Itziar Laka: “Zientzia ez da emaitza bat bakarrik: Zientzia prozesua bera da”

Peru S. Gamarra

Itziar Laka

Itziar Laka

C. P Snow fisikariak bete betean asmatu zuen duela 50 urte: garai hartan humanitateak lantzen zituzten pertsonen eta zientzia aurrera eramaten zuten zientzialarien artean zegoen tartea izugarri handia zen. Amildegi bat bien artean. Hau guztia azaltzeko konparaketa bat egitea erabaki zuen. Bere ikerketekin konturatu zen bazirela ikasiak ziren pertsona asko –idazleak, musikariak, margolariak, pentsalariak…- zientziaren gainean ideiarik ere ez zutenak. Hots, zientifikoki analfabetoak zirenak. Gainera, pertsona hauentzat egoera hori ez zen lotsatzeko modukoa. Munduko gauzarik normalena omen zen eta gizarteak honela onartzen zuen. Hau da, zientziaren gainean ezagutza minimo batzuk ez izatea ez zegoen gaizki ikusirik.

Hau gutxi balitz, arras ikasiak ziren pertsona hauek zientzialarien gainean barre egiten zuten euren analfabetismoa (literaturan, artean, musikan…) zela eta. Nola ez zituzten ezagutzen laborategi itxi batean zeuden indibiduo arraro horiek literatur obra nagusienak edota margolari garrantzitsuenen obra inportanteenak? Nola izan al ziren horren ezjakinak? Gizarteak datu hauek ez jakitea gogor zigortzen zuen. Ez zegoen ongi ikusia arte edota literatur kontuetan analfabeto izatea.

Honen aurrean, bere lagunak ziren idazle, margolari eta pentsalariei galdera bat egin zien. “Ezagutzen al duzue Termodinamikaren bigarren legea?” Erantzuna ezezkoa izan zen. Ezezko garbia, gainera. Emaitza hauei esker, Snow-k bere iritzia eman zuen Cambridgen eskaini zuen hitzaldian (‘Bi Kulturak’ deiturikoa): Termodinamikaren bigarren legea ez ezagutzea, Shakespeareren obrak ez ezagutzearekin konparatu daiteke. Analfabetismo maila berdina da bi kasuetan, Snow-ren ustez. Pertsona argia, zalantzarik gabe.

Bere ondorioa argia zen. Zientziaren gainean ezagutzarik ez izatea normala zen garai hartako gizartearentzat. Hori bai, artearen, literaturaren edota musikaren gainean ezer ere ez jakitea bekatua zen.

50 urte beranduago bere gogoetek bizirik jarraitzen dute. Oraingoan, Zientzia Kaiera Itziar Lakarekin bildu da EHU-k Abandoibarra inguruan duen Bizkaia Aretoan kontu honetaz guztiaz hitz egiteko. Hizkuntzalariak bere ikuspuntua eskaini digu eta gaur egungo egoeraz luze hitz egin du gurekin.

50 urte pasatu dira Snow-ren hitzaldiaz. Bertan, humanitateetan eta zientzian lan egiten zuten pertsonez hitz egiten zen. Berak planteatutako egoera berean jarraitzen al dugu edota aldatu gara?

Snow-k idatzi zuen saiakeratik hona ez dugu berdin jarraitzen. Hobetu dugu. Hala ere, iruditzen zait Snow-k egin zuen kritika hartan ez zela, batzuk uste bezala, unibertsitatean egon zitekeen humanisten eta zientzialarien arteko zatiketaz hitz egiten. Bere zatiketa bestelakoa zen. Pertsona batek Shakespeareren Sonetoak ez ezagutzea, adibidez, oso gaizki ikusia zegoen. Aldiz, ez zegoen bat ere gaizki ikusia ezagutza artistiko edo literario handia zuen pentsalari batek deus ere ez jakitea zientziari buruz. Hori da berak ikusarazi nahi izan zuena. Diferentzia hori.

C. P. Snow, bi kulturen alegoria batean (Irudia: Matt Collins, Scientific American)

C. P. Snow, bi kulturen alegoria batean (Irudia: Matt Collins, Scientific American)

Beraz, zerbait aldatu da gure gizartean?

