Etorkizuneko surfa objektuen mugimendua menderatzeko
Surflariek ehunka metro egin ditzakete olatuen gainean. Baina haiek egin ditzaketen desplazamenduak, normalean, hiru norabidetara mugatuta daude. Orain, New Yorkeko Unibertsitateko ikertalde batek norabide anitzeko objektuen desplazamendua kontrolatu nahi izan du ur-uhinen mugimenduaren bidez. Ikertzaileek aurkitu zuten objektuak uhinaren hedapen-norabideari aurka egiteko gai zirela olatuen forma geometrikoa kontrolatuz. Aurkikuntza berriak atea irekitzen dio logistika ulertzeko modu berri bati, non ura etorkizuneko laborategiaren behin betiko zinta garraiatzaile bihurtu baitaiteke.
Geroz eta ohikoagoa da Euskadiko kostaldeak olatuen gandorren gainean trebetasun inbidiagarriz irristatzen diren surflariz betetzea. Duela milaka urte hasi ginen gizakiak ozeanoaren indar gordina baliatuz batetik bestera mugitzen. Orain, hain ezaguna bezain ikusgarria den estanpa horrek aurrekaririk gabeko lorpen zientifikoa iradoki du. Ikertalde batek lortu du fenomeno hori bera ingurune kontrolatu batean errepikatzea, baina eskala askoz txikiagoan. Ikertzaileak gai izan dira objektu bizigabeak olatuen bitartez nahita manipulatzeko esperimentuetan. Horretarako, «ur-pintza» berritzaile batzuk garatu dituzte. Teknologia horren bitartez, gai dira elementu flotatzaileak kontrolatu, atxiki eta mugitzeko, soilik likidoaren gainazalean sortutako uhinez baliatuz eta zuzeneko kontakturik behar izan gabe.

Berriki New Yorkeko Unibertsitateko Matematika Aplikatuko saileko ikertzaileek Physical Review Fluids aldizkarian argitaratutako artikuluak, fluidoen dinamika ulertzeko oztopoak gainditzeaz gain, urrunetik egiturak manipulatzeko oinarri teoriko eta esperimentalak ezartzen ditu, eta aukera liluragarriak zabaltzen ditu hainbat diziplina zientifikotan.
Olatuak laborategian menderatzeko gaitasuna
Ur-uhinen fisika eta horiek gorputz fisiko ezberdinekin duten elkarreragina aztertzea ez da diziplina berria. Hain zuzen ere, zenbait ikerketek frogatu dute mugitzen ari den urak objektuak mugitzeko gaitasuna duela, normalean uhin akustikoa edo ozeanikoa hedatzen den norabide berean bultzatuz. Hala ere, New Yorkeko Unibertsitateko zientzialarien helburua ezarritako ezagutza horretatik askoz harago joatea zen, eta ur-uhinen mugimenduaren bidez norabide anitzeko desplazamendua kontrolatu nahi izan zuten.
Mugarri hori lortzeko, zehatz-mehatz diseinatutako esperimentazio-ingurune bat eraiki zuten: 40 x 40 zentimetroko ur-tanke laukizuzen batean sartutako «hondartza txiki» bat irudikatu zuten, eta zentimetro erdi inguruko sakonerako ur-geruza mehe batez bete zuten. Ekosistema isolatu horretan, olatu txikiak sortzen zituzten mekanikoki bibratzen zuten barra murgilgarrien edo «olatu-sorgailuen» bitartez. Kasu horretan, itsasoan ez bezala, ikertzaileek olatuen forma geometrikoa kontrolatzeko aukera zuten. Bibrazio horien eta barra sortzaileen formen bitartez, ikertzaileek olatuen patroiak nahi bezala emulatzea eta zuzentzea lortu zuten.
