Nola bizi humanitaterik gabe

Ana Ribera

Zientzien eta letren artean, inola ere onuragarria ez den amildegi bat ikusi izan du beti gizarteak. Tamalgarria da zinez, banaketa hori, literatura, historia edo arteaz dakitenen eta fisika, kimika edo matematikaz dakitenen artean dagoena alegia. Amildegia ez da berria, ezaguna baita 1959an Charles Percy Snowek Cambridgen hitzaldi ospetsu hori eman zuenetik gutxienez.

Snowek ondo nabaritzen zuen bi taldeen arteko ezagumendu falta izugarria. Zoritxarrez, zientzialariei Shakespeare ez irakurtzea egozten zaie, eta letretakoei fisikaren oinarriak ez ezagutzea. 1959an bezala ote gaude? Ez.

nola bizi humanitaterik gabe

Irudia: Zientzien eta letren artean amildegi bat dagoela esan da sarritan.

Gaizkiago gaude, zeren eta bere osotasunean, behera egin baitu ezagumenduak gizartean. Tamalez, ohikoa da gaur egun norbait bere ezagumendu ezaz harro egotea, hau da, gai bat, historiako gertaera bat, hiruko araua ezagutu ez eta pozik egotea. Bizitzan liburu bat bera ere irakurri ez… eta gustura.

Izan ere, humanitateekin hasi zen ospe txarra. Duela 20-30 urte, uste zuten ez zuela ezertarako balio letretakoak diren ikasketa horietako bat egiteak. Denbora-galera omen zen, energia eta talentua alferrik galtzea, horrela ez baitzen inongo lanik lortuko. Batez ere giza zientziek pairatu izan zituzten jakinduria eza, gutxienezko ahaleginaren araua, zertarakeriak, jakinduriaren mespretxua.

Ia ohartu ez garelarik, zientzietara ere iritsi dira gutxiespen-uhin horiek, ziur aski gizarte-errealitatearekiko mespretxuak eraginda. Inkestek diote zientzialariak eta zientzia bera ongi ikusiak daudela, baina gero eta ikasle gutxiagok ematen dute izena zientzia-ikasketetan. Izan ere, “ahalegin arinagoa” eskatzen duten ikasketetara jotzen dute, eta egungo gizarteak ez daki XVII.ean zekitena baino askoz ere gehiago.

Larriena ez da ordea “hiritarrek ez jakitea”. Askoz ere latzagoa da ezagumenduarekiko mespretxua: zientzia balio, aberastasun eta aukera-iturria izango ez balitz bezala jokatzen du gizarteak. Ezjakintasuna goraipatzen da behin eta berriz, eta ondorioz bera da nagusi jendartean. Horra mehatxuka dabilkigun gaitzik lazgarrienetakoa.

Agian ikuspegi ezkorregia eman dut, 1959tik hona hainbat gauza gaiztotu egin direla esanda. Badira ordea aipatzeko moduko hobekuntzak.

Izan ere, pozgarria da amildegi hori ixten doala ikustea. Gutariko askok, aitortzen dugu ezjakinak garela hainbat jakintza-esparrutan. Esparru horiek ez dira gure espezialitatea, baina hala ere, saiatzen gara horretan ere apur batez janzten.

Ezereza eta ezjakintasuna aurrera doazelarik ere, zientzietakoek eta humanitateetakoek bat egin dute. “Bi kulturak” delako esapide hori ere bertan behera utzi da, eta inork ez du egun ukatzen elkarrekiko osagarriak izan behar direla jakintza-esparru guztiak.

Elkarlan hau, ekimen ugaritan gauzatzen da, beti ere ezagumendua helburu. Horren adibide bikaina da American Academy of Science izenekoak ekoitzitako bideo hau.

“The heart of he matter” (kontuaren gakoa) izeneko saio honek, humanitateen alde egiten du: historia, literatura edo artearen alde. Bertan, parte hartzen dute bai aktoreek, zine-zuzendariek eta musikariek, bai eta kazetariek, arkitektoek, irakasleek, eta katedradunek.

Bideoak, honelako ideiak azpimarratzen ditu:

  • Zientziak eta humanitateak ezinbestekoak dira gure gizartean, eta elkarrekiko osagarriak dira.
  • Zientziaren historia edo historia bera jakin gabe, ez dugu aurrera egingo. Ezer gutxi lortuko dugu, ez badakigu zer gertatu den, ez eta zerbait jakitera nola iritsi garen. Pedro Etxenikek behin eta berriz aldarrikatzen du zientzialariek ondo ezagutu behar dutela zientziaren historia.
  • Ezjakintasunak min egiten digu pertsona modura, edozein arlotan.
  • Oso larria da hezkuntza diru-laguntzen faltan ibiltzea.
  • Ezagumendua eta jakintza dira herrialde eta gizarte baten etorkizuna gauzatzeko oinarriak. Hori kontuan izanda bakarrik geureganatuko ditugu aberastasuna eta ongizatea. Ez dugu hori ahaztu behar, eta ahalegin guztiak egin behar ditugu twiterretik eta blogetatik harantzago ezagumendua ongi ikusia izan dadin.

(Ez dago esan beharrik bideoak batez ere Amerikako Estatu Batuetako egoerari erreparatzen diola, baina bertan dagoen oro berdin-berdin azaltzen da gure eskualdean.)

——————————————–

Egileaz: Ana Ribera (@molinos1282) historialaria da eta telebistan dihardu lanean duela 14 urte.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

——————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>