Zergatik hazten zaizkigu belarriak zahartzen garenean?
“Gazte-galderak” egitasmoak DBHko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzutea du helburu. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta The Conversation plataformaren ekimena da eta zientzialari adituen dibulgazio-artikuluen bidez ematen diote erantzuna gazteen jakin-minari.
Berrizko Berriz Ikastolako 3. DBHko ikasleen galdera: Zergatik hazten zaizkigu belarriak zahartzen garenean?
Egia al da urteetan aurrera egin ahala belarriak handitzen zaizkigula? Ala sareetan bueltaka dabilen mito horietako bat da? Horri erantzuteko, lehendabizi begiratu beharko genuke ea gai horren inguruko artikulu zientifikorik dagoen. Eta, bai: zenbait adituk ikertu dute kontu hori.
Adin desberdinetako pertsona heldu askoren belarriak neurtu ondoren, ondorio berberera heldu dira: gutxitxo bada ere, belarriak hazi egiten zaizkigu bizitzan zehar. Ikerketa hauen emaitzen arabera, edadeko gizakien belarriak pertsona heldu gazteenak baino zentimetro bat luzeago izatera hel daitezke, batez ere belarri gingila luzatzearen ondorioz.

Hala ere, handiagoak izateak ez digu askotarako balio, zeren, dakigunez, edadearekin entzumena galtzen joaten baikara. Zergatik hazten zaizkigu orduan? Belarrien barne egitura ezagututa eta haien ehunari denborarekin zer gertatzen zaion ulertuta, agian erantzuna aurkituko dugu.
Kartilagoaren sekretuak
Belarria ukitzen badugu, konturatuko gara ez dela hezurra bezain gogorra, baina, hala ere, barruan badagoela “zerbait”. Tolestu ahal dugu, eta gero lehengo formara bueltatzen da.
“Zerbait” hori kartilagoa da, hezurraren antzekoa baina hura baino biguntxoagoa den ehun mota bat. Gorputzean kartilago mota bat baino gehiago dauzkagu. Belarrikoa, zehazki, kartilago malgua deritzona da. Funtsezko lau osagai ditu: kondrozito izeneko zelula batzuk, kolageno eta elastina proteinak (kondrozitoek isurtzen dituzte horiek), eta proteoglikano izeneko beste molekula batzuk.
Kolagenoa ehun askotan aurkitzen dugun proteina bat da. Haren ezaugarri nagusia zurruna eta gogorra izatea da, eta horri esker egiturari eusten dio. Elastina, aldiz, malgua eta elastikoa da, eta, beraz, luzatu egin daiteke eta berriz lehengora itzuli kalterik izan gabe. Azkenik, proteoglikanoak ura harrapatzeaz arduratzen dira, eta gelatina moduko bat sortzen dute, ehuna hidratatuta edukitzen duena.
Laburbilduta: kontrako propietateak dauzkaten bi proteina horiei eta proteoglikanoei esker, tolestu egin ditzakegu belarriak, eta, kolperen bat hartzen badute, lehengo formara bueltatzen dira gero.
Galtzerdi maiztu baten moduan
Belarriaren kartilagozko egitura behin ezagututa, orain falta zaigu ulertzea zelan handitzen den.
Organismoko ehun gehienak haurtzaroan eta nerabezaroan baino ez dira hazten, baina hori ez da eragozpen berritzen jarrai dezaten. Bestela esanda: ehun bat zahartu ahala, berri batek ordezkatzen du. Belarriaren kartilagoari berdin gertatzen zaio: behin helduarora helduta, utzi egiten dio hazteari. Baina, gainera, hor zain asko ez dagoenez —hau da, horra odol gutxi heltzen denez—, gutxitan berritzen da bizitzan zehar. Orduan, hazten ez badira, zergatik dira belarriak gero eta handiagoak?
Kartilagoari denborarekin zer gertatzen zaion da hemen gakoa. Urteekin, ehun guztiek galtzen dute elastikotasuna. Horrek esan gura du edo gutxiago luzatzen direla, edo, luzatzen badira, ez direla erraz bueltatzen lehengo tamainara. Gaztetan galtzerdi berri baten modukoak gara: galtzerdia luzatzen badugu oinean janzteko, berehala egokitzen da gure orkatilaren neurrira, eta bertan geratzen da. Alabaina, denborarekin, elastikoa amore ematen doa: ez da ondo egokitzen, eta, azkenean, galtzerdia jausi egiten da.
Eta elastina ez da okerrago dabilen bakarra; kasu askotan, kolagenoa ere gutxitzen eta ahultzen da, eta ez da gai ehunen egiturari eusteko lehengo moduan.
Grabitatearen indarrak luzatuta
Zehazki, kartilagoari zera gertatzen zaio —batez ere elastina gutxiago sortzearen ondorioz—, ez duela lortzen grabitatearen indarra guztiz berdintzea. Gutxika-gutxika belarriak “amore” ematen eta erortzen doaz, eta, beraz, handiagoak ematen dute bistara. Gainera, eguzkiak, hotzak, haizeak, kolpeek etab. areagotu egiten dute joera hori.
Kolageno eta elastina asko daukaten beste ehun batzuk ere “jausten dira”. Emakumeei bularrean eta besaurreetan igartzen zaie bereziki, eta, izan ere, erortzen hasitako beso barrenei “saguzar hegoak” deitzen diete. Gizonei ez zaie hainbeste ikusten: edadearekin, barrabilak jausten zaizkie. Eta kokospearen gainbeheratik ez da inor libratzen.
Hitz batean: edadearekin belarriak ez dira berez hazten, baina zenbait gauza aldatzen zaizkie barne egituran. Hori dela eta, ezin diote lehengo formari eutsi, eta, gainera, grabitatearen ondorioz apurka-apurka luzatuz doaz. Estetikoki asko gustatu ez arren, onartzea beste aukerarik ez dugu, haren kontra ezer gutxi egin dezakegu eta.
Egileaz:
Usue Ariz Lopez Castro EHUko Medikuntza eta erizaintza fakultateko irakaslea eta ikertzailea da.
Artikulu hau The Conversation plataformako Júnior atalean irakur daiteke gaztelaniaz: ¿Por qué nos crecen las orejas cuando nos hacemos mayores? 12-16 urte bitarteko ikaslea bazara eta zientziaren inguruko galderarik izanez gero, bidali helbide honetara: kzk.komunikazioa@ehu.eus