Eguzki sistemaren ertzak geografo modernoentzat

Zure izena José Cardero edo Felipe Bauzá izan balitz, aukera izango zenuen oso ezagunak ez diren esplorazio batzuetan parte hartzeko. Izan ere, Sutil eta Mexicana goletak hainbat toki exotikotara joan ziren: Nutka, Alasca (horrela idazten baitzen garai hartan), edo Bahia Botánica.
Literaturak sortutako Barsoom izeneko toki hura, Carl Saganek deskribatu zuen Cosmos izeneko sortaren 5. atalean. Toki hura buruan zuela, Sagani burura etorri ohi zitzaion Chryse izeneko tokia. Viking Iek atera zion Chryseri argazki bat, Marten 1976an lur hartu zuenean. Fantasia izpirik ere galdu gabe, aurreko toki horiei lilurazko beste toki batzuk gehitzen joan beharko dugu.
Ilargi artzaina, irregularra dena, eta Saturnoren F eraztunean serpentina argi eta ilunak sortzen dituena. Argazkia: Cassini Imaging lantaldea, ISS, JPL, ESA, NASA.

1. irudia: Ilargi artzaina, irregularra dena, eta Saturnoren F eraztunean serpentina argi eta ilunak sortzen dituena. (Argazkia: Cassini Imaging lantaldea, ISS, JPL, ESA, NASA.)

Egun lilura eragiten diguten tokiak ez daude Lurrean, eta oraingoz ezin gara bertara iritsi gure espazio ontzi tripulatuetan. Hala ere, izen pizgarriak dituzte, zientzia fikzioak sortuak bailiran: Nebulosa Trifida, Kariklo, Oorten hodeia… hain zuzen ere, Eguzki Sistemako azken zonalde hauetan egin dituzte astronomoek bi aurkikuntza garrantzitsu. Horien karira, pentsa liteke badagoela planeta erraldoi bat Plutonez haruntz, eta era berean Saturnoren eraztunen antzerako batzuk dituen asteroide bat dagoela ustezko planetaren eta Uranoren artean.

Nature aldizkariak berriki plazaratu ditu bi aurkikuntza, gure Eguzki Sistemaren mugen inguruan. Hasteko, lehendabizi aurkitu dira eraztunak planeta ez den objektu batean.

Kariklo oso txikia da. Zentauro bat. Jupiter eta Saturno arteko zonalde zabalean barreiatuta dauden gorputz batzuk. 250 km-ko diametroa du gutxi gorabehera, eta nekez ikusten da teleskopiorik onenetan ere puntu distiratsu bat balitz bezala. Izan ere, kometen eta asteroideen arteko ezaugarriak ditu.

Hain zuzen ere honegatik nahastu ziren astronomoak, ez baitzuten jakin nola ulertu Karikloko izotza antzeman ez izana 1997-2008 tartean egindako behaketetan. Zientzialariek galdua zuten izotz-seinalea, eta seinalearen ordez, distiraren jaitsiera ulertezina antzeman zuten. Hori zela eta, uste zuten Kariklok ur turrustak igortzen zituela espaziora. Errealitatea ordea oso bestelakoa da, Kariklo kantoika baitzegoen antzemana izan ez zenean.

Aurkikuntza honetara iristeko, zortzi tokitatik begiratu izan da Kariklo izar baten atzean igarotzean. “Ezkutatze” esaten zaio fenomeno horri. Hasiera eta bukaerari dagozkienez gain, astronomoek ondo atzeman zituzten beste bi gertakari labur, azaltzen zailak.

“Datuekin gora eta behera ibilita, ohartu ginen Kariklo inguruko elipse modura kokatzen zela materiala, Saturnoren antzerako eraztun bat eratuz” dio José Luis Ortizek, Instituto de Astrofísica de Andalucía (IAA-CSIC) erakundeko kidea denak eta aurkikuntzan parte hartu duenak.

