Beroa
Buffon naturazale handiak idatzi zuen tukanen mokoak, hain handiak izaki, munstro-luzakinak direla. Darwinek uste zuen hautespen sexualaren emaitza zirela, baina Darwinena ez da mokoaren tamainaren zergatia azaltzeko proposatu izan den hipotesi bakarra. 2009ko uztailean G. J. Tattersall-ek eta lankideek, tukanaren mokoaren zereginari buruzko artikulu bat argitaratu zuten Science aldizkarian. Artikulu horretan aurkezturiko ikerketaren emaitzen arabera, mokoak zeregin garrantzitsua betetzen du hegaztiaren termorregulazioan. Ikertzaileek artikuluan adierazitakoaren arabera, bereizi egin behar dira mokoak betetzen duen zeregina eta hegazti horien eboluzioan zehar mokoaren morfologia baldintzatu duten hautespen-indarrak. Ikertzaileak zereginaz aritu dira.
Barne-tenperatura eraentzen duten animalia guztiek bezala, tukanek bero-galera eta bero-irabazia berdindu behar dute tenperatura konstante mantendu ahal izateko. Metabolismo-jarduerak sortzen duen beroari dagokio bero-irabazia; beraz, jarduera bizia denean bero gehiago sortzen da eta, horren ondorioz, gehiago barreiatu behar da. Bero-galera modu desberdinetan gerta daiteke, baina kanpo-tenperaturaren menpekoa da beti. Hortaz, kanpo-tenperatura altua denean, zailago da beroa galtzea, barneko eta kanpoko tenperaturen arteko aldea txikiagoa egiten baita. Tukanaren mokoak tenperatura-aldaketa nabarmenak jasaten ditu gainazalean kanpoko tenperatura-aldaketen arabera. Izan ere, mokoaren gainazalaren tenperatura nabarmen igotzen da inguruko tenperaturak 21 °C-tik gora egiten duenean.
Ingurune-tenperaturaz gain, hegaztien jarduera-maila ere bada mokoan zeharreko bero-galeraren baldintzatzaile handia. Hegan egiten dutenean 10-12 bider handiagoa da tukanen bero-ekoizpena, eta beraz, askoz ere bero gehiago barreiatu behar dute tenperatura konstante mantendu ahal izateko. Egoera horretan, garrantzi handikoa da tukanaren mokoak duen zeregina.
Nola eraen dezake tukanak mokoaren gainazalean zehar galtzen duen beroa? Bada, odol-zirkulazioaren kontrolean dugu erantzuna. Mokoa odol-hodiez josita dago eta odol-hodi horien irekitze-graduaren menpekoak dira behaturiko mokoaren gainazalaren tenperatura-aldaketak. Hortaz, tukanak kontrol handia du mokoaren odol-zirkulazioan. Horra kontrol horren erakusle argia: 25 °C-ren azpitik garezurretik hurbilen dagoen mokoaren aldea da beroa galtzen duen bakarra, baina ingurune-tenperatura 25 °C-tik gorakoa denean moko osotik galtzen da beroa, odol-hodi guztiak irekitzen baitira.
Asko dira odol-zirkulazioaren kontrolaren bitartez bero-galera eraentzen duten animaliak. Urrutira joan gabe, guk, gizakiok, holaxe jokatzen dugu. Hotza egiten duenean murriztu egiten zaigu larruazalaren azpitik doazen hodietan zeharreko odol-zirkulazioa eta barrurago dauden odol-hodietatik bideratzen da odol gehiena. Alderantziz egiten dugu beroa egiten duenean. Gertaera horren erakusle argiak dira larruazaletik hurbil diren odol-hodiak; izan ere, besoetako odol-hodiak oso ikusgarriak dira bero egiten duenean, jende argalean batez ere. Mekanismo honexek berak eragiten du aurpegiak zurbilago egotea hotz egiten duenean, kolore biziagoa azaltzea kanpoan epelago denean, eta kolore gorria erakustea bero garenean.
Bideoan Bartzelonako zoologikoan bizi diren toco tukanak (ramphastos toco).
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.