Museoak hedabide

Dibulgazioa · Mugaldea

“Museoak ahaztu egiten ditugu beti, zientzia-dibulgazioaz ari garenean. Akats berbera egiten dugu erakusketa iraunkorrekin zein aldi baterako erakusketekin. Erakusketa bat, ondo zuzendua eta dokumentatua badago, bide zoragarria izan daiteke zientziarantz hurbiltzeko”. (Cosmonautas, es espacio a escala humana, ‘Kosmonautak, espazioa giza eskalan’).

dinosaur-798706_1280
1. irudia: Dinosauro baten eskeletoa museo bateko erakusketan.

Internetek lortu zuen hedapenak ustekabean harrapatu gintuen guztiok. Museoak ere zer egin ez zekitela egon ziren, ez baitzegoen argi komeniko ote zen datu guztiak sarera igotzea. Hori ona izango zen material guztia eskuragarri jarriko zelako… ala kaltegarria izango zen jendeak utzi egingo ziolako museoetara joateari? Formatu digitalek on ala kalte egingo zieten museoei?

Zalantzak zalantza, ondo samar moldatzen joan dira museoak, bizkor edo geldiro, askotan ondo asmatuta eta batzuetan akats batzuk eginda. Egun, ikaragarria da mundu osoko museoek sarean eskaintzen duten informazioa. Erakusketak, fitxategiak, museoaren eguneroko bizitza, bildumen erakusketen prestakuntza, ikerketa, gordetegietan dauden objektuak, …Hori guztia eta informazio praktikoa ere eskuratuko duzu, klik bat eginez.

Museo eta erakusketa guztiak eskura badituzu, zertarako joan museoetara, zertarako eraman bertara seme-alabak?

Joan beharra dago ordea, seme-alabak eraman behar ditugu, sareko esperientzia eta museoan bertan har daitekeena desberdinak direlako oso.

museum-398761_1280
2. irudia: The National Museum of Modern Art, Tokyo

Joan den abenduko post batean azaldu nuen komunikazioari buruz nik dudan teoria bat. Inork ez du zalantzan jartzen museoek eta erakusketek zuzeneko komunikazioan duten balioa. Izan ere, sarera sartzen garelarik, helburu jakin bat dugu gogoan eta aurkitu nahi duguna aurkitzen dugunean, ondo ulertzen bide dugu edo bestela ahaztu egiten dugu. Bestela esanda, nahi erara gabiltza sarean.

Gainera, sarean nekez bereizten dira museoetako osteratxoak eta web orriak, denda, katalogo, biblioteka edo argazki-bildumetan zehar egiten ditugun osteratxoak.

Museora joaten garenean ere, badakigu zer ikusi nahi dugun, baina sareko kontsultetan ez bezalakoak dira gainerako gauza guztiak. Askoz ere aberasgarriak direla ere esan daiteke.

Izan ere, museoek milaka aukera gehiago dituzte gureganaino iristeko, ezagumenduari esker zein bestelako baliabideri esker ere.

Gune fisiko batean sartuta, museo bateko areto batean gaudela, denborazko erakusketa bat dastatuko dugu, dena delako giro horretan guztiz murgilduta. Badakigu zer ikusi nahi genuen, baina ez dakigu zer ikusiko dugun: gure esperientzian funtsezkoak izango dira koloreak, ehundurak, soinuak, isiltasunak… Bukaeran sumatuko dugun nekeak berak ere zuzen eragingo dio museotik aterako dugun sentipenari.

Ez da gauza bera film bat ordenagailuan ikustea eta zinema-areto batean ikustea, eta berdin-berdin esan behar dugu ez dela gauza bera Guernica margolana pantaila batean ikustea, eta Reina Sofia museoan ikustea. Gune fisiko horretan, bere egiazko tamainan sentituko dugu artelana, eta aretora heltzeko egin dugun ibilbideak eta aretoaren antolakuntzak berak ere oroimen bat eskainiko digute betiko. Berdin gertatuko da museoetako beste edozein objektu dastatzen dugularik. Objektuak hiru dimentsioko errealitate batean ikusiko ditugu, eta gainera, uste baina objektu gehiago gerta dakizkiguke erakargarri.

3. irudia: Darwinen estatua Londoneko Natural History Museoan.
3. irudia: Darwinen estatua Londoneko Natural History Museum-ean.

Las Meninas ikustera joan bagara ere, gerta daiteke Holandako flandestar irudi bat erakargarri gertatzea eta ondorioz artelanaren garaiarekiko jakin-mina piztea. Edo gerta daiteke dinosauroak ikustera joan, eta harri bolkaniko bati, mikroskopio bati edo meteorito zati bati gehiago erreparatzea.

Ez dakigu zer gertatuko den, eta hortxe datza museoaren lilura. Museoetan paseatu egin behar dugu, beren aretoak ikusi, seme-alabak aldi bateko erakusketetara eraman… Gauza bat izango dugu buruan, pentsatuko dugu badakigula zer ikusiko dugun…baina ustekabe ederra eragingo digu han dagoenak; jakin-mina piztuko zaigu, bide ezezagun bat jorratzeko grina.

Museoetako edukiak eta aldi bateko erakusketak, ondo pentsatuta daude, eta antolatzaileek ideia jakin bat dute beti ere abiapuntuan.


Egileaz: Ana Ribera (@molinos1282) historialaria da eta telebistan dihardu lanean duela 14 urte.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.