Lehorteei aurre egiteko zuhaitz erraldoien sistema hidrauliko konplexua
Zuhaitz erraldoiek lehorteen aurrean izan dezaketen zaurgarritasuna gainetsi egin da. Hori erakusten du 100 metro inguruko zuhaitzen ur-garraiorako sistema argitu duen ikerketa berri batek. Izan ere, lehen begiratuan, ia ezinezkoa dirudi zuhaitz horiek ura sustraietatik adaburuetaraino kanpoko laguntzarik gabe garraiatzea. Hala ere, Science aldizkarian argitaratutako lanak erakusten du xileman oinarritutako sistema hidrauliko konplexu, dinamiko eta eraginkor batek ahalbidetzen duela zuhaitz erraldoi horien biziraupena.
Gizakiak milaka urtez asmatu eta hobetu ditu ura gorantz eramateko era askotako sistemak. Hala ere, 80 eta 100 metro arteko altuera hartu dezaketen oihan tropikaletako Kapur (Dryobalanops lanceolata) eta White Seraya (Parashorea malaanonan) zuhaitzen hosto gorenetara ura nola iristen den, kanpoko ponparik gabe, naturaren misterio handienetako bat izan da mendeetan zehar.

Oinarrizko teoria fisikoek iradokitzen dute, zuhaitzak hazten diren heinean, ura sustraietatik hostoetaraino garraiatzea gero eta zailagoa dela grabitatearen eraginez eta bidearen luzeragatik. Horregatik, zentzuzkoa da pentsatzea zuhaitz altuenek zaurgarriagoak izan beharko luketela lehorteen aurrean, eta horrek muga handia ezarriko liokeela haien hazkundeari.
Hala ere, Science aldizkarian argitaratutako nazioarteko ikerketa berri batek kolokan jarri du mendeetan zehar onartutako ideia hori: munduko zuhaitz tropikal altuenek ez dute inolako arazorik ura beren adar gorenetaraino ponpatzeko, eta zuhaitz txikienen antzeko erresistentzia erakusten dute lehorteen aurrean.
Borneo-ko erraldoiak eredu gisa
Ikertaldeak Asiako hego-ekialdeko oihan tropikaletan hazten diren munduko zuhaitz loredunik altuenak aztertu ditu. Zehazki, Borneoko oihanetan hazten diren Dipterocarpaceae familiako bost espezietako 38 zuhaitz aztertu zituzten ikertzaileek, 7 eta 71 metro arteko altuera tartean. Zuhaitz horiek munduko baso tropikaletako landarediaren % 1 baino ez badira ere, bertan metatutako karbonoaren erdia baino gehiago gordetzen dute. Horregatik, ikertaldearen hitzetan, «lan honetan lortutako emaitzak albiste ona dira klima-aldaketa jasaten ari den Lurrerako».
Gainera, espezie horiek lehortearen aurrean duten erantzuna aztertzeko, ikertzaileek zuhaitzen enborren hazkunde-tasak neurtu zituzten 2023 eta 2024 artean izandako El Niño fenomenoari lotutako lehorte gogorraren aurretik, bitartean eta ondoren. Emaitzek erakutsi zutenez, zuhaitzaren altuerak ez zuen hazkunde-galerarik eragin lehortean zehar, zuhaitz txikiagoekin alderatuta. «Zuhaitz baxuenak altuenekin alderatzean, bi taldeek lehorteari oso antzera erantzun ziotela egiaztatu genuen, altuera edozein zela ere», azaldu du Maurizio Mencuccinik, CREAFeko artikuluaren autoreak.
Hodi adimenduak eta hosto erresistenteak
Zuhaitzek xilema izeneko ur-garraiorako sistema dute, milaka hodi mikroskopikoz osatua. Hostoek transpiratzen dutenean, sustraietatik gora ura erakartzen duen tentsioa sortzen da, lastotxo batekin freskagarri baten azken tantak xurgatzean gertatzen den bezala. Zuhaitz erraldoien arrakastaren gakoa sistema hidrauliko hori altuera handietara egokitzeko duten gaitasunean datza; «hodi mikroskopiko horiek egokitzapen korapilatsuak garatu dituzte, ura egoera likidoan mantentzeko aukera ematen dietenak, baita 80 metrotan dagoen zuhaitzen adaburura igotzeko behar diren presio izugarri baxuen pean ere», dio Lucy Rowland-ek, artikuluaren autore nagusiak.
Alde batetik, ura daramaten hodiak zabaldu egiten dira zuhaitzaren goialdetik enborraren oinarrira jaitsi ahala, grabitatearen eta ubidearen luzeraren erresistentzia guztiz konpentsatuz eta uraren zirkulazioa erraztuz. Bestetik, hostoek ere estrategia harrigarriak dituzte ur-estres handiagoa jasateko ihartu gabe. Horrela, zuhaitzek denbora gehiago itxaron dezakete ura lurretik adaburura iritsi arte. Hori guztia «euren zeluletako konposatu disolbatuen kontzentrazioa (hala nola gatzak eta azukreak) aldatzean lortzen dute, ur gehiago atxikitzeko», azaltzen du Mencuccinik.
Klima-aldaketaren ereduak berrikusteko beharra
Aurkikuntza horiek berebiziko garrantzia dute klima-aldaketaren inguruko aurreikuspen globalak hobetzeko. Izan ere, nahiz eta oihanetako zuhaitzen proportzio txiki bat baino ez izan, zuhaitz erraldoiek funtsezko zeregina dute karbonoa metatzerako orduan. Horregatik, oihan tropikalen desertifikazio-prozesuek arrisku handia dakarte. Izan ere, zuhaitz erraldoi horiek hiltzen direnean, metatutako karbonoaren zati handi bat atmosferara askatzen da berriro, eta horrek berotze globala areagotu dezake.
Paulo Bittencourt-ek, artikuluaren lehen egileak, azpimarratu duenez, «oinarrizko teorietan oinarritutako iragarpen tradizionalek zioten sistema hidrauliko ahulago baten ondorioz zuhaitz handienak lehorteengatik hiltzeko arrisku handiagoan zeudela». Errealitateak, ordea, kontrakoa erakutsi du; «gure azterketak erakusten du balitekeela hipotesi horiek okerrak izatea, eta klima-aldaketaren eraginak kalkulatzeko ereduak berrikusi behar direla», amaitzen du Bittencorutek. Izan ere, eboluzioa eta moldagarritasuna dinamikoak dira oihanetan, eta zuhaitz erraldoiak uste baino hobeto prestatuta daude etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
Erreferentzia bibliografikoak:
Bittencourt, Paulo; Scheire, Arne; Jotan, Palasiah; et al (2026). Height does not impair the hydraulic system of the tallest tropical Dipterocarp trees. Science, 393, 60-64. DOI: 10.1126/science.aea9013
Egileaz:
Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.