Alice Catherine Evans (1881-1975): Esnearen pasteurizazioa zen funtsa

Uxue Razkin

Bruzelosi gaitzaren identifikazioaren atzean emakume bat zegoen. Garai hartan, pentsatzen zen esnekiak manipulaziorik gabe kontsumituz gero, oso elikagarriak zirela. 1917. urtean Alice Catherine Evansek egiaztatu zuen esneak behien errapeetatik mikroorganismo ugari hartzen zituela, eta horren ondorioz, ganaduak pairatzen zuen Bang gaixotasunak (animaliek abortuak izaten zituzten Bacillus abortus bakterioaren kariaz) gizakiei eragin ahal ziela (Maltako sukarra deritzona; sukarra altua eta aldakorra ziren sintomak eta Micrococcus melitensis patogenoak sortzen zuen hura).
Aurkikuntza ez zen edonolakoa izan. Brucella bakterioak eragiten zuen gaixotasuna ugaztun ugarik ez ezik (behiek, ardiek, txerriek…), gizakiek ere pairatu zezaketelako, hau da, bakterioaren transmisioa gauzatzen ahal zela.

1. irudia: Alice Catherine Evans AEBtako Nekazaritza Departamentuko laborategian lanean. (Argazkia: 1910-1920 bitarteko irudia. Iturria: AEBtako Kongresuaren Liburutegia.)

Baina horra iritsi aurretik, zenbait pauso eman ziren tankerakoak ziren patogeno bi horien identifikazioan. Krimeako gerran (1853-1856), mediku ingelesek aurkitu zituzten Maltako sukarraren zantzuak. Patologia hori portuetan nagusi bazen ere, kontinenteen barrualdera iritsi zen. 1883an David Bruce medikuak bi urtetan gizakiak gaixotzen zituen patogeno hori identifikatzea lortu zuen: Micrococcus melitensis izena jarri zion. 1897an Bernhard Lauritz Frederik Bang albaitariak, bere aldetik, bakterio bat isolatu zuen gaixo zegoen behi baten uteroko exudatutik. Gaitz kutsakor horrek esnearen produkzioan galerak ekartzeaz gain, ganaduak abortuak sufritzen zituen. Bacillus abortus deitu zion bakterio horri eta ganadua gaixotzen zuen gaitzari, berriz, Bangen gaixotasuna. Halaber, Brucen taldean zegoen mediku batek, Themistocles Zammitek, ikusi zuen gizakia ahuntzetatik kutsatzen ahal zela animaliaren esne edo esnekiak kontsumitzerakoan.

Eszeptizismoaren gainetik

Aurkikuntza horien lorratza jarraitu zuen Evansek. Aurrerapauso horiek ematen ziren bitartean, bera Zientzia gradua ikasten hasi zen Cornelleko Unibertsitatean, New Yorken. Horren ondotik, ikastaro batean izena eman zuen unibertsitate berean. Horren helburua irakasleei natur-zientzietan egindako aurrerapausoak irakastea zen, gero haiek ezagutza hori zabaltzeko landa-eremuko euren ikasleen artean. 1909an bakteriologian espezializatu zen lehen emakumea izan zen. Urtebete beranduago, Wisconsineko Unibertsitateak beka bat eman zion Zientzietako masterra gauzatzeko. 1910ean bukatu zituen ikasketak eta erabakitzeko ordua heldu zitzaion. Ez zeukan dirurik doktoretza batean murgiltzeko, beraz, lanean hasi zen Estatu Batuetako Nekazaritza Departamentuan (USDA), esnekien alorrean. Hiru urte bertan igaro ondoren, kontratu mugagabea egin zioten. Berari zegokion esnearen eta gazten analisi bakteriologikoak egitea.

Bruce, Zammit eta Bangen lanak izan zituen hizpide Evansek Adolph Eichornek zuzendutako Patologia taldean. Emakume horrek berehala frogatu zuen gaixo zeuden behiak gai zirela Bacillus abortus bakterioa kutsatzeko esnearen bitartez eta Maltako sukarra eragiteko gizakietan. Lotura hori baieztatzea kostatu zitzaion. Batez ere, lankideek ez zutelako haren lana serio hartu bera emakumea zelako.

2. irudia: Alice Catherine Evans buruko isuri baten eraginez hil zen 1975. urtean baina National Women’s Hall of Fame erakundeak ez zuen jaso haren lana eta ekarpena 1993. urtera arte.

Hasieran, bere zeregina Cheddar gaztaren zaporea hobetzea izan zen. Baina ez zuen alboratu inoiz behiek pairatzen zuten gaixotasunen ikerketa, ezta bi patogenoen arteko lotura horren frogapena ere. 1918an publikatu zituen emaitzak Journal of Infectious Diseasesen. Urte berean, Estatu Batuetako Osasun Publikoko Zerbitzuan hasi zen lanean. Bertan, Espainiako gripea izan zuen ikergai baina Brucellaren inguruko lanarekin jarraitu zuen. Hasierako eszeptizismoak ez zion atzera egin eta bere tesia berretsi zutenean, gaitzari aurre egiteko esnearen eta esnekien pasteurizazio masiboa gomendatzen hasi zen. Modu horretan “hiltzen” zelako Brucella bakterioa, produktuaren mantenugaiak aldatu gabe.

1925ean, ganaduaren abortu infekziosoa ikertu behar zuen taldeko kide izendatu zuten. Bere lankide batzuk ez zeuden ados izendapen horrekin. Theobald Smith mikrobiologoak, Brucellaren aurkikuntzan lagundu zuena, esaterako, dimisioa aurkeztu zuen taldean egongo zela jakin zuenean. Urte berean, Evansi bruzelosia erantsi zitzaion; hogei urtez pairatu zuen gaixotasuna. Kasu honetan bitxiena bere aurkakoen erreakzioa izan zen: gaixotasun hori alegiazkoa zela leporatu zioten. 1928an, Amerikako Bakteriologoen Elkarteko presidente izendatu zuten (gaur egungo ASM), lehen emakumea izan zen kargu hori lortzen. Bi urte beranduago, Parisen antolatu zen Nazioarteko Mikrobiologiako lehen kongresuko ordezkari estatubatuarra izan zen. Bertan, bi emakume bakarrik izan ziren: Evans bera eta Lydia Rabinovich.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>