Luis Vega Gonzalez: “Matematikak ezagutzaren giltzak dira”

Elkarrizketak

Peru S. Gamarra

Luís Vega
Luís Vega

Zientzialariek dirua ezinbestekoa dute euren lanetan aurrera egiteko. Egia da ere, lan gehienetan berdina gertatzen dela eta, gaur egun, gainera, inoiz baino gutxiago dagoela. Hala ere, zientzia munduan diru falta hori inon baino gehiago nabaritzen da. Zergatik? Bada, badira arrazoi bat baino gehiago. Zientzialarien lanaren helburua ez da jarduera horri diru etekina ateratzea baizik eta lantzen duten arloan aurrerapausoak ematea. Ordea, telefono mugikorrak egiten dituen enpresa baten bizitzeko arrazoi bakarra dirua egitea da. Hau da, gero eta gehiago saldu, orduan eta hobeto. Saltzen ez bada, ordea, hobe pertsiana jaistea.

Arrazoi honegatik, zaila da dirua duen norbaitek inolako etekinik (diru etekinak, betiere) ematen ez duen jarduera batean bere ondasunak jartzen ikustea. Inork ere ez du bere dirua ikerkuntzan “galdu” nahi. Honela, askoz ere arruntagoa da dirudunak munduko enpresa indartsuenei diruz laguntzen ikustea eta ez, ordea, unibertsitateetako ikerkuntza taldeak finantzatzen ikustea. Batek dirua ematen die, besteak ez, ordea. Gauzak honela, inbertsio pribatu handirik ez bada, diru publikoa da zientzialari batek bere lana aurrera eramateko izango duen tresna bakarra. Babes publiko hori desagertzen bada, agur ikerkuntza aurrera daramaten askoren lana.

Krisi garai honetan biziki nabaritu da diru falta hori. Gobernuek diru gutxiago jarri dute ikerkuntzan eta honek ondorio latzak ekarri ditu (eta ekarriko ditu). Lehena, jendeak bere lana galdu eta kanpora joan behar izatea. Hala ere, badira zenbait laguntza mantendu direnak eta ikerkuntzari sekulako bultzakada eman diotenak. Hor daude, adibidez, Euskadi Ikerkuntza Sariak. Zientzia Kaiera sari hau lortu duen matematikari fin batekin bildu da. Izan ere, EHUko Luis Vega Gonzalez izan da hau lortu duen azken zientzia gizona. Hau da kontatu diguna.

2012ko Euskadi Ikerkuntza Saria eskuratu zenuen. Zer izan zen hori zuretzat?

Poz handia sentitu nuen, egia esan. Honelako errekonozimenduek lanean jarraitzeko gogo gehiago ematen dute. Hala ere, aipatu behar dut ez dela nire saria izan bakarrik. Nirekin batera lan egin dutenena ere bada neurri handi batean. Honelako sariak egotea eskertzekoa da erabat, azken batean, diru publikoarekin ordainduta daudelako. Are eskertzekoagoa gaur egun bizi dugun egoera zail honetan. Poz handia izan da sari hau jasotzea. Zalantzarik gabe.

Diru mozketa handiak sufritu ditugun garai honetan honelako sariak egotea oso garrantzitsua da, ezta?

Bai, baina ez guretzako bakarrik. Nire ustez, oso garrantzitsua da gizarteak zure lana baloratzen duela ikustea. Are gehiago, lehen esan dudan bezala, garai zail hauetan. Hau da, aipatzekoa da gizarte batek zure lana kontutan hartzea bai egoera zailetan zein onetan ere. Gure lanak epe luzean ematen ditu fruituak eta ez da erraza hori ulertzea.

Gizarteak ulertzen al du zientzialarien lanaren fruituak epe luze batean ikusiko direla? Hau da, oso azkar bizi den gizarte baten parte gara eta, askotan, ez dugu pazientziarik izaten emaitzak ikusteko. Zientziaren kasuan, behintzat, hori gertatzen da. Fruituak epe luze batean ikusten direla, alegia.

Ez dakit gizarteak puntu hau behar bezala ulertzen duen edo ez. Gure gizarteak, egia esan, ez du tradizio zientifiko handi bat. Ezta gutxiago ere. Eta, hau, dugun handicap bat da. Hori bai, nire lana, adibidez, diru publikoari esker egitea lortu dut eta laguntza hauei esker nire karrera profesionala garatzea lortu dut. Hemen, Euskadin, badugu gauza on bat. Nahiz eta egoera zail batean bizi garen, momentu batean ere ez dira laguntza hauek kolokan jarri eta, gainera, mantentzea lortu dugu. Oso garrantzitsua izan da laguntza hauek mantentzea.

Hitz egin dezagun orain zure gaiaz, matematikaz. Gure gizartean beti esan izan da matematikak zailak direla eta, askok, gainera, lan handia egin behar izan dugu gai hau eskolan gainditzeko. Egoera honen erruz, pertsona batzuek nahiko pertzepzio negatiboa dute matematiken gainean. Zergatik gertatzen da hau?

Honek ere badu aurreko galderarekin zerikusia. Gure gizarteak ez du inoiz ere zientzia asko baloratu eta honegatik gertatzen da zuk diozuna. Nire burua hobeki azalduko dut. Matematika zientziaren erdian dagoen zerbait da eta, azken batean, hizkuntza mota bat da. Mundu guztiak daki hizkuntza bat ikastea oso zaila dela. Irakurtzen ikasi behar duzu, idazten, hitz egiten… Matematikekin ere antzekoa gertatzen da. Gure inguruan badugu jendea irakurtzen, hitz egiten edota idazten erakutsi ahal digutenak. Laguntza hori ez zaigu inoiz ere faltako eta, hau dela eta, idazten, irakurtzen eta hitz egiten ikasiko dugu.

Matematiketan hau gertatzea zailagoa da, noski.

Hori da! Hizkuntzarekin ez bezala, matematikak ikasteko testuinguru egoki bat lortzea zaila da. Matematikak ikasteko dugun testuinguru bakarra eskola da eta honek asko mugatzen du. Eskolan irakasle on bat baduzu erakargarriagoa egingo zaizu baina txarra bada, ordea, kontrakoa gertatuko da. Hori bai, formazio egoki bat lortzeko matematikak behar bezala ikastea ezinbestekoa dela iruditzen zait. Honekin ez dut esan nahi matematikak errazak direnik. Ezta gutxiago ere. Baina, ez ditzagun egin guk oraingoz zailagoak.

Zer dira Luis Vegarentzako matematikak?

Matematikak ezagutza giltza dira. Argi eta garbi daukat hori. Naturaren mekanismoak ulertzeko tresna ezinbestekoa, alegia.

Garbi izan al duzu betidanik matematikaria izan nahi zenuela? Hau da, txikitatik nahi al zenuen matematikaria izan?

Erabaki hau hartu nueneko gauza asko ez dut gogoratzen, baina beti izan dut nahiko garbi gaztetan ikasten ez nuena ez nuela nagusitan ikasiko. Niretzat, matematikak inguruan nuena ulertzeko tresna ezinbestekoak ziren eta honegatik ikasi nituen.


Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.