Asteon zientzia begi-bistan #99

Uxue Razkin

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

cat-877108_1280

Hizkuntza

Simona Mancini hizkuntzalariari egin dio elkarrizketa Berriak. BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language gunean ikertzailea da. Bertan, mintzairaren ulermena ikertzen du, zehazki esaldi baten barruan dauden elementuen arteko harremanak ditu ikergai: “Hizkuntza bakoitzak estruktura bat dauka, baina arrazoi pragmatikoen arabera alda daiteke estruktura hori. Adibidez, enfasia puntu batean jartzeko”. Halaber, psikologian erabiltzen diren teknika konduktualak erabiltzen dituzte eta hori beharrezkoa da jakiteko nola ekoizten duen burmuinak mintzaira, arlo horretan izan daitezkeen arazoak ikertzeko. Azkenik, hizkuntza gutxituei buruz hausnartu du Mancini eta spanglish bezalako fonemenoi buruz ere.

Hizkuntza arloari dagokionez, Aritz Farwell Castillok bere doktorego-tesia aurkeztu du UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean: ‘Borne Before the Moone: A Social and Political History of Basque at the Dawn of the Twentieth Century’. Bertan ondorioztatu du modernitaterako euskararen gaitasun eza iritzi zabala zela XX. mendearen hasieran. “Alderdi politiko eta intelektual progresistentzako —errepublikanoak, sozialistak, liberalak..— ideia eta bizitza eredu berriak zabaltzeko oztopoa zen. Gehienek esaten zuten euskara ez zela erabiltzen ari ideia modernoak, abstraktuak edo jazoak adierazteko. Alderdi edo intelektual kontserbadoreek ere —karlistek, abertzaleek, monarkikoek— pentsamendu bera zuten”.

Biologia eta osasuna

Pennsylvaniako Unibertsitateko ikertzaile talde batek ondorioztatu du emakumea izateak gaixotasun autoimmuneak izateko joera handitzen duela. Lupusa ikertu du ikertzaile taldeak. Gaitz hori duten %85 emakumezkoak dira. Elhuyar aldizkarian azaldu digutenez, X kromosomaren isiltze-prozesua aztertu dute. Izan ere, zelula bateko bi X kromosometako batean geneen espresioa inhibitu egiten da, gene beraren bi kopiak espresatu ez daitezen. Emakumeen immunitate-sistemako zelula batzuetan, T eta B linfozitoetan, X kromosomaren isiltzearekin lotutako prozesu batzuk ez direla behar bezala gertatzen ikusi dute. Bada, hori emakume osasuntsuetan ere gertatzen dela ohartu dira. Ikerketak jakinera eman duen hipotesia hauxe izan da: emakumezko guztiek guztiz isildu gabeko X kromosomadun linfozito batzuk dituzte, osasuntsuetan linfozito horiek gutxiengoa dira, eta gehiago direnean arazo autoimmuneak sor daitezke.

Genetika

Medikuntza alorrak aurkikuntza esanguratsu bat dakarkigu: Bizi ahal izateko beharrezko geneak bakarrik dituen genoma sortu dute Venter eta Hutchison ikertzaileek. Artikuluan azaltzen zaigunaren arabera, genoma sintetikoa muturreraino murriztu dute, geneak gehiago apurtu ezin diren neurriraino, eta horiekin nola bizi daitekeen ikertu dute. 473 gene dituen JCVI-syn3.0 izeneko genoma da sortu dutena. Hutchison ikertzaileak azaltzen duenez: orain arteko zelularik “sinpleena” da, “bizitzarik bakunena egin ahal izateko beharrezkoak diren geneekin soilik”. Luzera, produktu kimiko eta farmazeutikoak sortzeko aukera eman dezakeela pentsatzen dute.

Kirola eta genetika

Nature eta Nurture kontzeptuak azaltzen zaizkigu artikulu honetan. Nurture kontzeptua Gladwellek garatu zuen esanez jarduera batean maila gorenera iristeko 10.000 orduko entrenamendua beharrezkoa dela. Gerora ikusiko da ordu horiek desberdinak izango direla pertsona bakoitzean. Bakoitzak ordu jakin batzuk beharko ditu maila altuko ekintza bat gauzatzeko. Bestalde, Nature kontzeptua dugu. Teoria honetan, entrenamendu gutxi eginda, jaiotzez talentu handia erakusten duen pertsona izango genuke. Artikulua zenbait adibidez hornitzen da ikusteko zein den horien arteko desberdintasuna. Halaber, “entrenagarritasuna” aipatzen da. Hori entrenamendu bidez hobetzeko ahalmena izango litzateke. Aipatzen diren bi kasuak gertutik ezagutzea gomendatzen dizuegu.

