantzago.

Garai haietan, zientzia zabaltzeko, idatzi eta argitaratu besterik ez zen egiten, beti ere zientzia-ohorea erdiesteko lasterkan lehena izateko asmoz. Pixkanaka, gizon-emakume haietako batzuk hitzaldiak ematen hasi ziren eta horrela, jende askori aurkeztu zizkioten bere aurkikuntzak. Erromantizismoaren Zientziak erronka berria zuen: “azaldu jende arruntari, hezi jende arrunta. Horixe izan zen jendaurreko hitzaldien lehenengo garaia. Laborategi-saioetan lortutakoak plazaratzen ziren horrela, eta gainera, dibulgazio-liburu ugari argitaratu ziren; haietako batzuk, emakumeek eginak ziren”. (Philip Ball)

infografiak zientziaren hedabide
1. irudia: Arnasketaren hiru prozesu erakusten dituen infografia.

Egun (ia) guztiok dakigu zientzia gizarte osoari helarazi behar zaiola. Uste ez bezala, orain ez dugu gure aurretik garai batean izan ziren zientzialariek baino lan samurragoa. XIX. mendean eta XX. mendean ere, jendea ezusteetara emana zen; zientziaren aurkikuntzak goraipatzeko prest zegoen, nolabait ustekabekoak eta magikoak zirelako. XXI. mendeko zientziak aldiz, etsai latza du: estimulu gehiegi iristen zaizkio gizarteari. Informazioa gainera (ustez) ederrak diren lumez jantzita iristen da. Zientzia lehian dago (eta lehian egon behar du) arreta lortzeko eta bere burua ezagutzera emateko. Eta hori lortzeko ahaleginak egin behar ditu ezinbestez…baina hori beste kontu bat da.

Munduan den ezagumendu garrantzitsuak, hau da, zientziak, gogor borrokatu behar du eten gabeko eta mugarik gabeko informazio-ibai batean hondotik gora azaleratzeko.

Zeregin horretan, infografia gero eta egokiagoa bilakatzen ari da, informazioa ahalik eta erakargarrien erakusteko unean. Zer esanik ez, badaude infografia zoragarriak, eta badaude izugarri ezdeusak direnak ere. Badaude itxura izugarria izanda edukian hutsalak direnak… eta alderantzizkoak ere bai: jakingarri handia daukatenak oso era traketsean eta ulertezinean aurkezten dira batzuetan.

Egokia izango bada, honelako ezaugarriak bereganatu beharko ditu infografia batek:

  • Edukia interesgarria izan behar da. Munduan den oro erakuts daiteke infografia batean, baina munduan den oro ez da interesgarria.
  • Dibulgatu nahi dena, aurretik sakonki eta arreta handiz aztertu eta antolatu beharko da. Infografiagileek datu-iturrietara jo beharko dute. Gainera, egileak ulertu egin beharko ditu datu horiek, eta erabaki egin beharko du zer den hedatu beharko dena, eta zer utz daitekeen gizarteari helarazi gabe.
  • Zorrotz landu beharko da diseinua. Kontua ez da polita, deigarria edo desberdina izatea soil-soilik. Komenigarria da, bai, polita eta erakargarria izatea, baina eduki hori helarazteko erarik egokiena aurkitzea da erronka nagusia.
  • Infografiak elkartrukea eragingo badu zientziaren eta jendearen artean, interfazea erabiltzen erraza izan behar da, “lagunkoia” behar dugu eta ez hieroglifo ulertezina.

“Snake Oil Supplements? Scientific evidence for popular health supplements” izenekoa, infografia egokia da, “Information is beautiful” orriak egina. Izan ere, bete beharreko ezaugarri egokiak betetzen ditu infografia honek.

info-2
2. irudia: “Snake Oil Supplements? Scientific evidence for popular helath supplements” izeneko infografia.

Datuak eta ikerkuntza-lanak bilduta, irudikapen zehatz, erakargarri eta erabiltzen erraza egin du, janeurri osasuntsua duen heldu bati ustez onuragarriak gertatzen zaizkion erremedio naturalei buruz. Gerta daiteke eragin onuragarri horiek benetan zientzia bidez erabat egiaztatuak izatea. Gerta daiteke ordea jakinduria ezak bultzatuta frogatu gabeko baieztapenak sinestea. Are txarrago, hainbatetan zientziak agerian utzi du ustezko erremedio horietako batzuk kaltegarriak edo alferrikakoak direla. Edonola, datuak ondo taxututa eman behar dira, garrantziaren arabera, izaeraren arabera edo zientziarentzat eta gizartearentzat daukaten interesaren arabera.

Infografia honetan bildu dira bada erremedioak, erabilerak, izaera eta ustezko onurak. Bertan daude era berean beraiei buruzko azken zientzia-lanak. Oso infografia ona da, kuxkuxean ibiltzeko, ikasteko edo ikertzeko. Gainera, etengabe berriztatzen dute orria, datu berriak gehituz.

12-16-14
3. irudia: Haurdunaldian egoerak islatzen dituen infografia.

Oso desberdinak dira Eleanor Lutzen infografiak, muskuluek egiten duten lana, edo haurdunaldiaren egoerak islatzen dituztenak. Infografia bakunagoak dira, eta adituentzat oso ezagunak izan daitezke bertan eskaintzen diren zehaztapenak, baina oso erakargarriak dira jendaurre zabalago batek ikusteko.

Infografiak ez dira berez helburu. Zehaztapenak aurkezteko tresna dira, informazioa ulertzen eta ikusten errazagoa egiteko tresnak. Izan ere, egungo ikus-entzuleak oso ohituta daude ikus-entzunezko estimulu erakargarriak hartzen, eta bide hori jorratu behar du zientzia-dibulgazioak.

Berezko zientzia-lanak bezala, era erakargarrian biltzen eta aurkeztuz lanak dibulgazioa ere hobetu daiteke. Lan bat bera ere ez da ezin hobea, baina onartu beharrekoa da zientzia infografiez baliatu behar dela, mundu guztiarengana iristeko.

Kasu honetan, adierazi egin beharko litzateke ikasketa guztietatik zein dauden Europako Osasun Ziurtasuneko Erakundeak babestuta. Horrela, jakin genezake jaiak edo elikagaiak badauden ala ez dauden onartuta Europar Batasunean.


Egileaz: Ana Ribera (@molinos1282) historialaria da eta telebistan dihardu lanean duela 14 urte.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.