Beroa
Orein jauzilaria (Antidorcas marsupialis) eta elur-oreina (Rangifer tarandus) belarjale hausnarkariak dira. Ezaugarri anatomikoei dagokienez, ez dira oso desberdinak.
Orein jauzilariak ez du ia larru azpiko gantzik eta ilaje mehea du. Elur-oreinak, berriz, larru azpiko gantz-geruza eta ilaje lodiak ditu. Afrikako sabanan bizi da lehena eta askotan egin behar izaten du ihes gepardoengandik. Bero-gainkarga pairatu behar du lasterka egiten duenean, eta beraz gehiegizko bero hori ahalik eta lasterren galtzea komeni zaio. Horregatik da baxua ingurunearekiko duen isolatze-maila.
Elur-oreinak bestalde, kontrako arazoa dauka. Klima hotzean bizi da, Zirkulu Artikoan, eta isolatze-maila altuari esker saihets dezake klima horretan jasan lezakeen gehiegizko bero-galera. Otsoengandik lasterka alde egin behar duenean, baina, bero-gainkarga pairatu behar izaten du, eta orduan hatsanka hasten da, txakurrak bezala, gehiegizko beroa galtzeko[1]. Ingurunearekiko isolamendu-maila da, beraz, bi orein horien arteko desberdintasun nagusia.
Hiena tantoduna (Crocuta crocuta) eta hiena nabarra (Hyaena brunnea) elkarrengandik oso hurbil bizi dira. Namibia, Botswana eta Hegoafrikako basamortu beroan bizi da hiena tantoduna. Oso ile laburrak ditu. Hiena nabarrak, berriz, ile luzeak ditu; Namibiako kostaldean bizi da, eta han hotza egiten du. Berriz ere, ingurunearekiko isolamendu desberdina duten bi espeziez ari gara, eta oreinen kasuan bezala, ingurumen-tenperaturaren araberakoak dira isolatze-maila horiek.
Isolamendu-maila, dirudienez, erraz alda daiteke espezieak ingurumen berrietara moldatzen direnean. Esaterako, Cook kapitainak Zeelanda Berrira ile laburreko txerri tropikalak (Sus scrofa) eraman eta han utzi zituen. Bada, ilaje lodia dute orain txerri horien ondorengo basatiek. Hortaz, Zeelanda Berrian ez bide du bero handirik egiten.
Oharra:
[1] “Munduko bi gauza hotzenetako bat” izenburuko atalean azalduko dugu hatsankatzeak tenperatura-eraenketan duen garrantzia.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.