Horrez gain, aparrez osatutako hondartzak erabili zituzten, eta argiztapen estroboskopikoko sistema sofistikatuak ere bai ur-korronteen eta zentimetro gutxi batzuetako objektu txikien arteko interakzio guztiak zehaztasun handiz monitorizatzeko. Horrela, Leif Ristroph artikuluaren egile nagusiak azaltzen duen bezala, «objektu flotatzaile bati ur-uhinak bideratzean, alboetara mugi dezakegula edo ‘pintzatzean’ bere lekuan zehatz manten dezakegula aurkitu genuen».
Olatuekiko perpendikularra den garraioa
Ikerketa honen aurkikuntza nagusia da objektu flotatzaileak, aurrez aurre bultzatzeaz gain, uhinetan zehar ere garraia daitezkeela, hedapen-norabidearekiko perpendikularki. «Ur-uhinen geometria kontrolatzeko garatu ditzakegun efektu harrigarri horiek partikulak eta egiturak manipulatzeko erabil litezke, haien mugimenduak eta posizioak guztiz kontrolatuz», dio Ristrophek. Hori da, hain zuzen ere, funtsezko aurrerapena: objektuak uhinaren hedapen-norabideari aurka egiteko gaitasuna du kasu honetan, surflari baten albo-mugimenduan edo belaontzi batek haizearekiko perpendikularki nabigatzen duenean gertatzen den bezala.
Ikertzaileek interes berezia zuten objektuak olatuen norabidearekiko alboz edo perpendikularki mugitzeko arazoan. Izan ere, artikuluaren egileak adierazten duenez, «hori olatuen norabide bereko bultzada zuzen bat baino sotilagoa eta desafiatzaileagoa da». Baina uhin soil batzuk zehaztasun handiko «pintza» bihurtzeko, zientzialariak ohartu ziren gakoa bibrazioen intentsitatea eta barra sortzaileen diseinua aldatzea zela. Kalibrazio horren bitartez, geometria ezberdineko objektuak mugitzeko eta erabat gelditzeko gaitasun fisiko harrigarria lortu zuten.
Lantegi likidoa: etorkizuneko aplikazio errealak
Aurrerapen hori garapenaren hasierako fasean dagoen «kontzeptu-froga» bada ere, oso itxaropentsuak dira teknika horren etorkizuneko proiekzioak. Ikerketaren egile den Ahmed Sherif-ek azpimarratzen duenez, «lortutako aurkikuntzak inpaktu izugarria izan dezake industrian zein merkataritzan zeharkako aplikazio ugaritan; hobekuntza potentzial handiak eskaintzen ditu garraio-ahalmenean eta egitura-atxikipenean». Garatutako sistemek etekina ekar diezaiokete hainbat aplikazio-eremuri; besteak beste, doitasun-ingeniaritzako berrikuntzei, ozeanoen monitorizazio-sistemen garapenari eta sendagaien diseinuaren industriari. Izan ere, esku-hartze fisikorik gabe substantziak mugitzeko gaitasunak ingurune hauskorretan kalteak eragiteko edota manipulatzailea kutsatzeko arriskua ezabatzen du.
Baina Ristroph artikuluaren egile nagusiak adierazten duenez, garatutako teknologia harago joan daiteke; «objektuak tanta flotatzaileak ere izan litezke, eta haien eduki kimikoak edo biologikoak nahas litezke erreakzioak edo farmazia-produktu berriak probatzeko». Azken finean, olatuak eskala mikroskopikoan menderatzea argi estroboskopikoen azpian ikuskizun bisual liluragarria baino askoz gehiago da. Ikerketa honek atea irekitzen dio logistika ulertzeko modu berri bati, non ura etorkizuneko laborategiaren behin betiko zinta garraiatzaile bihur baitaiteke.
Erreferentzia bibliografikoa:
Sherif, Ahmed; Smith, Jesse Etan; Ristroph, Leif (2026). Transverse transport and trapping of submerged structures due to water wave refraction. Physical Review Fluids, 11. DOI: 10.1103/6884-kzv4
Egileaz:
Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.