Euskara, ilargia sortu baino lehenago jaioa

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

‘Borne Before the Moone’ (ilargia sortu baino lehenago jaioa) esamoldea euskara irudikatzeko erabili zuen XVII. mendean Edward Brerewood idazleak hizkuntzen jatorriari buruzko liburu batean. Aipu horrek Aritz Farwell Castillo ikertzailearen arreta bereganatu zuen eta hortik abiatuta ‘Borne Before the Moone: A Social and Political History of Basque at the Dawn of the Twentieth Century’ tesia egin du.

Aritz Farwell ikertzaileak UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean aurkeztu du ‘Borne Before the Moone: A Social and Political History of Basque at the Dawn of the Twentieth Century’ tesia. Bertan ondorioztatu du modernitaterako euskararen gaitasun eza iritzi zabala zela XX. mendearen hasieran. Izan ere, euskal gizartean euskara bizitza eredu berrietara heltzeko oztopoa zela zabalduta zegoen.

half-moon-66923_1280
Irudia: Edward Brerewood-ek 1614an idatzi zuen, “Enquiries touching the diversity of Languages” eta euskara ere aipatzen zuen lanean. ‘Borne Before the Moone’ esamoldea erabili zuen euskara irudikatzeko.

Miguel de Unamuno izan zen iragan mendearen hastapenetan euskararen modernitaterako eta aurrerapenerako gaitasun ezaren ideia babestu zuen pertsonaiarik ezagunena. Bilbotar filosofoa ez zen bakarra gogoeta horren ildoan. Izan ere, gizarteko hainbat esparrutan —alderdi politikoetan, kultur eragileetan, intelektualen artean…— sakonduz gero, euskararekiko hausnarketa hori iritzi nagusia zen, hegemonikoa.

Euskara nola hautematen zen

Hala, Aritz Farwellen ikerlanak azaldu nahi izan du XX. mendearen hastapenetan euskara nola hautematen zen: “Euskal gizartean iritzi zabala zen euskararen modernitaterako eta aurrerapenerako gaitasun eza: alderdi politiko eta intelektual progresistentzako —errepublikanoak, sozialistak, liberalak..— ideia eta bizitza eredu berriak zabaltzeko oztopoa zen. Gehienek esaten zuten euskara ez zela erabiltzen ari ideia modernoak, abstraktuak edo jazoak adierazteko. Alderdi edo intelektual kontserbadoreek ere —karlistek, abertzaleek, monarkikoek— pentsamendu bera zuten, horientzat ere euskara ideia eta bizitza eredu berriak zabaltzeko oztopo bat zen; azken finean, ideia ezmoralen aurkako babesa “.

Euskara zen kanpotik zetozen ideia berriei eusten zien horma: XX. mendeko lehen urte haietan uste zen gizarteak bizi zituen aldaketen multzoari, industrializaziori, klase arteko borrokari, langileen mugimenduari… erresistentzia egingo zion gauza bakanetakoa izango zela. Modernitateak kutsatu gabeko hizkuntza hori, gainera, euskal nortasunaren muina zen batzuentzat.

Horrez gain, ikerlariaren arabera, gizartearen gehiengoak iritzi hauek partekatzen zituzten euskararen inguruan: “besteak beste, iraganeko erlikia bat bezala ikusten zen, zabartua zegoena, desagertzeko mehatxua gainean zuena, gutxietsia, bizitza publikotik at, linguistikoki irla bat, euskal herritarren jatorrizko hizkuntza eta beheko klasearen hizkuntza”. Horiek guztiak, hala ere, Farwellen esanetan, pertzepzioak ziren, tesian zehar azaltzen den bezala, esate baterako, “euskara ez baitzegoen eremu publikotik erabat baztertua“.

Galeraren erantzuleak

Tesia egiteko 1900 eta 1910 urteen artean Euskal Herrian (batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian publikatzen zirenak eduki ditu kontutan) argitaratzen ziren egunkarietako eta aldizkarietako milaka artikulu ikertu ditu Farwellek, baita hamaika panfleto, obra literario edo antzezlan ere. Eta horiek guztien analisia egin ondoren, gorago aipatutako modernitaterako eta aurrerapenerako gaitasun ezaren ideiarekin batera ondorio batzuk atera ditu: “Batetik, euskararen egoera kaskarrak antsietatea sortzen zien askori, desagertuz gero euskal berezitasunaren amaiera zekarrelako; bestetik, hizkuntzaren galeraren erantzukizuna euskaldunena beraiena zela esaten zen; hots, klase altuko euskal herritarrek euskara abandonatu zutela irizten zen, baserritarren edo klase baxuko lagunen artean mantentzen zen bitartean. Euskaldun izaeraren ikuskera idealizatu batek, modernitatearekin erlazionatzen zen ikuskerarekin borrokatzen zuen”.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Modernitaterako euskararen gaitasun eza iritzi zabala zen XX. mendearen hastapenetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.