Pankreako minbizia eta zientziaren komunikazio egokia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

6 min

Pankreako minbizia eta zientziaren komunikazio egokia

2026ko urtarrilaren amaieran, zientzia-albiste garrantzitsua zabaldu zen hedabide guztietara. Antza, pankreako minbizia sendatzea lortu du Mariano Barbacid zientzialari ospetsua buru duen ikertzaile talde batek. Alabaina, lerroburu handienen azpian letra txikia irakurtzen denean, argi gelditzen da kasu hau zientziaren komunikazio eskasaren adibide ona izan dela.

Lehenik eta behin, albistearen garrantzia ondo kokatzeko, pankreako minbiziaren berezitasunak ulertu behar ditugu. Minbizi motarik konplexuenetakoa eta hilgarrienetakoa da pankreako minbizia. Horren arrazoietako bat da pankreako minbiziak, oro har, ez duela minik eragiten, eta, beraz, denbora asko pasatu daiteke diagnostikoa egiten denerako. Kasu gehienetan, gaixoa medikuarenera doanerako, minbizia beste organo batera ere zabalduta egon ohi da. Horrez gain, pankreako minbizia oso erresistentea izan ohi da, eta, gainera, konplexua da pankrea dagoen lekuan ebakuntza kirurgikoak egitea. Arrazoi horiengatik guztiengatik, % 13koa da pankreako minbiziaren bost urteko biziraute-tasa. Ideia bat emate aldera, kontuan hartu behar da beste minbizi mota batzuen kasuan, tasa hori % 80koa edo altuagoa izan daitekeela.

Pankreako minbizia
Irudia: pankreako minbizia saguetan bakarrik deuseztatu dute PNAS aldizkarian argitaratutako lanean. (Argazkia: geralt – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Hortaz, normala den bezala, pankreako minbiziak interes berezia sortzen du minbizi mota guztien artean. Gauzak horrela, hobeto ulertzen da 2026ko urtarrilaren 27an Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionalak, CNIOk, emandako albistea. Hain zuzen ere, esan zuten Barbacid zientzialariaren taldeak lortu zuela saguetan pankreako minbizia guztiz deuseztatzea eta, gainera, erresistentziarik ez zela sortzen. Mariano Barbacid biokimikari espainiarra da, eta aitzindaria da minbizia sortzen duten geneak ikertzen. Gaur egun, CNIOren Onkologia Esperimentaleko Taldearen burua da. Talde horrek egindako ikerketaren emaitzak PNAS aldizkarian argitaratu ziren, A targeted combination therapy achieves effective pancreatic cancer regression and prevents tumor resistance izenburupean, lehen egile gisa Vasiliki Liaki-k sinatutako lanean.

Barbaciden taldeak emaitza garrantzitsuak lortu zituen; horretarako, terapia hirukoitzaren estrategia erabili zuten, alegia, minbizia hiru leku desberdinetatik erasotzea, minbizia erabat deuseztatu ahal izateko. Aurrez azaldu dugun pankreako minbiziaren arriskua kontuan hartuta, oso esanguratsuak dira emaitzak; baina kontuz, letra txikia ere irakurri behar da eta. Oraingoz 45 sagurekin bakarrik egin dira esperimentuak ─ez gizakiekin, ez ingurune klinikoan─. Gainera, minbiziak oraindik oso txikiak zirenean deuseztatu ziren saguetan, eta, esan dugun bezala, hori ez da ohikoa gizakion pankreako minbiziaren kasuan. Edonola ere, artikulua 2025eko azaroan argitaratu zen PNAS aldizkarian; baina horrek ez zuen ia oihartzunik izan. Aldiz, 2026ko urtarrilean aipatutako prentsa-oharra kaleratu zutenean eta Barbaciden taldeak prentsaurrekoa eman zuenean, albisteak mundu mailako oihartzuna izan zuen.

Egun horietan, munduari buelta eman zion albisteak, eta ez beti ikertzaileek esandakoa modu egokian aipatuz. Azpimarratzekoa da Barbacidek, oro har, tentuz erabili dituela bere hitzak; baina, sarri askotan, kazetariek eta komunikatzaileek ikerketaren ondorioen interpretazio desegokia egin dute ─modu arinean esate aldera─. Ikerketaren funtsak CRIS Contra el Cáncer fundazio pribatuak jarri ditu, beste erakunde batzuen artean ─eta hau azpimarratzea garrantzitsua da; izan ere, hedabideetan ez da asko aipatu funts gehienak publikoak izan direnik─.

Prentsaurrekoaren ostean, entsegu klinikoak hasi ahal izateko abian jarri zuten crowdfunding kanpaina, eta berehala 3,5 milioi euro baino gehiago lortu ziren. Espainiako telebista-saio entzutetsuetan egon zen Barbacid bera, eta kasu askotan entzundakoak ez zientzialariaren ahotik erridikulu zientifikoaren adibide apartak dira. Nazioarteko hedabideetan ere argitaratu zen zientzialari espainiar batek pankreako minbizia sendatzea lortu zuela. Albistea zabaltzen joan zen neurrian, zuhurtasun-hitzak desagertzen joan ziren, eta izugarrizko espektatibak ─asko faltsuak, edo errealitatean oinarririk ez dutenak─ sortu ziren. CNIOk berak adierazi zuen pankreako minbizia duten gaixoen ehun mezu baino gehiago jaso zituztela, laguntza eskatuz.