Baten batek baietz esango du eta beste batek ezetz. Hori bakoitzaren iritziaren araberakoa da. Nire ustez ez dugu berdin jarraitzen. Ez dut uste gaur egun gure gizartean zientzia kultura minimo bat ez izatea onartzen denik. Hala ere, aipatu behar da Snow-ren kritika hura, ondoren, beste mila gauzekin ere lotu izan dela. Alde batetik unibertsitatean egon zitekeen zatiketa humanistiko/zientifikoarekin, zientziaren dibulgazioarekin… Unibertsitatean egon zitekeen zatiketa humanistiko/zientifiko horretan, eta berriz diot, hau ez zen Snow-ren puntua izan nire ustez, berdin jarraitzen dugu? Ezetz esango nuke. Zientziaren dibulgazioari dagokionez berdin jarraitzen al dugu? Ezetz esango nuke berriz ere. Oso zaila da 50 urte pasatu ostean berdin jarraitzea. Hori bai, leku optimoan gauden galdetzen badidazu ezetz esango nuke.

Beraz, aldaketa bat egon dela argi dago. Baina aldaketa hori nahikoa izan al da?

Buff… oso galdera zaila da egiten didazuna. Oso konplexua den gai bati buruz galdetzen didazu. Milaka bazter, puntu… kontutan hartu behar dira honi behar bezala erantzuteko. Aldaketa hori nahikoa izan den? Ni oso ezkonformista nahiz, egia esan. Snow-ren garaia irakurri dudanagatik bakarrik ezagutzen dut. Ez nituen urte haiek bizi. Baina esango nuke, nire ustez, duela 50 urteko garaiarekin konparatuz, oro har, gizartearen kultura zientifiko maila handiagoa dela.

– Eta beste alorrak kontutan hartzen baditugu? Hau da, aipatzen zenituen humanistiko/zientifiko artean egon zitekeen zatiketa hori edota zientziaren dibulgazioa kontutan hartuta? Aldaketa nahikoa egon al da?

Beste alor hauekin ere gauza bera pasatzen da. Esan bezala, nire ustez, Snow-k ez zuen honi buruz hitz egin. Hauek ez ziren bere puntuak izan, nahiz eta batzuk kontrakoa uste. Hala ere, kontutan hartzen baditugu, humanisten eta zientzialarien artean zegoen amildegi hori txikitu dela esango nuke. Baina oraingoz hor dago. Eta dibulgazioarekin argi dago, gaur egun lehen baino hobeki dibulgatzen dugu. Egin didazun galderari behar bezala erantzutea oso zaila da. Aldaketa nahikoa izan ote den? Galdera oso handia da, zalantzarik gabe.

Hain zaila al da existitzen den tarte hori txikitzea?

Zaila izango ez balitz jendea ez litzateke honekin kezkatuta egongo! (Barreak). Bai, zaila da. Oso zaila.

Zergatik da horren zaila zientzia gizartera eramate hori?

Mila arrazoi daude honen atzean. Zaila da ukitzen diren gaiak zailak direlako. Zientzia bera beti dago ñabarduraz betea. Baina gure lana eta zientziaren gaiak honelakoak dira, ñabarduraz beterikoak. Kontua da gure lana komunikatu nahi denean ñabardurarik ez egotea eskatzen digutela. “Minbizia konpondu dugu!”, bezalakoak eskatzen dizkigute eta, noski, guk bizi dugun errealitatea ez da honelakoa. Hau guztia zientziaren dibulgazioari buruz hitz egiten ari bagara da, noski.

Bai hori da. Zientzia komunikatzea zaila da, beraz?

Zientzia komunikatzea oso zaila da. Zure alorra oso ongi ezagutu behar duzu eta hori komunikatzeko erraztasun handia izan behar duzu. Gauza asko kontutan hartu behar dira. Eta ez dago jende asko gauza hauek guztiak kontrolatzeko gai dena… Hala ere, zientzia gizartera eramate horretan komunikabideak ez dira erantzule bakarrak. Askoz ere agente gehiago izan behar ditugu kontutan. Hezkuntzak, adibidez, garrantzi handia du honetan guztian. Hezkuntzak zientzia nola transmititzen duen aztertu beharko genuke, adibidez. Bestalde, esan behar dut, zientzia ez direla emaitzak bakarrik, zientzia prozesu bat da eta hori da gizarteak ulertu beharko lukeena.

——————————————————————————

Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da

Iruzkin 1

Eman iritzia

Itziar Laka: “El lenguaje no se pierde por culpa de los jóvenes, sino por los adultos...

[…] en primera persona, podéis leer sus habituales colaboraciones en el Cuaderno, Mapping Ignorance, Zientiza kaiera y […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>