Ida Holz Bard (1935) ingeniaria: Uruguaitik mundura

Uxue Razkin

Uruguai eta munduko gainontzeko lurraldeak lotzen dituen zubi moduko bat da Ida Holz. Hori esatea, gainera, ez da gehiegikeria, bera “Internetaren ama” baita, bere herrialdean informatikaren arloan egindako lan aitzindariagatik da ezaguna. Haren aburuz, egindako lanak ez du berezitasun handirik, erantzukizunez jardutearen ondorioa dela dio; haatik, bere lorpenek beste zerbait adierazten dute.

2013. urtean, bere ibilbide zientifikoko gailurrera iritsi zen ingeniaria, Internet Hall of Fame-n lekua egin zion Internet Societyk; horrela, lorpen hori eskuratu zuen lehen latinoamerikarra izan zen. “Eskualdeko norbaiti eman behar zitzaion saria, eta ni nintzen guztion artean zaharrena”, azaldu zion Redacción 180-ri. Esandakoak honakoa baieztatzen du: ingeniari bikaina bezain xumea dela gure protagonista.

1. irudia: Ida Holz ingeniaria 2018. urtean. (Argazkia: Richard Paiva / UCUR)

70eko hamarkadaren hasieran, Uruguaiko informatika-ikasleen aurreneko belaunaldietakoa izan zen Holz, Errepublikako Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatean ikasi zuena. Esparru horretan sartzea lan neketsua izan zen; izan ere, berak elkarrizketa batean adierazi zuenez, “Uruguai oso herrialde kontserbadorea da, eta zaila da oso bertan aldaketak gauzatzea”.

Hala ere, 80ko hamarkadaren amaieran, bere herrialdeko posta elektronikoko lehen konexio egonkorra sortzea, eta, 1993an, Interneta Uruguai osoan zabaltzea erdietsi zuen. Gainera, Ceibal Egitasmoa bultzatu zuen, 2007an sortutako gizarte- eta hezkuntza- proiektua da, eskola-adineko haurrentzat eta eskola publikoko irakasleentzat eramangarrien erabilerak duen garrantzia islatzen duena, hain zuzen. Holzen ustetan, “ikastetxe pribatu bat ordaindu ezin duten” umeengana iristen den plana da eta halako tresna bat izatea beharrezkoa da, “haurrak ikertzaile txikiak direlako”.

Atzerritik Uruguaira

Ida Holz 1935ean jaio zen, poloniar jatorriko familia judu batean. 18 eta 22 urte bitartean Israel izan zuen bizitoki. Bertan, armadan eta kibbutz batean -nekazaritza-etxalde kolektibo bat- lan egin zuen. Uruguaira itzuli zenean, arkitektura ikastea otu zitzaion baina laster batean uxatu zuen burutazio hori; egunean zehar lan eginda, ezinezkoa izango zitzaion ikastea. Horregatik, Artigas Irakasleen Institutuan ikastaro bat egitea erabaki zuen, matematikak irakasteko xedez. Orduko matematika-logika irakasleak Errepublikako Unibertsitateak eskaintzen zuen konputazio ikastaro baten berri eman, eta bertan izena ematea iradoki zion. Halaxe egin zuen.

1964an, Anhelo Hernández artistarekin ezkondu zen eta, 1976an, biek Mexikora alde egin zuten, Uruguain 1985era arte iraun zuen diktadura ezarri zenean. Denbora horretan, kargu ugari izan zituen: Politika Ekonomiko eta Sozialeko Zuzendaritza Nagusian lan egin zuen eta urte batzuk igarota, Estatistiken Institutu Nazionalean aritu zen, esaterako. Ildo horri jarraiki, Mexikoko Gobernuak bertako zuzendaritza eskaini zion, baina Holzek nahiago izan zuen bere jaioterrira itzuli. Gauzak horrela, 1986an, Errepublikako Unibertsitateko Informatika Zerbitzu Nagusiko (SeCIU) zuzendaritzara heldu zen; lanpostu horrek informatikan aurrera egiteko balio izan zion, besteak beste. Hori gutxi balitz bezala, 2005ean, Gobernu Elektronikoaren eta Informazio eta Jakintzaren Gizartearen Agentziako (AGESIC-Agencia de Gobierno Electrónico y Sociedad de la Información y del Conocimiento) Ohorezko Zuzendaritza Kontseiluko kide izendatu zuten.

2. irudia: 2015eko urriaren 21ean, Uruguaiko posta zerbitzuak, Pertsona Ospetsuen serieko bi zigilu kaleratu zituen, horietako bat Ida Holz ingeniariaren omenez izan zen. (Argazkia: Errepublikako Unibertsitatea)

Internet Hall of Famen sartzeaz gain, informatika arloan egindako lana islatzen duen sari mordoa irabazi du bere bizitzan zehar. 2009an, adibidez, LACNIC-ek ematen duen Ibilbidearen Saria lortu zuen. 2014an, “Moña de Honor” izenekoa irabazi ere egin zuen, eta, urtebete geroago, bere omenez, Correoseko Administrazio Nazionalak “Uruguaiko pertsona ospetsuak” serieko zigiluak jaulki zituen haren aurpegiarekin. Era berean, duela hiru urte, Ceibal Planaren urteurrenean, bere ibilbidea omentzeko saria jaso zuen. Proiektu horrek oraindik bizirik darrai baina haren ustez, “irakasleak gehiago eta hobeto prestatu behar dira jada existitzen den eta etorkizunean izango den mundu baterako”.

Sare akademiko esklusibo baten beharra

85 urterekin, erretiroa hartuta, ez du bere karrera bukatutzat eman. Azken urteetan Uruguain ikerketarako sare esklusibo bat eratzen aritu da. Elkarrizketa batean azaldu zuen hori egitearen garrantzia: “Etxean darabilgun abiadura ez da egokia, sare akademiko aurreratuek zuntzaren zati esklusibo bat dute ikerketarako eta akademiarako, eta horiek ez dira mundu komertzialarekin lehiatzen”. Hala ere, badirudi Uruguaiko Telekomunikazioen Administrazio Nazionalak (Antel) oztopoak besterik ez dituela jartzen. Azaldu duenez, konpainia hori sektore publikoaren hornitzaile bakarra denez, “beti ikusi du sare akademikoa arerio gisa”.

Bere elkarrizketa batzuetan, Ida Holzek “aurrera egitearen eta akatsari beldurrik ez izatearen” garrantziaz mintzo da, “akatsetik asko ikasten baita“. Historian zehar zientziak erakutsi du huts egiteak aurrera eginarazten dizula ezinbestean. James Joyce idazleak zioen hanka sartzeak aurkikuntzaren atariak direla. Eta argi dago Holz horietako askotatik igaro dela.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>