El Hormiguero saioan ─batez beste 1,5 milioi ikusle baino gehiago dituena─, Barbacidek aipatu zuen «2 edo 3 urte» falta direla «pazienteetara iristeko». Ez da guztiz argi gelditzen pazienteetara iristeak zer esan nahi duen ─gizakiekin probak egiten hastea? Sendagaia prest egotea?─, baina, edozein kasutan, zientziak nekez eman ditzake horrelako ziurtasunak. Gainera, sendagai baten garapenaren fase klinikoa kontuan hartzen badugu, kontuan hartu behar dugu fase klinikoan sartzen diren sendagai gehienek ez dutela lehen fasea pasatzen.

Horrez gain, ikerketa-lana PNAS aldizkarian argitaratu izana ez da oso arrunta. Oro har, ikertzaile batek bere lana argitaratu nahi duenean, peer review edo parekoen berrikuspen-prozesua duen aldizkari batera bidaltzen du, bere lana ebaluatu dezaten. Sistema horrek kritikak dituen arren ─hemen eta hemen azaldu nizkizuen batzuk─, zientziak horrela funtzionatzen duela onartu behar da. Antza denez, hasiera batean lana Nature aldizkari ospetsuan argitaratzen ahalegindu ziren, baina aldizkariak ez zuen lana ontzat eman ─agian, emaitzak gizakietara eramateko zailtasunengatik edo esperimentu gehiago egitea beharrezkoa delako; baina hori ezin dugu jakin─. Ondoren bidali zuten PNASera.

Hemen hainbatek azpimarratu duten kontu bat dago; izan ere, Barbacid AEBko National Academy of Sciences zientzia-erakundearen kide denez, aukera du aldizkari horretan bere lana ebaluatuko duten zientzialariak aukeratzeko. Horrek ez dio zertan lanari kalitatea kendu, eta ez du ezer txarrik ekarri beharrik; baina onartu behar da ez dela ohikoa horrela izatea ─hain zuzen, ezin dugu berretsi Barbacid eskubide horretaz baliatu ote zen ere─.

Azaldutako guztia kontuan hartuta, albisteari buruzko kezka adierazi dute zenbait zientzia-dibulgatzailek. Aipatzekoak dira, esate baterako, La Hiperactina edo Antonio Mártinez Ron dibulgatzaileek kasua argitzeko eta azaltzeko egin duten lana. Laburtuz, aipatu behar da egindako ikerketa esanguratsua dela, baina oso urruti dago gizakion pankreako minbizia sendatu ahal izatetik. Hortaz, itxaropen faltsuak sortu dira zientziaren komunikazio desegokiagatik. Baliteke itxaropen horiek dirua lortzeko kanpainaren barruan kokatzea, eta egia da egunak pasatu ahala ikertzaileek modu zuhurragoan eman zutela informazioa. Esaterako, ikerketarekin lotzen den Vega Oncotargets enpresak webguneko informazioa aldatu egin zuen otsailaren hasieran: hemen ikus daiteke otsailaren 4an zioena, eta hemen gaur egun dioena.

Edozein kasutan, itxaropen faltsu horiek sortu izana arriskutsua da zientziaren balioentzat, eta zientziarekiko mesfidantza handia sor dezake gizartean. Gizarteak ulertu behar du zientzian aurrerapausoak motelak direla, eta askotan helmugara ere ez garela inoiz iristen. Hortaz, ona eta egokia da ikerketa garrantzitsu baten berri ematea, jakina, baina oso ondo azaldu behar da ikerketa horren emaitzek zer esan nahi duten, eta zein den eragin erreala. Are gehiago, pankreako minbizia duten hainbat gaixok mezu hori jaso dezaketenean. Babes dezagun, bada, zientziaren komunikazio eta dibulgazio egokia eta burutsua.

Erreferentzia bibliografikoa:

Liaki, Vasiliki; Kostopoulou, Myrto; Barrambanaa, Sara; Lechuga, Carmen G.; Zamorano-Domingueza, Elena; Acosta, Domingo; Morales-Cacho, Lucia; Álvarez, Ruth; Sun, Pian; Perez-Rosas, Blanca; Barrero, Rebeca; Jiménez-Parrado, Silvia; López-García, Alejandra; San Roman, Marta, López-Gil, Juan Carlos; Drostenb, Matthias; Sainz Jr., Bruno; Musteanu, Monica; Caleiras, Eduardo; Dusetti, Nelson; Poli, Valeria; Sánchez-Bueno, Francisco; Guerra, Carmen, Barbacid, Mariano (2025). A targeted combination therapy achieves effective pancreatic cancer regression and prevents tumor resistance, PNAS, 122(49). DOI: 10.1073/pnas.252303912


Informazio gehiago:

Manuel Ansede (2026). La verdadera historia detrás de “la primera terapia efectiva contra el cáncer de páncreas” de Mariano Barbacid, elpais.com, 2026ko otsailaren 6a.

Centro Nacional de Investigaciones Oncológicas, CNIO (2026). El grupo de Barbacid en el CNIO elimina tumores de páncreas en ratones por completo y sin que aparezcan resistencias, cnio.es, 2026ko urtarrilaren 27a.

Antonio Martínez Ron (2026). Preocupación por las expectativas creadas por Barbacid sobre el cáncer de páncreas: “El anuncio se ha salido de madre”, eldiario.es, 2026ko otsailaren 5a.


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.