Eguzki-sistematik kanpoko lehen ilargiaren bila
133 argi urtera dagoen planeta baten inguruan ilargi bat egon daitekeelako zantzuak aurkeztu dituzte. Baieztatuz gero, aurkitzen den lehenengoa litzateke.
Orain arte eguzki-sistematik kanpo dauden 6.000 exoplaneta baino gehiago aurkitu dira, eta kopurua etengabean handitzen doa. 1992. urtean lehenak aurkitu zirenetik hamarkadak igaro diren honetan, oraingo erronka nagusia askoz zailagoa da. Izan ere, gauza bat da planeta bat aurkitzea, baina oso bestelako kontua da planeta horiek nolakoak diren jakitea. Edo, zientzialariek erabili ohi duten hizkeran, mundu horiek ezaugarritzea.
Beste pauso bat aurrerago joanez, eguzki-sistematik kanpoko ilargiak aurkitzea askoz zailagoa izango da. Gaurdaino ez da horrelakorik aurkitu. Tamaina eta distantzia kontua da, noski, zinez zaila baita horren urrun dauden objektuak antzematea. Gainera, ilargiak planetak baino dezente txikiagoak izaten dira.

Planetak atzemateko erabiltzen den teknika zabalduenetakoa izarraren argian izaten den aldaketan oinarritzen da. Halakoetan, planeta izarraren aurrean igarotzen denean, aurrean egon izanagatik izarraren argian eragiten den argiaren jaitsiera ñimiñoa aintzat hartzen da. Modu horretan, beren izarraren aurrean —gure ikuspuntutik ikusita, noski— igarotzen direnean ikusten dira exoplaneta asko, urteen poderioz findu izan den teknika bati esker. Beste teknika bat grabitazioaren neurketan oinarritzen da: planetak izarrean eragiten duen mugimendu txikia neurtzean lortzen da jakitea inguruan zerbait egon behar dela.
Planetek argi propiorik ez dutenez, lehen teknika ezin da erabili ilargi bat detektatu nahi izatekotan, eta ezinbestean grabitazioaren neurketan oinarritu behar dira. Baina hemendik atzeman dezakegun mugimendua txikiegia da ere ilargi bat detektatzeko, gaurko teknologiarekin bederen.
Dena dela, bereziki handiak diren objektuek aukera hobeak ematen dituzte halako detekzioetarako. Hori da, hain zuzen, HD 206893 B planetaren kasua. 133 argi urtera dagoen objektu erraldoia da. Eguzkiak halako hogeita hiru masa dituela kalkulatu dute astrofisikariek. Horren handia da zientzialariek erabiltzen duten sailkapenean planeta erraldoi baten eta izar nano marroi baten artean dagoela. Normalean exoplanetak zeharkako tekniken bidez ikertu behar dira, ez baitira modu zuzenean ikusten, baina kasu gau berezia da. Izan ere, duela hainbat urtetik modu zuzenean behatzen ari dira Capricornus konstelazioan. Hauts asko daukan atmosfera du eta nahiko objektu gaztea da.
Lehen aipatutako bigarren teknikaz bailatu dira aurkitutako lehen exoilargia izan daitekeena ondorioztatzeko: behaketa berriek erakutsi dute planeta erraldoiak abalantza txiki bat duela, eta hori inguruan orbitatzen duen ilargi bat duen seinale dela uste dute astrofisikariek.
Zehazki, Parisko Behatokiak ezagutzera eman duenez, planeta horretan bederatzi hilean behin izaten den joan-etorriko mugimendu txikia atzeman dute. Zeregin honetan doitasun handia lortzen duen Atacamako (Txile) VLTI Very Large Telescope Interferometer behatokiak duen GRAVITY tresnaz baliatu dira.

Atzemandako mugimendu hori dela eta, ondorioztatu dute inguruan planetaren orbitan eragiten duen objektu bat egon behar dela. Dena dela, ilargia izaten bada, guztiz ezohikoa izango da, gure eguzki-sisteman ezagutzen ditugun ilargien parean bederen. Neptunoren masa halako bederatzi inguru izango lituzke, edo Jupiterren masaren 0.4, beste alderaketa bat ematearren.
Agerikoa da galdera, Carlos Vazquez Monzon astrofisikariak The Conversation atarian argitaratutako dibulgazio artikulu batean. Baieztatuz gero, zentzua dauka horrelako objektu bati ilargi deitzeak?
Ezagutzen ditugun ilargiak planetaren eraketaren prozesuaren inguruan geratzen den materialaren bitartez sortu ohi dira. Gure Ilargiaren kasuan, ordea, Lurrak beste planeta batekin izandako eztandaren ondorioz sortu izan zela da teoriarik finkatuena. Ilargi hain erraldoi baten eraketaren alabaina, ordea, muturreko baldintzak beharko lirateke ilargia sortzeko.
Beste ondorio logiko bat da, ilargi bat dela baieztatuz gero, gure eguzki-sisteman ezagutzen dugunaz baino askoz askotarikoa dela eguzki-sistemen konposizioa. Hau gero eta argiago dagoen kontua da, funtsean, gizakiok unibertsoa antolatzen eta sailkatzen saiatzen garen arren, zaila baita askotan mugak jartzea, planeta kontzeptuaren definizioarekin azken urteetan geratu izan den bezala. Sailkapenen lausotasuna ikusten da ere ustezko ilargi honen planetaren beraren kasuan, hortan zaila baita ebaztea non dagoen planeta oso erraldoi baten eta bere eraketan huts egin duen izar baten aldeko aldea.
Logikoa denez, behaketa berriak egin eta orain arte eskuratutako datuek berrikusi beharko dira benetan ilargi bat dagoen baieztatu edo ezeztatu ahal izateko. Hori dela eta, detekzioetan hain alde txikietan oinarritutako ikerketa gehienetan egin ohi den bezala, ikertzaileek aurkikuntza posible bat bereganatu nahi izan dute datuak eta hipotesia azkar argitaratuz, baina, aldi berean, zuhurtzia erakutsi nahi izan dute. Hori dela eta, ohartarazi dute hau ez dela, inondik inora, behin betiko baieztapen bat. Baina, halere, zirraragarria da irudikatzea ilargi erraldoi hori nola izan daitekeen, gertutik ikusteko parada egongo balitz.
Erreferentzia bibliografikoa:
Kral, Quentin; et al. (2026). Exomoon search with VLTI/GRAVITY around the substellar companion HD 206893 B. Astronomy & Astrophysics, 705. DOI: 10.1051/0004-6361/202557127
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.