Noemí Pinilla-Alonso: «Planeten eraketaren etapen artean dauden hutsuneak ixten lagundu nahi nuke»

Ikertzen dut

3 min

Noemí Pinilla-Alonso: «Planeten eraketaren etapen artean dauden hutsuneak ixten lagundu nahi nuke»

Noemí Pinilla-Alonso ikertzailea da Asturiasko Espazioaren Zientzia eta Teknologien Institutuan, eta itzal handiko ikertzailea Oviedoko Unibertsitatean. Aurretik aritu den lanpostuen artean, aipatzekoa da 2018. eta 2023. urteen artean Areciboko Behatokiko zientzialari atxiki nagusia izan zela. Behatokiko talde zientifikoaren eta Florida Erdialdeko Unibertsitatearen arteko esparrua garatu zuen, eta Arecibon egiten zen lana sustatu zuen nazioarteko komunitate zientifikoaren aurrean.

Planetologiaren arloan egiten duen ikerketaren ardatza da ezagutzea eguzki-sistema nola sortu zen eta zer-nolako bilakaera izan zuen egungo egoerara iritsi arte. Gai zabal horretan duen espezialitatea da zehaztea zein den gorputz-txikien azaleko osaera, eta azaleko alterazio mekanismoen arabera (eta, besterik ezean, eraketa-baldintzen arabera) interpretatzea osaera hori. Interes berezia du eguzki-sistemako lurrunkorren, izotzen, konposatu organiko konplexuen eta silikatoen banaketaren ikerketan; horretarako, behaketa teknikak eta modelaketa konbinatzen ditu.

Irudia: Noemí Pinilla-alonso ikertzailea. (Argazkia: Florida Erdialdeko Unibertsitatea)

2021az geroztik, DiSCO-TNOs, gure eguzki-sistemaren miaketa kanpaina zuzentzen du. Kanpaina horretan, James Webb espazio teleskopioa erabiltzen dute Neptunoz haraindiko objektuek osatzen dituzten konposatu izoztuak ikertzeko.

Sari ugari jaso ditu akademiaren munduan eta, oro har, gizartean duen eraginagatik, hala nola Florida Erdialdeko Unibertsitatearen 2021eko Emakumeen Historiaren Hilabeteko Saria, Florida Erdialdeko Unibertsitatearen Luminaria Saria, Mayor Demings saria (Orange konderriko Egoiliar Gorena), eta, duela gutxi, Merkataritzako 2025eko Zientzia Saria. Gainera, 1981 DZ1 asteroideari (10689) bere izena jarri zion (10689 Pinillaalonso) Nazioarteko Astronomia Batasunak.

Zein da zure ikerketa arloa?

Astrofisikaria naiz, planetologian aditua. Gorputz txikien gainazaleko osaera da nire ardatza, eta helburu gisa dut eguzki-sistemaren eta, hedaduraz, beste planeta sistema batzuen eraketa eta bilakaera prozesuak ezagutzea. Nire profila behatzailearena da, eta lurreko zein espazioko teleskopio ugariak dira nire laborategia.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Zientzia egiten dut buruhausteen zale amorratua naizelako. Galdera irekiak identifikatzea, haiei erantzuteko zer behar dudan jakitea, beharrezkoak diren behaketak egin eta aztertzea, eta, datu horietan, erantzunak aurkitzea eta nire kideekin partekatzea.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Oso pertsona praktiko eta behatzailea naiz; beti begiratzen diot nire inguruari, hurbilekoari. Zorte handia izan dut nire ibilbidean, eta asko ikasi dut nire gainbegiraleengandik: Javier Licandro, Humberto Campins, Dale Cruikshank, Josh Emery eta Ray Lugo.

Baina nire kideengandik ere asko ikasi dut: Julia de León, Rosario Brunetto, Vania Lorenzi, John Stansberry edo Francisco Córdova.

Guztiengandik ikasi dut, eta guztiengan inspiratu naiz aurrera egiteko.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Planeten eraketaren etapen artean dauden hutsuneak ixten lagundu nahi nuke: molekula lainoen kolapsotik hasi (hor sortzen dira izarrak) eta asteroide, kometa eta Neptunoz haraindiko objektuetara arte. Horrek barne hartzen ditu disko protoplanetarioak, planetesimalak eta exoplaneten beste sistema batzuk.

Helburua ez da fase horietako bakoitza zehatz-mehatz eta bereizirik ezagutzea, baizik eta horien guztien hari eroalea identifikatzea: guztientzat berberak diren material primitiboenak, hau da, hautsa eta izotzak.

Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Mila aholku emango nizkioke, baina, oro har, esango nioke ikerketa lanbide ederra eta, aldi berean, oso exijentea dela. Etengabe neurtzen gaitu, ezezagunarekin egiten baitugu lan, eta horrek, zenbaitetan, gure gaitasuna ere zalantzan jartzera eramaten gaitu.

Ez dezatela gaizki tratatu beren burua: saiatuko dira beste batzuk horretan. Denok izaten ditugu une latzak, gakoa da une horietan ez geratzea.

Eta, batez ere, animatuko nituzke lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka bilatzera. Erraza da norberak egiten duena gustuko duenean amain ematea norberaren buruari, baina bizitza zerbait gehiago da. Jakin egin behar da ordenagailua itzaltzen.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko martxoaren 14an: Noemí Pinilla-Alonso: «Me gustaría contribuir a cerrar los vacíos entre las distintas etapas de la formación planetaria».

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.