Hesteetako mikrobiotaren eta zahartzaroak eragindako memoria-galeraren arteko erlazioa
Urteetan uste izan da zahartzaroak eragindako memoriaren galera garunaren endekapenaren ondorio dela bakarrik, eta bertan dauden neuronek gaitasuna galtzen dutelako gertatzen dela. Azken hamarkadetan ikerketa biomedikoan egindako aurrerapenek argi adierazten digute beste organo batzuek ere eragin dezaketela burmuinean; horien artean, hesteek eta bertan gertatzen diren prozesuek garrantzia izan dezaketela burmuinaren bilakaeran.
Nature aldizkarian argitaratu berri den ikerketa baten arabera, hesteetako mikrobiotak eragin zuzena du adinarekin gertatzen den memoria-galeran; eta, hain zuzen ere, bakterio jakin bat ugaltzea eta berak sortutako metabolitoak jarri dira jopuntuan.

Pennsylvaniako Unibertsitateko ikerketa-talde batek, sagu gazteen eta zaharren arteko mikrobiota aztertu ondoren, zahartzaroan ugaltzen ziren bakterio desberdinak ikertu zituen. Bakterio horien artean dago Parabacteroides goldsteinii. Sagu gazteetan bakterio hori txertatzen zutenean, sagu gazteek ere arazo kognitiboak garatzen zituzten. Ostera, bakterio hori sagu zaharretan ezabatzen zutenean, sagu horien memorian hobekuntzak nabaritzen ziren. Esan beharra dago, kasu batzuetan, sagu gazteak eta zaharrak elkarrekin bizitzen jartze hutsarekin handitu egiten zela bakterio horren kontzentrazioa sagu gazteen hesteetan.
Parabacteroides goldsteinii bakterioak garunean nola eragin zezaken ikertzean, konturatu ziren kate ertaineko gantz-azido konkretu bat, 3-hidroxioktanikoa (3-HOA), kopuru handietan jariatzen zuela bakterioak. Gantz-azido horrek sistema immuneko zeluletan eragiten du GPR84 hartzailearen bidez. 3-HOA sistema immuneko zelulek haien mintzean adierazten duten GPR84 hartzailera lotzen da, eta zelula horiek aktibatu egiten dira. Sistema immuneko zelulak aktibatzerakoan, TNF-α, IL-1β eta IL-12 zitokinak jariatzen dituzte. Zitokina horiek hantura sistemikoa eragiten dute.
Etengabeko hanturak nerbio bagoan du eragina. Nerbio bagoak edo pneumogastrikoak burmuina eta barne-organoak konektatzen ditu bi norabidetan. Alde batetik, gai da bihotzera, biriketara, urdailera, hesteetara, gibelera edo pankreara seinaleak bidaltzeko zuntz eferenteen bidez; bestalde, organo horietatik informazioa jaso eta nerbio-sistema zentralera igortzen du zuntz aferenteen bidez. Kasu horretan, hanturak bigarren prozesu hori blokeatzen du; hesteetan dagoen adarkaduran dauden nerbio-zuntz aferenteak kaltetu egiten dira, eta, ondorioz, ez da seinalerik igortzen burmuinera. Seinale gabeziak burmuineko hipokanpoan eragiten du. Hipokanpoan sortzen dira oroitzapen berriak; memoria finkatzeko funtsezko egitura da, eta ikaskuntza-prozesuan parte hartzen du. Hipokanpoak ez duenean nerbio bagoaren seinalerik jasotzen, bertan dauden neuronak moteldu egiten dira eta plastikotasuna galtzen dute. Plastikotasunaren galera horrek eragiten du memoriaren narriadura.
Ikerketa hori saguetan egin da, eta gizakietan aztertzea izango da hurrengo pausoa; batez ere, Parabacteroides goldsteinii bakterioak gizakion memoriaren galerarekin loturarik baduen azaltzea estatistikoki. Horrela balitz, ikerketa honek zahartzaroarekin lotzen ditugun arazo kognitibo batzuk leuntzeko balio izango luke. Dietaren bidezko mikrobiotaren kontrola izan daiteke metabolito kaltegarriak gutxitzeko aukera terapeutiko ez-inbaditzaile bat. Sarri entzun izan dugu elikagai batzuk burmuinarentzat mesedegarriak direla gantz-azido jakin batzuk dituztelako edo burmuinaren odoleztatzea hobetzen dutelako; baliteke hesteetako hantura ekiditen duten elikagaiek ere burmuina babestea.
Erreferentzia bibliografikoa:
Cox, Timothy O.; Devason, Ashwarya S.; de Araujo, Alan; Mason, Sydney; Subramanian, Madhav; Salvador, Andrea F. M.; et. al. (2026). Intestinal interoceptive dysfunction drives age-associated cognitive decline. Nature, 652, pages 442–450. DOI: 10.1038/s41586-026-10191-6
Egileaz:
Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.