Margaret Melhase, kimika ikaslea, zeinaren erradioaktibitateari buruzko lanak esaten baitigu zenbateraino den zaharra ardo bat
Zure ustez zenbat ordain daiteke botila bat ardoren truke? Ziurrenik erantzuna izango litzateke “depende”, ardo mota ugari baitaude eta denei ez baitiegu ematen balio bera. Beti hala ez bada ere, esan genezake, oro har, ardo bat zenbat eta zaharragoa izan orduan eta gehiago balioko lukeela, eta batzuek milaka euro balio dezaketela oso zaharrak eta urriak badira. Hori dela eta, iruzurrak ohikoak izaten dira negozio horretan.
Iruzurrak saihesteko, edo iruzurra jasateko arriskua murrizteko, metodoak bilatzen dira ardoari data jartzeko. Horretarako metodoetako bat zesio-137 izeneko isotopo erradiaktiboan oinarritzen da. Isotopo hori Margaret Melhasek aurkitu zuen 1940an, kimikako ikasle zela.

Honela funtzionatzen du: Hiroshimako eta Nagasakiko bonba nuklearren leherketaren eta Ozeano barean aurretik leherrarazitako proben ondorioz, mundu osora zabaldu zen elementu erreaktibo hori, eta mahasti eta mahatsetan ere pausatu zen. Erradioaktibitate hori kaltebera da gizakientzat, baina ardoan egoten jarraitzen du urte batzuk geroago, eta tresna oso zehatzek hauteman dezakete. Baina ardoan egongo da, baldin eta 1945etik aurrera botilatu bazuten. Ardoa aurrekoa bada, ez luke egon behar. Beraz, ehun urtetik gorako ardoa balitz bezala saltzen bada, baina zesio-137 badu… aha. Harrapatu egin dute Melhaseren lanari esker.
“Ea zer egin dezakezun 100 gramo uranio nitratorekin”
Margaret Melhase Berkeleyn (Kalifornia, Estatu Batuak) jaio zen, 1919ko abuztuaren 13an. Alaba bakarra zen, eta aita geologoa zuen. Kalifornia-Berkeleyko Unibertsitatean matrikulatu zen, eta ohorezko matrikularekin lizentziatu zen Kimikan. Graduondoko bat ikasi edo ez erabakitzen zuen bitartean, Glenn T. Seaborg-en zuzendaritzapean lan egiten zuen lankide batek (1951n Kimikako Nobel saria irabazi zuen uraniotik lortutako hamar elementu aurkitu eta aztertzeagatik) iradoki zion saia zedila berarekin lan egiten ere.
Hala egin zuen, eta erantzuna positiboa izan zen. Seaborgek leku bat egokitu zion campuseko eraikin zahar baten goiko solairuan, zeina “Arratoien Etxea” izenez ezagutzen baitzen, Margaretek urte batzuk geroago kontatu zuen bezala. Seaborg buru-belarri ari zen ikertzen uranioaren fisioaren ondoriozko elementuak, eta, 1941eko martxoan, uranio nitrato konposatu baten 100 gramo eman zizkion Melhaseri, ziklotroi batek neutroiekin irradiatutakoa. Ziklotroia partikula azeleragailu mota bat da, abiadura hori lortzeko tentsio handiak erabiltzea saihesten duena. Melhasek ordurako ezagunak ziren eta beren erradioaktibitatea berehala indargabetzen zen elementuak erauzten eman zituen hurrengo hilabeteak, batez besteko bizitza luzeagoa izango zuen elementu baten bila.
Lortu zuen materiala zesio gisa identifikatu zuten, eta gailu ohikoenekin neur zitekeen eta asteetan zehar egonkorragoa zen erradiazio maila zuen. Zesio-137 izena jarri zioten, eta haren batez besteko bizitza 30 urtekoa zela zehaztu zuten.

Sailkatutako aurkikuntza
Aurkikuntza oso erabilgarria zen, eta, erradioaktibitatearen garapenaren garai betean, berehala hasi ziren erabiltzen gerra proiektuetan eta medikuntzarekin lotutakoetan, besteak beste; hala ere, Melhasen izena ia ez zen aintzatetsia izan. Ahalmen militar handia zuen elementua zenez, aurkikuntzarekin eta haren garapenekin lotutako guztia sekretutzat jo ziren, eta urte batzuk geroago desklasifikatu zirenean, nabarmen hoztu zen kontu guztia. Hala ere, Seaborgek beti aitortu zuen eta azpimarratu zuen Melhasek zesio-137ren aurkikuntzan egin zuen lanaren balioa.
Berkeleyko Graduondoko Eskolan matrikulatzen saiatu zen, baina zuzendariak ez zuen onartu; izan ere, haren hitzetan, matrikulatu zen azken emakumea handik gutxira ezkondu zen, eta jarduera zientifikoa utzi eta “hezkuntza guztia alferrik galdu zuen”, Melhaseren alabak urte batzuk geroago azaldu zuen bezala. Enpresa batzuetan aritu zen lanean, eta 1944tik 1946ra bitartean Manhattan Proiektuan hartu zuen parte, zeinaren emaitza bonba nuklearra izan baitzen.
Berkeleyn Robert A. Fuchs matematikaria ezagutu zuen, dantzaldi batean, Margaret folk dantzaren elkarte bateko kide zen, eta mota horretako ekitaldiak antolatzen zituen. 1945ean ezkondu ziren, eta Margaretek Fuchs abizena hartu zuen. Handik gutxira Los Angelesera joan ziren.
Lan egiteari eta ikertzeari utzi, eta ama eta etxekoandre bihurtu zen, denbora osoan, nahiz eta oso aktibo aritu zen arlo sozialean: gosearen aurkako ekimenetan hartzen zuen parte, langile migratzaileen eskubideak eta bizi kalitatearen hobekuntza defendatzen zituen, Los Angelesen etxebizitza aurkitzen laguntzen zien.
Margaret Fuchs 2006ko abuztuaren 8an hil zen.
Iturriak:
- The Kitchen Sisters, How Atomic Particles Helped Solve A Wine Fraud Mystery, The Salt : NPR, 2014ko ekainaren 3a
- How to use radioactivity to authenticate a vintage, Radioactivity.eu
- Patton, Dennis D. (1999). History Corner: How Cesium-137 Was Discovered by an Undergraduate Student. Journal of Nuclear Medicine, 40, 4, 18N-31N.
- Margaret Fuchs Obituary (2006), San Francisco Chronicle
- , (2006). Margaret Fuchs — worked on secret atomic bomb project, SFGate, 8 septiembre 2006ko irailaren 8a
- Margaret Melhase, Wikipedia
Egileaz:
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko irailaren 11n: “Margaret Melhase, la estudiante de química cuyo trabajo sobre la radioactividad nos dice cómo de viejo es un vino“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.