Tina Negus: “Norbaitek nire fosila hartu du!”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Tina Negus zoologoak (Erresuma Batua, 1941), hamabost urte zituenean, teoria zoro bat proposatu zuen baina inork ez zion sinetsi, ez bere geologia irakasleak, ez bere jaioterriko museoko ikertzaileek. Hala ere, horrek ez zuen esan nahi oker zebilenik. Organismo konplexuen bizitza frogatzen zuen Charnia masoni fosil bat aurkitu zuen baina fosil hori bizia oraindik existitzen ez zen garaikoa zela gaineratu zuen, hau da, Kanbriarraurreko arokoa zela. Geroago egiaztatu zen Ediacararra garaian izandako bizimodua zela.

Tinak arrazoi zuen. Aurkikuntza paregabea izan zen, bere izena ez duena, konturatu zenerako fosila desagertu egin baitzen.

1. irudia: Tina Negus gaztetan. (Argazkia: Trowelblazers)

Txikitatik liluratu zuen fosilen ikerketak. Haren bizilekutik gertu (Grantham), harrobi huts bat zegoen eta han jolastea laket zitzaion; bertan, amoniteen eta belemniteen fosil ugari zeuden. Liburutegi publikoan igarotzen zituen ordu mordoxka; bertako liburuetan, fosilei buruzko azalpenak irakurtzen zituen eta, gainera, geologia, biologia eta paleontologia arloei buruzko liburu mardulak ikastea atsegin zuen.

Hamabost urte zituela, bere abentura zientifikoan pauso bat emateko xedez, Charnwoodeko basora joatea otu zitzaion; horretarako, gurasoei laguntzeko eskatu zien. Liburutegian irakurritako liburu batean baso zehatz hori aipatzen zela ikusi, eta bere kabuz egiaztatu nahi izan zuen lerro horietan deskribatzen zena. Negusek eskuz kopiatu zituen arakatu nahi zituen bazterrak; jarraian, egindako mapa hori poltsikoan sartu eta ahabiak biltzeko aitzakiaz, bideari ekin zion. Txango hartan, iratze baten hosto moduko fosil bat topatu zuen; erdiko nerbiorik gabeko fronde bat, alde bietan lumen antzeko folioloek osatzen zuten irudia, hain zuzen ere. Une hartan zur eta lur gelditu zen, izan ere, irakurritako liburuen arabera, fosil hori ez zen existitzen. Hura zen ezustekoa hura. Negus, aldiz, ziur zegoen begien aitzinean zuenaz.

Lapurreta bat

Aurkikuntza egin ostean, Negus zalantza izpirik ez zuela joan zen bere geologia irakaslearengana; ez zen erraza izango hura limurtzea baina sikiera saiatu behar zuen. Irakasleak Negusen azalpenak aditu eta berehala, modu oso zorrotzean ihardetsi zion: “Ez dago fosilik Kanbriarraurreko arroketan”. Alabaina, Negusek ez zuen amore eman eta hurrengo egunean bere aitonari bi orri eta arkatz bat eskatu zizkion iratze baten hosto moduko hori marraz zedin, irudi hori buruan atxikitzea ezinezkotzat jo izan balu bezala. Horren ondotik, figura hori poltsikoan zuela, museora joan zen, bertako bildumako piezaren batekin antzekotasunen bat ote zuen egiaztatzeko. Horretaz gain, aurretik hainbestetan irakurri zituen liburuak errepasatu zituen liburutegian, xehetasunen batek ihes egin ote zion jakiteko. Ez zuen ezertxo ere aurkitu eta horregatik erabaki zuen momentuz fosilaren afera alboratzea eta marrazturikoa karpeta batean gordetzea.

Handik urtebetera, 1957an, berriro ere jakin-minak animatu zuen zuhaizti hartara itzultzea. Leku berera iritsi zenean, ordea, fosila jada ez zegoela jabetu zen. Are gehiago, antza norbaitek fosil hori erauzi egin zuen! Negus harrituta eta etsita itzuli zen etxera; bere aurkikuntza lapurtu ziotelakoan zegoen.

2. irudia: Charnia masoni fosila. (Argazkia: Smith609 – CC BY 2.5 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Urteek aurrera egin zuten, eta Negus, 1961ean, Zoologian graduatu zen Readingo Unibertsitatean. Bi urtez, ur gezatako muskuiluen ekologia aztertzen jardun zuen baina, egia esan, fosil hura burutik kendu ezinean zebilen. Horregatik, bere garaian egindako marrazkiak eskatu zizkien gurasoei eta aipatutako unibertsitateko geologia departamentuan aurkeztu zituen. Bertan azaldu ziotenez, duela gutxi argitaratu berria zen Leicester Unibertsitateko Trevor Ford doktorearen lan bat honako izenburuarekin: “Charnwoodeko basoaren Kanbriarraurreko fosilak“.

Abentura berak batuta

Historiak gainazalean dagoena errazago ikusarazten digu sarri; haatik, gure dimentsiotik ihes egiten duen abenturarik ere bada: Roger Mason gaztearena, alegia. Inork ez zuen bere garaian jakin, ezta Negusek ere, baina Masonek ere ikertu zuen fosil hori, Negusek Charnwoodeko basoan aurkitu zuena, hain zuzen ere (Rogerren abizenak eman zion izena fosilari). Negusek ez bezala, Masonek lagun eta ezagun ugari zituen inguruan, Ford doktorea kasu. Behin aurkikuntza eginda, harekin harremanetan jarri, eta Fordek, bere ikertzaile taldearekin batera, erauzi egin zuen fosila. Honetaz gain, beste fosil batzuk ere aurkitu zituen, Charniodiscus concentricus deiturikoa, esaterako.

Inork ez du auzitan jartzen Negus eta Mason izan zirela istorio honetako benetako protagonistak: haiek, nork bere aldetik, Ediacararreko biota aurkitu zuten. Aurkikuntza honen ondoren, Negusek bere istorioa kontatu zuen 1997an argitaratu zuen liburu batean: The Fossil. Bere abenturari buruzko poema bat ere idatzi zuen, hemen irakur daitekeena. Era berean, bere antologia poetikoa 2012an argitaratutako On the other side lanean bilduta dago. Poeta izateaz gain, argazkilaritzan eta margolaritzan aritu zen.

Aurrerago, fosil honen istorio osoa ezagutzeko asmoz, Fordekin eta Masonekin harremanetan jarri zen Negus. Gainera, Fordek zein Masonek Charnia masoniren aurkikuntzaren 50. urteurrena ospatzeko hitzaldi batera gonbidatu zuten Negus, aurkikuntza horretan hark parte hartu izana ukaezina baitzen. Charnia masoni fosilak ez daroa bere izenik, baina behintzat jendeak gogoan tinko eutsiko dio Negusen historiari.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.