Haumea: eraztunen erreinuko azken kidea

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Oso ezaguna da 8 planetek osatzen dutela Eguzki-sistema, baina planetak ez ezik badaude beste objektu gehiago Eguzki-sisteman. Adibidez, Marte eta Jupiterren artean asteroide gerrikoa dago. Bertan, Zeres planeta nanoa aurki dezakegu. Neptunotik haratago objektu transneptuniano ugari daude baita. Bertan daude gaur egun ezagunak diren beste 4 planeta nano: Pluton, Eris, Makemake eta Haumea.

Azken hau lauetatik ezezagunena zen duela gutxi arte, baina duela hilabete batzuk denon ahotan egon zen, Andaluziako Astrofisika Institutuko ikertzaileek burutu duten lan batek Haumeak eraztun bat daukala topatu duelako. Eraztunen jaunaren, hau da, Saturnoren gidaritzapean dago orain Haumea.

1. irudia: Haumea planeta nanoa eta bere eraztunaren ilustrazioa[1]. (Argazkia: IAA-CSIC)

Nazioarteko Astronomia Batasunak esaten du astro batek planeta nano izendapena izateko ondorengo baldintzak bete behar direla: lehenik, Eguzkiaren inguruko bere orbita zuzena izan behar da, hots, ez da beste planeta baten satelitea izan behar. Bigarrenik, masa nahiko izan behar du bere grabitate propioak forma ia esferiko edo esferoidera konprimatu ahal izateko. Masa hori ez da ordea nahiko izan behar orbita garbia izateko. Azken honek esan nahi du beste gorputz batzuk daudela planeta nanoaren orbitan edo orbitaren inguruan. Izan ere, planeta nanoak ez du nahikoa grabitate indar gorputz hauek aldentzeko. Azken baldintza hau da planeta arruntetatik bereizten dituen ezaugarri nagusia.

2. irudia: Planeta nanoak eskalan, Lurraren tamainaren aldean. (Argazkia: NASA)

Eguzki-sistemako gorputz hauek behatzea oso zaila da. Alde batetik oso txikiak dira eta bestetik gugandik oso urrun daude. Planeta nanoak aztertzeko trantsituen teknika erabiltzen da gehienetan. Trantsitu bat, gorputz bat izar baten aurretik igarotzen den unean behatzean datza. Planeta nanoak, izar bat eklipsatzen dutenean behatzen dira beraz. Metodo honen bitartez, ondo baliozta daitezke planeta nanoaren konposizioa, tamaina eta abarrekoak. Honela jakin da hiru nano-planeta transneptunianoen aldean Haumeak errotazio abiadura handiagoa daukala eta oso luzanga dela. Beste izarren inguruan biraka dabiltzan exoplaneten ezaugarriak ere honela lortzen dira askotan.

2017ko urrian, Haumea izar baten aurretik igarotzen ari zela, Andaluziako Astrofisika Institutuko ikertzaileek lurreko teleskopioetatik begiratu zioten. Trantsitu haren behaketaz baliatuz, Haumearen elipsoide itxura zehaztu eta bere dentsitatearen eta albedoaren balioei mugak jarri zizkieten. Albedoa, gainazal batek jasotzen duen argi kantitatetik berriz atzera islatzen duen zatia da. Ez zuten atmosferarik detektatu planeta nanoaren inguruan baina bai eraztun bat. Ikertzaileek ondorioztatu zuten 70 kilometroko lodiera eta 2.287 kilometroko erradioa izan lezakeela eraztunak. Era berean, ikusi zuten eraztuna Haumearen ekuatore-planoan dagoela, bere periodo orbitala Haumearen errotazio periodoa baino 3 aldiz handiagoa dela, eta bere ilargirik handiena ere plano berean dagoela.

3. irudia: Saturnoren, hau da, eraztunen jaunaren eraztunen irudia. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech/Space Science Institute)

Eraztunen erreinua

Gure Eguzki-sistemako planeta ugarik dauzkate eraztunak. Saturno da erreinuko jaun eta jabe, berak baititu Eguzki-sistemako eraztunik ikusgarrienak. Hala ere, Jupiterrek, Uranok eta Neptunok ere eraztunak dauzkate. Azken eraztun hauek, ordea, Saturnorenak baino askoz ere finagoak eta argiagoak dira, eta ezin dira teleskopio arrunt batekin behatu.

Zer dira? Zertaz daude osatuta?

Planeta baten eraztun bat, hautsez eta milaka partikula txikiz osatutako eraztun bat da, planeta baten inguruan biratzen duena. Planetaren ekuatore-planoan kokatua egon ohi da. Eraztuna osatzen duten partikulen tamaina eta konposizioa aldakorra da. Silikatoz, hauts izoztuz edota ur izotzez osatuta egon daitezke, eta partikulen tamainak mikrometroetatik hamarka metrotara doaz.

