13.000 urte dituen ehiztari kanpamentu baten mapa

El Molí del Salt aztarnategian (Tarragona) egindako indusketei esker, arte higigarriko pieza berezi bat topatu dute, Goi Paleolitokoa: 13.000 eta 14.000 urte bitartekoa da. Eskistozko plaka bat da, 18 cm-ko luzera eta 8,5 cm-ko zabalera du, eta zazpi motibo erdizirkular ditu grabatuak. Motiboak, formagatik eta proportzioengatik, etxolatzat jo daitezke; hortaz, ehiztarien kanpamentu baten irudikapena izan daiteke, dokumentatuta dagoen era horretako lehenengoa.
1. irudia: Kanpamentuaren berreraikitze birtuala. (Egilea: Luis Alberto Marcos)

1. irudia: Kanpamentuaren berreraikitze birtuala. (Egilea: Luis Alberto Marcos)

Plaketa hori orain arte aurkitutako gizarte talde baten lehendabiziko irudikapena da. Marcos Garcia Diez (UPV/EHU) eta Manuel Vaquerok (Universitat Rovira i Virgili) ikertzaileek aztertu dute objektua. Bada, azterlanaren arabera, plakan irudikatutako motiboen forma ezaugarriak bat datoz etnografiaren bidez ezagutzen ditugun ehiztari-biltzaileen taldeek (Kalahariko boskimanoek, Australiako aborigenek…) eraikitako etxolekin. Halaber, etxola kopurua, zazpi, bat dator ehiztari talde baten ohiko tamainarekin.

journal.pone.0143002.g005

2. irudia: Grabatutako irudien lehen planoak. A, B eta C argazkietan etxolen irudien zirkuluerdi-formak. (Argazkiak: Marcos Garcia eta Manuel Vaquero)

Pieza hori berezi-berezia da Paleolitoko arteari dagokionez, orduko artean animalien irudiak eta ikur abstraktuak baitira nagusi. Bestalde, arte profanoa ere bada, Paleolitoko ohiko irudikapenetik urrun dagoena, ez baitu inplikazio ideologikorik, orduko artelan gehienek ez bezala. “Kontuan hartzen badugu kanpamentuak ehiztarien gizarte egituraren adierazpen espaziala direla, El Molí del Salteko plaketa talde sozial baten aurreneko irudikapena izan daiteke” adierazi du Manuel Vaquerok.

“Bestalde, grabatuaren azterlanaren arabera, motibo guztiak tresna eta teknika berarekin marraztu ziren. Horrek esan nahi du grabatua pertsona bakar batek eta denbora tarte laburrean egin zuela” esan du UPV/EHUren Historiaurreko Ikertaldeko kide Marcos García Díezek. “Horrenbestez, artistak marraztean begien aurrean zuen errealitatea erakutsiko luke grabatuak” gehitu du. Beraz, artearen historian dokumentaturiko lehenengoetariko paisajismo adibide bat litzateke; oraingo honek, giza paisaia erakusten du, lehenengo aldiz.

Erreferentzia bibliografikoa:
García-Diez, M., Vaquero, M. “Looking at the Camp: Paleolithic Depiction of a Hunter-Gatherer Campsite“. PLOS ONE

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Duela 13.000 urte baino gehiagoko ehiztari kanpamentu baten mapa aurkitu dute harri batean grabatuta.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>