Asteon zientzia begi-bistan #48

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: Nicolas Reusens

Argazkia: Nicolas Reusens

Tik, tak, tik, tak… denboraren orratzek ez dute geldiunerik.

Atzera begiratuz gero, neandertalekin egingo dugu topo. Joseba Rios arkeologoa Bizkaiko neandertalen urratsen atzetik ibili da eta Ianire Renobales kazetariak honen berri eman digu Berrian. Bizkaiko lehen neandertalak duela 200.000 urtekoak izango omen ziren, eta azkenak, gutxi gorabehera, orain dela 40.000 urtekoak. Lurralde osoan bizi izan ziren eta leku batetik bestera mugitzen ziren etengabe. Arkeologoaren arabera, 100.000 urtean baino gehiagoan bizi izan ziren Bizkaian. Datu guztiak Kultura neandertala ez da berez existitzen artikuluan.

Neandertalen sasoia utzi eta Paleolitora goaz. Elhuyar aldizkarian Ana Galarragak Debako Erlaitz kobazuloan aurkitu dituzten Paleolitoko grabatuen berri eman digu. Grabatuok animalien itxura dute eta besteak beste, garbi bereizten dira zaldi-buru batzuk, uroak eta orein eme bat. Irudiok 22.000-15.000 urte dituztela kalkulatu dute Alvaro Arrizabalagak, historiaurrean adituak, eta haren taldeak.

Beste mota bateko arrastoekin goaz jarraian, molekulen hatz-markekin. JonMattin Matxainek kontatzen digu Zientzia Kaieran, marka hauek bereziak direla, izan ere, molekula bakoitzak marka desberdina uzten dute, bai eremu ultramorean, bai infragorrian, bai mikrouhinetan. Eremu hauei so eginez, exoplaneta baten atmosferan zein molekulak dauden ikus daiteke.

Bereziak badira molekulen arrastoak, ez da gutxiagorako Amaia Portugalek ezagutarazi digun erlojua. Zientzia Kaiera blogean kontatu digu, Tokioko Unibertsitateko ikertzaileek erloju atomikoak baino zehatzagoa den ordulari berri bat garatu dutela. Atomoetan oinarritutako denbora neurketari bestelako buelta bat emanez, sare optikoen erloju kriogenikoa sortu dute.

Luze jo zuen gertaera bati erreparatu dio Nagore IrazustabarrenakArgia aldizkarian. Imajinatzen duzue 26 mende iraungo luken obra publiko bat? Ez baduzue imajinatu nahi ere egin, inoizko obra publikorik luzeena zein izan den kontatzen digu Nagorek, Korintoko kanala. 6,3 kilometroko luzera du eta Korintoko golkoa eta Egeo itsasoa batzen ditu. 1893. urtean bukatu zuten, proiektua diseinatzen hasi eta bi milurteko eta erdi geroago.

Fukushimako zentral nuklearraren istripuak laugarren urteurrena beteko du martxoaren 11an. Ikerlarien ustez historiako istripu nuklearrik kutsagarriena izan da, baina ez dakite oraindik zehatz-mehatz zeintzuk izango diren ondorioak. Eta, orain arteko ondorioak ebaluatzea zaila da, erradiazioak isurtzen darraielako. Azken lau urteotan saiakera zientifikorako gune bilakatuko da zentrala eta bertan aurrera eraman duten azken probaz hitz egin digu ArgianJoxerra Aizpuruak: Partikula subatomikoak Fukushimako erregaia bilatzeko.

Matematikaria eta ingeniaria zen Claude Shannon eta haren lana egungo teknologiaren oinarria da. Aurreneko konputagailu analogikoarekin lan egin zuen, misil alemaniarren aurkako sistemak diseinatzen lagundu zuen, eta kriptografian ere aritu zen. Baina horrez gain, Shannonek distantzia luzeko komunikazioak hobetu zituen informazioaren teoria garatuz. Ines Garmendiak ematen digu haren ekarpenen berri Zientzia Kaiera blogean: Claude Shannon, gizona eta seinalea.

—––

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>