Planeta batek sateliteak eta eraztunak baditu, eraztunak planetatik gertuago egotea da ohikoena. Batzuetan ordea, satelite txiki batzuk eraztunetatik gertu edota barruan egoten dira. Satelite hauek eraztun-sistemaren parte direla onartzen da eta artzain-ilargi deritze. Sateliteen eta eraztunen arteko grabitate-eragina dela eta, dentsitate ezberdinetako guneak sortzen dira; gune populatuagoak (partikula askodun eraztunak) eta gune hutsagoak (eraztunen arteko hutsuneak). Kasu hauetan, eraztun bakun bat izan beharrean, eraztun-sistema bat daukagu.

Planeten eraztunen artean Saturnoren eraztun-sistema da ezagunena eta lehendabizi begiztatu zena. Izan ere, Galileok ikusi baitzuen 1610. urtean. Ur izotzez dago osatua, eta zazpi zatitan edo eraztunetan, banatuta dago. Eraztun batzuk hutsune nahiko nabarmenez bereizten badira ere, beste batzuek ez dute hutsunerik euren artean, hau da, eraztun batetik besterako bidean partikula dentsitatea apur bat jaisten da. A, B eta C eraztunak dira lurreko teleskopioekin erraz ezberdindu daitezkeenak. A eta B Cassiniren dibisioaz bereizten dira. Hau ere, Lurretik ikus daitekeen eraztunen arteko hutsunea da eta bere izenak dioen moduan, Cassinik aurkitu zuen, 1675. urtean.

Jupiterrek ere eraztun-sistema bat dauka, baina ez Saturnorena bezain ikusgarria. Aurkitutako hirugarren eraztun-sistema izan zen, 1979. urtean, Saturnoren eta Uranoren sistemen ostean. Azken hau 1977an aurkitu zen, Jupiterrena baino lehenago. Jupiterren eraztun-sistema oso ahula da eta batez ere hautsez dago osatua. Hamahiru eraztun diskretu dauzka, gutxienez. Pentsatzen da sistema gaztea dela eta planetaren inguruan egondako zenbait ilargiren talken ondorengo pusketetatik sortua izan zela ziurrenik. Neptunok ere baditu eraztunak. Eraztun bereziak dira gainera. Hasiera batean pentsatzen zen ez ziotela buelta osoa ematen planetari, hau da, eraztunak izan beharrean arkuak zirela. Beranduago ikusi zen zirkunferentziaren baitan dentsitate ezberdineko zatiak daudela. Horren eragilea bere artzain-ilargi Galatea izan zitekeela esan zuten.

Eraztunak beste gorputzetan

Hasieran esan bezala, eraztun-sistemak ez ditugu bakarrik planetetan topatzen, Haumea planeta nanoan ere topatu baitira.

Hori baino lehen ordea, duela 5 urte, La Silla behatokitik Chariklo zentauroaren[2] trantsitu bat behatzen ari zirela, egiaztatu ahal izan zuten bi eraztunez osatutako sistema bat daukala zentauro horrek (ikus 4. irudia). Eraztun hauek oso dentsoak zirela ondorioztatzeaz gain, gutxienez artzain-ilargi bat daukatela ere ikusi zuten. Hau guztia, berria izan zen une hartan, lehenengo aldia baitzen halako gorputz batean eraztun-sistema bat topatzen zela. Gaur egun, gero eta kasu gehiago ezagutzen dira. Adibidez, Chiron zentauroak ere Chariklorenaren antzekoa den eraztun sistema bat daukala susmatzen da.

4. irudia: Chariklo zentauroaren eta bere eraztunen ilustrazioa. (Argazkia: ESO/L. Calçada/M. Kornmesser/Nick Risinger – skysurvey.org)

Adituen esanetan Haumearen eraztunaren aurkikuntza oso garrantzitsua da. Izan ere, eraztun sinplea eta bakarra bada ere, Eguzki-sisteman eraztunak ez direla orain arte pentsatu bezain urriak erakusten du. Haumea, eraztunen erreinuko kide berria dugu, baina ez azkena.

Oharrak

[1] Zientzian artistek burututako irudi grafikoei ilustrazio deritzegu kamerek eta instrumentuek hartutako irudietatik bereizteko.

[2] Zentauro: eguzkiaren inguruan orbitatzen duen eguzki-sistemako gorputz “txikia”, ezaugarri nagusi modura kometa-asteroidearen izaera bikoitza duena.


Egileez: Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) eta Itziar Garate Lopez (@galoitz) UPV/EHUko Fisika Aplikatua I Saileko irakasleak dira eta Zientzia Planetarioen Taldeko kideak.

1 iruzkina

  • […] Eguzki-sisteman, planetez gain, badaude beste objektu batzuk. Neptunotik haratago, esaterako ,objektu transneptuniano ugari daude. Bertan daude lau planeta nano ezagun: Pluton, Eris, Makemake eta Haumea. Eguzki-sistemako gorputz hauek behatzea oso zaila da. Alde batetik oso txikiak direlako eta bestetik […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.