Alice Hamilton (1869-1970), Laneko Medikuntzan aitzindaria

Emakumeak zientzian

Gutxik esan dezakete aldaketa baten buru izan direla. Jende guztia noranzko berean zihoan garaian, Alice Hamilton medikuak buelta eman eta kontrako bidea hartu zuen.

Laneko gaixotasunak eta istripuak izan zituen bere ikerketen ardatz, langileek jasaten zituzten arriskuak ezagutzeko eta, beraz, murrizteko. Kezka handia sortzen zioten langileen segurtasunak eta osasunak, eta haiek babestuko zituzten lehen legeak onartzea lortu zuen. Harvardeko Unibertsitateak irakasle izateko kontratatu zuen lehen emakumea izan zen.

Alice Hamilton New Yorken jaio zen, 1869an, eta Fort Wayne hirian (Indiana) hazi zen. Montgomery Hamilton eta Gertrude Pond senar-emazteen seme-alaba guztiek ikastetxe onenetan egin zituzten ikasketak, familia aberatsekoak baitziren. Alicek txikitatik oso argi zeukan medikuntzan aritu nahi zuela, baina lanak izan zituen aita konbentzitzeko. Azkenean, bere asmoan tematuta, 1893an medikuntzan graduatu zen Michigango Unibertsitatean. Baina bere bokazioa ez zen kontsultan aritzea; berak ikertzailea izan nahi zuen. Curriculuma osatzeko, Mineapoliseko Emakumeen eta Haurren Ospitalean praktikak egiten aritu zen, baita Ingalaterra Berrikoan ere.

Alice Hamilton
1. irudia: Alice Hamilton, medikua. (Argazkia: National Library of Medicine – erabilera publikoko irudia. Iturria: Wikipedia)

XIX. mendearen amaieran, oso ohikoa zen zientzialari estatubatuarrak Europa aldera joatea, batez ere Alemaniara, euren karreretan trebatzen jarraitzeko. Hala egin zuen Alicek ere –halaber bere ahizpa Edithek, greziar kulturan eta mitologian espezializatu zen idazle ospetsuak–. Frankfurten, Munichen eta Leipzigen bakteriologia eta patologia ikastea lortu zuen arren (1895-1897), bai Alicek eta bai bere ahizpak diskriminazioa jasan zuten emakume izateagatik. AEBra itzultzean, Johns Hopkins Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean graduondoko ikasketak egiten jarraitu zuen, ikerkuntzako laguntzaile gisa. Bertan, Simon Flexner, geroago Rockefeller Institutuaren agintea hartuko zuen patologoarekin, eta William H. Welch eta William Osler zientzialariekin egin zuen lan.

Itzuli zenean, anatomia patologikoko irakasle lanetan hasi zen Northwestern Unibertsitateko Emakumeentzako Medikuntza Fakultatean. Ondoren, bakteriologo aritu zen Chicagoko Gaixotasun Infekziosoen Institutuan, 1909ra arte.

Chicagon finkatu bezain laster, lan osasunaren arloarekiko interesa sortu zitzaion. Hamiltonek asko ikasi zuen mediku lanetan arituta Hull House izeneko harrera etxean. Hull House Jane Addams gizarte langileak sortu zuen –Bakearen Nobel sariaren irabazlea 1931n–. Han, laguntza eskaintzen zieten Europako migratzaileei eta txirotasunean murgilduta baldintza txarretan aritzen ziren langileei. Alicek Osasunerako Hezkuntzari buruzko eskolak eman zituen, eta zenbait gaixotasun ikertzen aritu zen, hala nola sukar tifoidea eta tuberkulosia. Izan ere, gaixotasun horiek gogor astintzen ari ziren komunitatea, laneko baldintza txarren ondorioz.

Aitzindaria izan zen Lan Medikuntzan (ingelesez, Industrial Medicine; geroago, Occupational Medicine). Ordura arte, ez zen AEBn ikerketa lerrorik ireki. Bera izan zen aitzindaria: 1908an, gaiari buruzko lehen artikulua argitaratu zuen.

Alice Hamilton
2. irudia: Alice Hamilton 1947. urtean, bere etxeko lorategian. (Argazkia: Radcliffe Institute – Harvard University. Iturria: National Library of Medicine)

Bere espezializazioa zela eta, Illinoiseko Gaixotasun Profesionalen Batzordeko kide izendatu zuten –herrialdean sortu zen lehen ikertaldea izan zen hura–, lanarekin lotutako gaixotasunak ikertzeko. Zehazki, berunarekin, artsenikoarekin, merkurioarekin eta radioarekin lan egiteak zekartzan arriskuak aztertu zituen. Hainbat gomendio eman zituen, langileek kalte gutxiago jasan zitzaten, eta metal eta konposatu kimikoek pertsonentzat eta ingurumenerako dituzten ondorio kaltegarrien arriskuaz ohartarazi zuen. Berunaren bidezko pozoitzearen ikerketan aditua bihurtu zen. Halaber, lehergailuak fabrikatzearen ondorioei buruz ikertu zuen Lehenengo Mundu Gerran. Artikulu zientifiko asko idatzi zituen, bai eta bi liburu ere: Industrial Poisons in the United States (1925) eta Industrial Toxicology (1934).

1919an, sortu berria zen Harvardeko Industria Medikuntzako Departamentuak irakasle laguntzaile aritzeko kontratatu zuen. Erakunde horrek irakasle aritzeko kontratatu zuen lehenengo emakumea izan zen. Ezustekoa hain izan zen handia, ezen New York Tribune aldizkariak izenburu hau jarri baitzion albisteari: «A Woman on Harvard Faculty — The Last Citadel Has Fallen — The Sex Has Come Into Its Own». Hamiltonek, hala ere, diskriminazioa pairatu behar izan zuen. Bere arloan onena zen arren, batzuek ez zuten begi onez ikusten emakumea izatea. Kontratatu egin zuten, baina debekuren bat ezarri zioten. Adibidez, ezin zuen unibertsitateko graduazio ekitaldietara joan.

1924 eta 1930 artean, Nazioen Ligako Osasun Batzordeko emakume bakarra izan zen Hamilton. 1935ean erretiratu zen Harvardetik, baina irakasle emeritua izaten jarraitu zuen. Ondoren, AEBko Lan Arauen Dibisioko aholkulari medikoa izan zen. 1943an, bere autobiografia argitaratu zuen: Exploring the Dangerous Trades. 1947an, Zerbitzu Publikoaren Albert Lasker saria jaso zuen. 1995ean, zigilu bat sortu zuten Ameriketako Estatu Batuetako Posta Zerbitzuan, bere ibilbidea eta osasun publikoari egindako ekarpena oroitzeko. Alice Hamilton berak bultzatutako aldaketak gauzatuta ikusi gabe hil zen. Hil eta hiru hilabetera, Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak langileen egoera hobetuko zuen Laneko Osasunaren eta Segurtasunaren Legea onartu zuen.

Iturriak:


Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.