Kimika

Josu Lopez-Gazpiok Kimika orokorreko eskuliburua argitaratu du. Batxilergoko azken mailako ikasleei eta unibertsitatean kimikako gaiak dituzten ikasleei zuzendutako liburua da. Kimikako euskarazko eskuliburu praktikoetan egun aurkitzen den hutsunea betetzeko asmoz egin du. Elkarrizketan Lopez-Gazpiok dio euskara idatzitako kimikako eskuliburu teoriko ugari aurki daitezkeela baina arlo praktikoan eta gure hizkuntzan gainera, gutxi daudela eta hortik jaio da proiektu hau. Ikasle batek modu autonomoan ikasi ahal izateko tresna izatea da asmoa, hala azaltzen du behintzat kimikariak: “Ohiko testu liburuetan ez bezala, liburuaren zehaztasuna guztizkoa da. Hirurogeita hamar ariketa baino gehiago topa daitezke, guztiak modu xumean azalduta”. Liburuan islatzen diren azalpenak ikasleek erraz ulertzeko moduan idatzi ditu: “Ikaslearen azalean jarri naiz. Ikasleak ariketa bat irakurri eta hainbat azalpen teoriko jakinda, ariketa ebazteko prozeduran zein zalantza izan ditzakeen pentsatzen denbora asko igaro dut. Horien aurrean eman beharreko azalpenez hornitua dago”.

Medikuntza

Dengeare kontra %100 eraginkorra den eta dosi bakarra behar duen txerto bat aurkeztu du AEBetako ikerketa talde batek.Gainera, dengea eta zika eltxo berak transmititzen dituenez, txerto berri hau abiapuntu baliagarria izan daiteke bigarren gaitz horri ere aurre egiteko. Ikerketan TV003 txertoa aplikatu zitzaien 24 laguni, eta plazeboa beste 24ri; guztiak osasuntsu zeuden esperimentua hasi zutenean. Sei hilabete geroago, 41 boluntariok jarraitzen zuten ikerketan, eta birusaren eraginpean jarri zituzten guztiak. Amaia Portugalek azaltzen digunez, horien artean, 21ek zuten txertoa jasoa sei hilabete lehenago, eta esposizioaren ondoren, bakar batek ere ez zuen infekzioaren zantzurik odolean. Gainerako 20 boluntarioak, aldiz, plazeboa jaso zutenak ziren: %100ak zuen birusaren arrastoa odolean, %80ak zeukan erupzioren bat azalean, eta %20ak, behar baino globulu zuri gutxiago. Kristen Pierce Vermonteko Unibertsitateko ikertzailearen hitzetan: “Hilabete honetan bertan, Bangladeshen hasiko gara txertoa probatzen, eta Brasilen ere hasiak gara eraginkortasuna egiaztatzeko entsegu zabal bat egiten”.

Ingurumena

Arturo Elosegi EHUko Ibaien Ekologia taldeko ikertzailea eta Ekologia katedradunari egin diote elkarrizketa Argian. Ibai-uren inguruan sortzen den bizitza eta horrek gizarteari dakarkion onura aztertzen du Elosegik. Kutsatzaile berrien eraginekin kezkatuta dabiltza azkenaldian. Izan ere, ikertzailearen esanetan, giza jarduera askok kaltetu egiten dute ibaien funtzionamendua: baso-ustiapenek, ibilguaren aldaketek, ura kentzeak (edateko, zentral hidroelektrikoetarako…): “Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroa iparraldeko ibai denak dauzkagu desbideratuta, beharko luketen emariaren parte txiki bat daramate eta ezin dute ongi funtzionatu”. Hartu beharko liratekeen neurriez mintzatu da, ibaiak berreskuratzeko politikaz eta administrazioen kontzientziazioaz: “indar falta sentitzen dutela esango nuke; gizarteak ez du horren erraz ikusten. Adibide bat: hemen inguruan bota den presa handiena Leitzaran ibaiko Inturiako presa izan zen, Andoainen; aspalditik ezertarako balio ez zuena, 12 metroko altuerakoa. Botatzea erabaki zenean inguruko biztanle asko oso kontra jarri ziren. Ohituta zeuden presak sortzen zuen putzura. Beraz, ez da ardura duen administrazioa kontzientziatzea bakarrik, gizarte osoa eraldatu behar da”.

Zientziaren dibulgazioa

Museoek eskaintzen duten informazioari buruz hitz egin digu Ana Riberak. Erakusketak, fitxategiak, museoaren eguneroko bizitza, bildumen erakusketen prestakuntza eta ikerketak dira, besteak beste, gaur egun sarean ikusgai dauden elementuak. Baina onuragarria ala kaltegarria da informazio guztia Interneten ipintzea museo jakin horrentzat? Sareko esperientzia eta museotara joatearena erabat desberdinak direla dio: “Museoek milaka aukera gehiago dituzte gureganaino iristeko, ezagumenduari esker zein bestelako baliabideri esker ere”. Zuek zer deritzozue?

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>