Mary Lea Heger, izarretatik iristen zaigun argian aztarna ilun bat aurkitu zuen astronomoa
Erraz ahazten dugu, bereziki astronomian adituak ez garenok, espazioa gauzaz beteta dagoela. Nahiz eta uste dugun espazioa hutsik dagoela, ez da hala, inola ere ez. Eta ez daude soilik izarrak, planetak edo asteroideak (jakin badakigu horiek badaudela). Han barruan ezer ez dagoela uste dugu, ezin baitugu ikusi, baina materia eta energia ere han dabiltza bereak eta bi egiten. Fenomeno espazial ugari aurkitu dira, hain zuzen ere, espazioa behatzean ez zelako ikusi espero zen guztia.
Horien adibide dira izarrarteko banda lausoak, Mary Lea Heger Shane astronomoak, ikasle zela, lehen aldiz behatutako fenomenoa. Izarrarteko banda lausoak izarretatik iristen zaigun argian dauden aztarna ilunak dira, eta horiek guganako bidean argi horrek beste objektu batzuk (hala nola hauts-lainoak, molekula organoak eta beste batzuk) zeharkatzen dituelako sortzen dira. Gaur egun, oraindik ere ez dago argi zerk sorrarazten dituen aztarna horiek, eta horri buruzko ikerketak egiten jarraitzen dute, kanpoko espazioa eta espazioa osatzen duten elementuak hobeto ezagutzeko asmoz.

Sodioa espazioan eta aztarna ilunean
Mary Lea Heger 1897ko uztailaren 13an jaio zen, Wilmington-en (Delaware, Estatu Batuak), baina aurki joan zen San Frantzisko ingurura (Kalifornia). Maryk han ikasi zuen, Berkeleyn, Kaliforniako Unibertsitatean. Han lizentziatu zen 1919an eta han hasi zuen doktoregoa, zeina 1924an amaitu baitzuen, izarrarteko espazioan sodio atomoak detektatu zirela aipatzen zuen lehenengo artikuluetako batekin. Aldi horretan, 1922an, deskribatu zituen lehenengo aldiz izarrarteko banda lausoak.
Laster, bi seme-alaba izan zituen, eta lan egiteari utzi zion. Batez ere, haiek zaintzeaz eta senarraren kide astronomo anfitrioi izateaz arduratu zen. Senarrak Hamilton mendiaren gailurrean zegoen Lick Behatokia (Kaliforniako Unibertsitatea) zuzentzen zuen.
Artxibategi historiko ordenatua eta eskuragarria
Emakumezko ikertzaile batek lan akademiko batzuetarako dokumentazio bila egindako bisitaren ondoren, Hegerrek erabaki zuen behatokia 1888an inauguratu zenetik bertan sortutako ehunka mila dokumentuekin artxibategi historiko ordenatu eta eskuragarria osatzea.
1966an behatokia Santa Cruzeko campusera eraman zuten, eta bertako arduradunak konbentzitu zituen Dean E. McHenry Liburutegian gune bat utz ziezaioten. Boluntario talde bat osatu zuen, eta taldeak, haren zuzendaritzapean, ehunka dokumentu, argazki eta berri labur identifikatu, sailkatu eta antolatu zituen. Horiez gain, Amerikako izen handiko ia astronomo guztiek eta Europako askok idatzitako gutun ugari ere bazituzten. Bildumari Lick Behatokiko arduradunek eta haien ondorengoek artxiborako dohaintzan eman zizkieten dokumentazio asko gehitu zioten.
Mary Lea Heger 1983ko uztailaren 13an hil zen, 86 urte bete zituen egun berean, bihotzekoak jota.
Iturriak:
- Osterbrock; D. E. (1984). Obituary – Shane, Mary-Lea 1897-1983, Journal for the History of Astronomy, 15:1 alea, 42 zenb., 74. or
- Mary Lea Heger, Wikipedia
- Mary Shane, Nuclear Museum, Atomic Heritage Foundation
- Diffuse Interstellar Bands (DIBs), McCall Research Group
Egileaz:
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko abuztuaren 28an: “Mary Lea Heger, la astrónoma que descubrió una huella oscura en la luz que nos llega de las estrellas“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.