Ezkutatzearen argi-kurbak, piku handi bat eta bi piku txiki: hurrenez hurren, Caricio atzeko izarra ezkutatzen, eta bi eraztunak.

2. irudia: Ezkutatzearen argi-kurbak, piku handi bat eta bi piku txiki: hurrenez hurren, Kariklo atzeko izarra ezkutatzen, eta bi eraztunak.

Kariklon hain bitxiak diren eraztunek, 3-7 km-ko lodiera dute, eta ilun eta estua den zonalde batek bananduta daude. Baliteke ur solidoak eta ur likidoak osatua egotea.

Astronomoek hainbat hipotesi dituzte eraztunen jatorria azaltzeko. Hona zentzuzkoena: Gure ilargiaren kasuan bezala, objektu batek talka egingo zuen Karikloren aurka, eta inguruan sortuko zuen hondakin disko bat, bere kokapen horretan jarraituko zuena.

Horretan laguntzailea izango zen “satelite artzain” izeneko beste gorputz bat, artean aurkitu gabea.

Nemesisen bila

Are misteriotsuagoa da beste objektu bat. Hau ez dute zuzenean ikusi baina jakintzat eman dute badagoela, Oorten hodeian aurkitutako planeta txiki baten orbitan oinarrituta. Chad Trujillo eta Scott Sheppard ikerlariek, onartua dute “Superlur” bat, 2012 VP113 planeta nanoaren orbitari eragiten bide diona.

Mundu osoko astronomoak saiatu dira objektu hori antzematen eta Trujilok eta Sheppardek diote Lurra halako 10 izango litzatekeela. Neptuno aurkitu zutenetik ez dira ados jarri. Garai hartatik ikusia dago orbitaren irregulartasun bat, Neptunoz harantzagoko planetak egon litezkeela iradokitzen duena. Clude Tombaughek 1930ean aurkitu zuen Neptunoz harantzago dagoen Pluton planeta. Eguzki Sistemako bederatzigarrena zen, baina berehala ikusi zuten ez zuela Neptuno erraldoiari eragiteko bezainbesteko masarik.

Geroago, esan zen agian gure sistema binarioa izan litekeela, hau da, bi eguzki izan litzakeela. Bertan egongo litzateke bigarren izar bat, marroi kolorekoa eta garai hartan Nemesis izen liluragarria hartu zuena. Izar honek eragingo zituen bai Neptunoren ibilbide-aldaketak, bai eta Lurrean txandaka gertatu diren suntsipenak ere. Hori guztia lortuko luke bere izotzezko grabitateari eraginda, Oorten hodei liluragarriko milaka objektu Eguzki Sistemaren barne alderantz mugituz.

Gorputz horien artean dago aurkitu berri den 2012 VP113, 450 kilometroko diametroa duena, eta Lurra baino 10 aldiz urrunago dagoena Eguzkitik.

Pluton irudiaren erdialdean, berari atxekita Caronte satelitea duela. Eskuinerago, beste bi ilargi, 2005ean aurkituak. Argazkia: NASA, ESA, H. Weaver (JHU/APL), A. Stern (SwRI) eta HST.

3. irudia: Pluton irudiaren erdialdean, berari atxikita Caronte satelitea duela. Eskuinerago, beste bi ilargi, 2005ean aurkituak. (Argazkia: NASA, ESA, H. Weaver (JHU/APL), A. Stern (SwRI) eta HST.)

Iturriak:

F. Braga-Ribas et al. (2014): A ring system discovered around the asteroid-like object (10199) Chariklo. Nature 507, DOI: doi:10.1038/nature13155

Chadwick A. Trujillo y Scott S. Sheppard (2014): “A Sedna-like body with a perihelion of 80 astronomical units”. Nature 507, DOI: doi:10.1038/nature13156

——————————————————-

Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) (@ACTIVATUNEURONA) kazetaria da, eta artikulu hau Activa Tu Neurona blogaren kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin

——————————————————-

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>