Txema Asua: “Zientzia egiten duenak bere lana komunikatzeko gai izan behar du”

Peru S. Gamarra

Txema Asua (arg.: Euskonews.com)

Txema Asua (arg.: Euskonews.com)

Bizitzan badira momentu batzuk non, gustatu edo ez, erabakiak hartu behar diren. Ez gabiltza ile kolorea aldatzeaz edota kotxe berri bat erosteaz ari. Erabaki garrantzitsuez mintzo gara. Bizitza betiko markatuta utzi dezaketen erabakiez, hain zuzen ere. Hauetako bat da, zalantzarik gabe, ikasketen aukeraketa. Hori bai lan zaila! Asko pentsatutakoan, batzuek fisika ikastea erabakiko dute, besteek, berriz, filosofia. Normalean, 18 urte ingururekin egiten da aukeraketa hori eta, bizitzako momentu horretan, askok ez dute bat ere argi etorkizunean zer izan nahi duten. Bokazioak ez du beraien atean oraingoz jo.

Gainera, gure gizartean bada oso zabalduta –eta oso oker- dagoen pentsatzeko era bat: bokazio bat izateak etorkizunean zure lanean oso ona izango zarela ziurtatuko du. Adibide batekin argi ikusten da hau. 10 urteko ume bat nagusitan medikua izan nahi duela esaten entzuten dugunean, nolabaiteko lasaitu bat hartzen dugu. “Zein argi duen ume honek bere etorkizuna. Seguru oso ongi egingo duela”, pentsatzen dugu. Honen aurrean, zer egin ez dakienak, burua makurtu eta bestea bezain ona izango ez dela onartzen du. “Ze zortea duen horrek. Nik ez dut bat ere argi nire erabakia. Medikua izango naiz edota matematikaria? Seguru hura oso ona izango dela bere lanean. Eta ni zer?”.

Hala ere, urteen joan etorriek garbi uzten dute baieztapen edo uste hau ez dela zuzena. Bokazioa izateak ez duela zertan lan horretan arrakasta izango duzunik ziurtatzen. Askotan, gainera, kontrakoa gertatzen da. Horixe da gure azken protagonistari pasatu zitzaiona. Berak ez zuen garbi bere etorkizuna. Ez, behintzat, nerabe bat zenean. Hori bai, gaur egun punta puntako zientzialaria da eta erreferentzia garbia bere alorrean. José María Asuari buruz ari gara. EHU-n Ingeniaritza Kimikoan Katedraduna eta Polymat BERCeko zuzendaria den irakasle honekin luze ibili gara telefonoz eta bere bizitzari birpasa eder bat eman dio Zientzia Kaierarekin batera.

Zientzialaria, ikertzailea eta irakaslea zara. Zer da hori gaur egun?

Ezin zaitezke zientzialaria izan ikerketarik egin gabe. Behintzat, nik horrela ulertzen dut. Eta galderari erantzuna emanez… (isilune bat egiten du erantzuna ongi pentsatzeko) Oso fuerte hasi zara! Ikus dezagun… Beste lan batzuekin erkatuz gero, zientzialariaren lana ez da oso ezberdina. Nire lana arazoei irtenbidea ematea da. Edo beste era batean azaldu nahi bada, konponbideak bilatzea da nire betebeharra. Lan egiteko modu hau beste ogibide askotan aurkitu dezakegu gure gizartean.

Nolakoa da egun normal bat zure lanean?

Ez dakit nire lanean egun normalik existitzen den edo ez… Hori, lehenik eta behin (barreak!). Egun normal baino, egun on bat nolakoa den azalduko dut. Hasteko, beharrezkoa da bilera gehiegirik ez egotea. Bestalde, mahai gainean arazo edo erronka bat izatea ere ezinbestekoa da. Irtenbidea aurkitu behar diozun arazo bat, hain zuzen ere. Egun oso bat erronka horri konponbidea bilatzeko gordeta badut, eta nahiz eta irtenbiderik lortu ez, egun hori borobila da niretzat. Xakean irabaztea oso polita da, baina parte hartzearekin bakarrik pozik nago. Berdina gertatzen da hemen. Ulertzen ez duzun zerbait esku artean izatea eta egun oso bat hori ulertzeko lanean ematea… Niretzat, egun hori, egun handia da.

Irakaslea zara, baina ez duzu klaserik aipatu zure “egun on” horretan. Zergatik?

Irakasle bezala egun on bat nolakoa den galdetzen didazu?

Bai, hori da…

Imajinatu dezagun klase batean zerbait azaltzen nagoela. Azalpena bukatu eta pentsatzen dut: “hau oso argi geratu dela iruditzen zait”. Baina momentu horretan bertan ikasle batek eskua altxatu eta galdera bat egiten dit. Azalpena behar bezala egin ez dudala konturatzen naiz. Aukera guztiak kontutan hartu ez ditudala, alegia. Ikasle batek desafio bat planteatzea irakasle bezala gertatu ahal zaizun gauza hoberenetakoa da, nire ustez. Hori izango litzateke egun on bat.

Bokazioak eraman al zaitu zientzialari edota ingeniari kimikoa izatera?

Ez, ezta gutxiago ere. Bizitzaren nondik norakoek eraman naute gaur egun naizena izatera. Egia da gaztetatik banuela nolabaiteko erraztasun bat zientzia kontuetan, baina biologia ere egin nezakeen, edota fisika, biokimika… Zientzialaria ez naiz bokazioz. Hori seguru. Tesia egiteko gogoa nuen ikasketak bukatutakoan. Izan ere, tesia egiteak beste toki batean bizitzeko aukera ematen zidan. Tesia bukatu eta Donostian lana eskaini zidaten ikerlari bezala. Hiri honetara etortzeko gogoa nuen eta ikerkuntzak ateak ireki zizkidan. Baina hemen, kiroletan bezala, entrenatzeak hobea egiten zaitu eta, zerbaitetan hobetzen duzunean, normalean, gustua hartzen diozu. Hori da gertatu zaidana.

Irakaslea eta zientzia gizona zara. Zure ustez, bi ogibide hauek eskutik joan behar al dute derrigorrez?

Unibertsitateko irakasle batentzat ikerkuntza egitea beharrezkoa da. Nire ustez, ezinezkoa da irakasle ona izatea ikerkuntzak ematen dizun ezagutza hori eskuratu gabe. Gainera, ikerkuntza egiteak gehiago ikasteko gogoa ematen dizu. Nolabaiteko jakin-nahia sortzen du zuregan. Eta jakin-nahi hori ikasleari transmititu behar zaio. Beraz, esango nuke, irakasle batentzat beharrezkoa dela.

Eta kontrako bidea nola ikusten duzu? Hau da, ikerlari batek klaseak eman behar al ditu derrigor?

Ikertzaileen kasua ezberdina da. Izan ere, posiblea da ikerkuntza egitea eskolarik eman gabe. Hala ere, oso zaila da ikerlari bat maila ona izatera iristea bere usteak eta ezagutzak azaltzeko gai ez bada. Hau da, berak egiten duena gainontzekoei azaltzeko gai izan behar du. Honek zera esan nahi du, ikerlariak beti egin beharko duela nolabaiteko lan pedagogikoa. Ez bada graduko ikasleekin, bai bere ‘kolega’ edo lankideekin. Zientzia egiten duenak bere lana komunikatzeko gai izan behar du.

—————————————————

Oharra: Argazkia, hemendik hartu dugu, Euskonew-ek egin zion elkarrizketa interesgarri batetik.

———————————————————————–

Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>