Asteon zientzia begi-bistan #84

Uxue Razkin

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

zientzia begi-bistan 84

Arkeologia

El Molí del Salt aztarnategian (Tarragona) indusketak egin ostean, arte higigarriko pieza bat topatu dute. Goi Paleolitokoa da hori, 13.000 eta 14.000 urte bitartekoa. Zientzia Kaieran azaltzen digutenez, eskistozko plaka bat da, 18 cm-ko luzera eta 8,5 cm-ko zabalera du, eta zazpi motibo erdizirkular ditu. Ikusi dute plakan irudikatutako motiboen forma ezaugarriak bat datozela etnografiaren bidez ezagutzen diren ehiztari-biltzaileen taldeek (Kalahariko boskimanoek, Australiako aborigenek…) eraikitako etxolekin. Zergatik da berezia pieza hori? Bada, orduko artean animalien irudiak eta ikur abstraktuak izan zirelako nagusi. Horretaz gain, arte profanoa ere bada, ez du inplikazio ideologikorik. “Kontuan hartzen badugu kanpamentuak ehiztarien gizarte egituraren adierazpen espaziala direla, El Molí del Salteko plaketa talde sozial baten aurreneko irudikapena izan daiteke” adierazten du Manuel Vaquerok. Ikertzailearen hitzetan, artearen historian dokumentaturiko lehenengoetariko paisajismo adibide bat litzateke.

Berriak ere eman du honen berri. Piezaren bereizgarria azpimarratu du Juanma Gallego kazetariak artikuluan. Ez direnez animaliak edo gizakiak azaltzen, gizateriaren lehen gizarte paisaiatzat jo dute aurkikuntza. Garcia Diez, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak azaltzen du: “Lehenagotik Historiaurreko aztarnategietan etxolen irudiak izan daitezkeen bi kasu ezagutzen ziren, biak Europan, baina era bakanean eta oso modu eskematikoan”. Guztira, zazpi dira agertzen diren formak eta hori bada garrantzitsua: “Etnografiara jotzen badugu, zazpi etxola azaldu izana ere oso esanguratsua da, gaur egungo ehiztari-biltzaile talde gehienek eraikitzen dituzten herrixkak bost-hamar etxolaz osatuta daudelako”.

Biologia

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia animalien larruazalari buruz mintzatu dira. Horretarako, bi animalien adibideak ekarri dituzte testura: orein jauzilaria eta elur-oreina. Ezaugarri anatomikoei dagokienez, horiek ez dira oso desberdinak. Egileen esanetan, orein jauzilariak ez du ia larru azpiko gantzik eta ilaje mehea du. Elur-oreinak, berriz, larru azpiko gantz-geruza eta ilaje lodiak ditu. Afrikako sabanan bizi da orein jauzilaria. Honek askotan ihes egin behar izaten du gepardoengandik eta bero-gainkarga pairatu behar du lasterka egiten duenean. Beraz, gehiegizko bero hori ahalik eta lasterren galtzea komeni zaio. Elur-oreinak kontrako arazoa dauka. Hau da, klima hotzean bizi da, Zirkulu Artikoan. Otsoengandik lasterka alde egin behar duenean, bero-gainkarga pairatu behar izaten du, eta orduan hatsanka hasten da, txakurrak bezala, gehiegizko beroa galtzeko. Ingurunearekiko isolamendu-maila da, beraz, bi orein horien arteko desberdintasun nagusia.

Kimika eta elikagaiak

E marka daramaten janariei erreparatu die Maria José Morenok. Artikulu honetan azaltzen dizkigu elikagaietan aurkitzen ahal diren zenbait gehigarri eta horien ezaugarriak. Aipatzen dituenak Europar Batasunak baimenduak dituenak dira. Hortaz, behar bezalako kontrolak iragan dituzte. Horien artean, E-100 Kurkumina aipatzen du. Izen bereko landare baten errizoma batetik ateratzen da eta batez ere kolorea emateko erabiltzen da. Curryan sartzen da adibidez. Indian duela 2.500 urte erabili da, ehunak eta bestelakoak tindatzeko. Medikuntza arloan, aipatzekoa da kurkumak tumore, artritis eta oxidazioen aurka egiten duela. Diabeteak jotako animalietan behintzat, frogatuta dago gibela eta giltzurrunen funtzionamendua hobetzen duela. Horrekin batera, E-330 Azido zitrikoa azaltzen digu. Hainbat fruta eta barazkitan dago batez ere limoia edo laranja bezalako fruta zitrikoetan. Zapore mingotsa du, baina bere propietate bereziei esker, kontserbagile ona da, eta pH-aldaketak leundu egiten ditu. Zerrenda luzea proposatu digu Zientzian Kaieran plazaratu duen artikuluan.

Neurozientzia

Nazioarteko ikerketa talde batek 1.400 eskaner behatuta, frogatu du garunek ez daukatela generorik. Egia da ikusi dutela gizonen artean gehiago errepikatzen diren ezaugarri batzuk badaudela, eta emakumeen artean sarri agertzen diren beste batzuk ere. Baina ez dago sexuak baldintzatutako patroi bat. Gai grisa, gai zuria, lotura neuronalak eta garunaren kortexaren lodiera aztertu dituzte baina ez dute topatu gizon edo emakume guztien garunetan ageri den elementu komunik. Hala ere, eskanerretan generoaren araberako kontraste handiena erakutsi zuten hamar atalak hartu zituzten eta azterketa sakonagoa egin zuten. Adibidez, memoriarekin zerikusia duen atala handiagoa da ikertutako gizonen burmuinetan. Ezker hipokanpoaren adibideari jarraituz, gizonek oro har hipokanpo handiagoa izateak ez du esan nahi kasu guztietan hori gertatzen denik: emakume batzuena gizonen batez bestekoa baino nabarmenagoa da, eta gizon batzuena, berriz, emakumeen batez bestekoa baino txikiagoa. Irakurri Amaia Portugalek idatzitako artikulu interesgarria.

Sare sozialak

Sare sozialak oso tresna baliagarriak eta eraginkorrak izan daitezke bakardadean edo baztertuta bizi diren pertsonentzat. Hala azaldu du Eguzki Urteaga soziologo eta UPV/EHUko irakasleak Berrian. Maria Morenos soziologoak ere eman du honi buruzko iritzia: “Oso tresna garrantzitsuak izan daitezke, batez ere bakardadean daudenek jasaten duten isolamendu, bazterketa eta estigmatizazio egoerak dakarren haustura edo arrakala josten hasteko. Betiere ondo erabilita, eta garbi izanda sare sozialen bidezko harremanak ezin direla izan aurrez aurrekoen ordezko. Osagarriak izan behar dute. Ez da galdu behar aurrez aurreko komunikazio hori”. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>