Margaret Hamilton: Lehenengo software-ingeniari anderea

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Ez da egia bakarrik gizonezkoen meritua izan zenik ilargira heldu izana. Emakume askok hartu zuten parte espazio-lasterketako lorpen horretan. Horien artean gehienak ezkutuan egon dira urte askoan, baina zorionez plazara ateratzen hasiak dira.

Horietako bat hartuko dugu gaur hizpide. Berak asmatu zuen “software-ingeniaritza” adierazpidea. Informatikako programazioaren ameslari aurreratua izan zen, eta berak saihestu zuen istripu ikaragarri bat, Apolo XI.a lurreratu zenean: Margaret Hamilton.

Margaret Hamilton
1. irudia. Margaret Hamilton, berak MITeko ekipo batekin batera Apolo egitasmorako diseinatutako nabigazio-softwarearen ondoan. (Argazkia: MIT)

Margaret Hamilton 1937ko abuztuaren 17.ean jaio zen Paolin (Indiana), Amerikako Estatu Batuetan. Matematikak ikasten hasi zen Michiganeko Unibertsitatean. Geroago, Earlham Colege izeneko erakundera joan zen. Bertan 1958.ean Matematiketan lizentziadun egin zen (Filosofia-diplomatura ere lortuta). Berak gelditu gabe ikasten jarraitu nahi zuen, baina zoritxarrez, bertan behera utzi behar izan zituen bere ikasketak eta bere senarrak karrera Harvarden buka zezan, matematika eta frantses-irakasle egon zen ikastetxe batean. Geroago, bere ametsari jarraiki, Bostonera joan zen, Brandeis Unibertsitatean matematika abstraktuak ikasteko.

Bere bizitza aldatzen hasi zen 1960. urtean MITeko Meteorologia Sailean lanean hasi zenean, Edward Norton Lorentz matematikari eta meteorologoaren zuzendaritzapean. Ezagumendu handia zuen matematiketan, eta are gehiago ikasi zuen irakasle horrekin. Gainera, izugarrizko ahaleginak egin zituen programazio-lengoaia batzuk bere kabuz ikasteko eta horri guztiari esker, LGP-30 eta PDP-1 ordenagailuen bidez denbora aurresateko softwarea diseinatu zuen beste langile batzuekin batera.

Geroago, SAGE (Semi Automatic Ground Environment) egitasmoan hartu zuen parte. Proiektua MITeko Lincon Laborategian garatu zen 1961 eta 1963 urteen artean. Hasiera batean klima aurreikusteko ahaleginetan ibili ziren, baina berehala hartu zituzten helburu militarrak. Egitasmo hartan, Margaretek diseinatu zuen lehenengo AN/FSQ-7 ordenagailurako softwarea, hegazkin “ez lagunak” Amerikako Estatu Batuetako aire-espazioan detektatzeko.

Misio militar honek arrakasta handia lortu zuen, eta ondorioz Hamiltonek aukera izan zuen MITeko Charles Stark Draper Laborategira sartzeko. Une hartan, oso egitasmo garrantzitsuan ari ziren lanean han, eta horrek betiko aldatuko zion bizitza Margareti: Apolo Egitasmoa. Emakumea berehala nabarmendu zen programazio-aditu gisa. Bere ekipoarekin batera, software bat diseinatu zuen Kontrol Moduluak eta Ilargi Moduluak funtziona zezaten. Ziur aski bera izan zen misioaren porrota saihetsi zuena. Izan ere, ilargiratu baino minutu batzuk lehenago, akats larri bat gertatu zen. Zorionez, softwarea diseinatua zegoen ezinbesteko funtzioei lehentasuna emateko, eta une jakin batean akatsak detektatuta beste funtzio batzuk bertan behera uzteko. Horrela, sistemaren gainzama bat saihetsi zen. Eta ilargiratu zen. Bere hitzetan:

“Ordenagailua akatsak konpontzeko diseinatu izan ez balitz, nekez ilargiratuko zen Apolo Ilargian”.

Margaret Hamilton
2. irudia: irudian: Margaret Hamilton, Apoloko Kontrol Moduluaren barruan. (Argazkia: MIT)

Akatsak detektatzeko eskarmentu horretaz baliatuz, 1976.ean Higuer Order Software entrepresa sortu zuen beste hainbatekin batera. Geroago, Hamilton Technologies sortu zuen 1986.ean, kasu honetan ere software-akatsak detektatzeko.

Bere garaian, programazioa ez zen zientziatzat hartzen, eta bera aitzindaria izan zen zeregin horretan. Gauza guztien aurka egin aritu zen, sendo eta zintzo, bere kabuz informatika-programazioa ikasiz. Berak sortu zuen programazioaren oinarria izango zena, eta berak software-ingeniaritza deituko zuena. Berak kontatzen du hasiera batean barrezka aritzen zirela bere lankideak izen hori entzuten ziotenean. Egun batean isildu egin behar izan ziren: zuzena zen termino hura, eta software-ingeniaritza zientziaren atal bilakatu zen.

Margaretek sari ugari hartu ditu bere bizitzan zehar: besteak beste, Exceptional Space Act Award (NASA), eta Presidentearen Domina (2006). Amerikako Estatu Batuetan zibil bati ematen zaion errekonozimendu handiena da azken hori.

3. irudia: Margaret Hamilton ingeniaria 1995.eko argazki batean. (Iturria: Wikipedia / Argazkilaria: Daphne Weld Nichols)

Beste alde batetik, sutsuki saiatu zen neskatoei eta emakumeei zientzia eta teknologia ikasteko kemena ematen. Hona hemen bere hitz argigarri hauek:

“Ez dugu ‘ez dakit’ esateko beldurrik izan behar, eta galdera sinpleak egiteko beldurrik ere ez. Galderak ez dira inoiz ergelak. Batzuetan zerbait ezinezkoa dela dirudi, adituek ere ezinezkoa dela diote, baina bidean aurrera egin behar dugu, batzuetan bakarka. Oker egoteko edo akatsak egiteko beldurrik ez dugu izan behar. Hain zuzen ere huts handiak egin dituztela onartzeko prest daudenak dira gero lorpen handienak bereganatuko dituztenak.


Egileaz: Aitziber Lopez (@lopez_aitzi) Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea.


Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola


Oharra: Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2017ko ekainaren 7an: Margaret Hamilton: “La Primera ingeniera de software”.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.